Ikastolen Topaketak
IKASTOLEN TOPAKETAK - HEZKUNTZA LEGEZ ETA BIDEZ
Hezkuntza Legeaz eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaz aritu dira.
Hezkuntza Legeaz eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaz aritu dira.
Hezkuntza Legeaz eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaz aritu dira Ikastolen Topaketetan. EAErako Hezkuntza Lege baterako ikastolen iritzia ere plazaratu dute topaketen amaierako Ikastolen Adierazpenean.
Urteak dira ikastolek Hezkuntza Sistema Propioa eskatzen ari direla Euskal Herriarentzat, horrek bakarrik ziurtatuko duelako Euskal Herriko ikasleentzako besteak beste hezkuntza euskalduna, eleanitza, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, teknologia berrietan trebatua, kalitatezkoa eta ekitatiboa.
Era berean, xede hori lortzea oraindik ezin bada ere, bidean urratsak aurrera egin behar direla argi adierazi dute ikastolek. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege baten atarian egon gaitezkeen honetan, ikastolek lege hori bultzatzeaz gainera, hiru lurralde horietarako Hezkuntza markoak izan beharko lituzkeen gutxieneko ardatzak marraztu dituzte, eta azaroaren 25ean egindako Ikastolen Topaketetan, Ikastolen Adierazpena plazaratu dute hori dena azaltzeko.
Indarra titulartasunean jarri beharrean, zerbitzu publiko gisa antolaturik, denen partaidetzaz helburu orokorrak bideratzea proposatu dute, eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatuta, ikastolen proposamena jarri dute mahai gainean.
EHI Euskal Herriko Ikastolen lehendakari Koldo Tellituk azaldu dizkigu Hezkuntza legeak zer ezaugarri izan beharko lituzkeen.
Alde batetik, lehen esan bezala, “argi geratu behar da zer den Hezkuntza Zerbitzu Publikoa”. Bestetik, berriz, “euskaran ardaztutako eleaniztasuna bultzatu eta ziurtatu behar du”. Gainera, ezinbestean, “konpetentzietan oinarritutako euskal curriculuma bultzatu eta sustatu behar du”. Horri guztiari batu behar zaio, Tellituk azaldu duenez, “gure ikasle guztien emaitzak hobetzeko plangintza zehatza; alegia, bikaintasuna sustatu behar da”. Ikastolek “irakasleriaren funtzio berritu bat” ere aldarrikatu dute lege berrirako. Azkenik, berriz, ikastetxe guztientzako, titularitatea gorabehera, “baliabide ekonomikoen banaketa ekitatiboago bat” ere eskatu dute ikastolek.
Euskal Autonomia Erkidegorako balizko Hezkuntza Lege baterako ikastolek jarritako oinarrietan lehenak, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak, planteamendu berritzaile gisa harturik, azalpen sakonagoa merezi izan du ikastolen adierazpenean. EHIko zuzendari Imanol Igeregik hiru puntu nabarmendu ditu ikastolek gai honetan egin duten ekarpenean.
Eskubide eta betebehar berak
“Lehenik eta behin Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa nortzuk osatuko luketen zehaztu beharko litzateke; gure ustez, argi dago: finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek, titularitatea gorabehera, izan behar dute Hezkuntza Zerbitzu Publikoko partaideak”, azaldu du Igeregik.
Bigarren puntua ere zehaztu du: “Argi eta garbi ezarri behar da zeintzuk izango liratekeen ikastetxe horien betebehar eta eskubideak. Eta horretan ere, ikastolok argi daukagu: era bateko edo besteko ikastetxea izan, guztiek betebehar eta eskubide berdinak izan beharko lituzkete”.
Ikastetxeak bide horretan jartzeko zer beharko litzateke? “Alde batetik, noski, finantzaketa ekitatiboago bat, bestela ezinezkoa izango delako ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzea. Bestetik, berriz, ikastetxeak era demokratiko batean kudeatzea. Demokraziaz hitz egiten dugunean barrura begira eta kanpora begira ari gara. Hau da, barrura begira, titulartasuna hezkuntza atalean konpartituz. Eta kanpora begira, administrazioarekiko deliberamendu partekatua sustatuz. Horiek lirateke oinarri nagusiak gure proposamen honetan”.
EHUren paraninfoko Baroja aretoa mukuru zela Hezkuntza, legez eta bidez lelopean egindako topaketetan zerbitzu publikoaren dimentsioa aztertu zuten, definiziotik bertatik abiatuta, zerbitzu ikuspegitik eta lege ikuspegitik. EKAI ceneter-eko lehendakari Adrian Zelaiak eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko letradu Santi Merinok jardun zuten Hezkuntza Zerbitzu Publikoaz. Kataluniako 2009ko Hezkuntza Legea ere xehetu zuten, inguruan dugun eta gurearen antzeko egoera duen herrialde batekoa izanik erreferentzia gisa har daitekeena. Francesc Colomé-k, lege hura egin zuenetako batek eman zituen azalpenak.
ADRIAN ZELAIA eta SANTI MERINO
EKAI Center-eko lehendakaria; eta Euskadi Kooperatiben Goren Kontseiluko letradu
“Europako zerbitzu publikoen definizioari hertsiki loturik daude ikastolak”
Zerbitzu publikoaren definizioaz, eta zehazki hezkuntza zerbitzu publikoaren definizioaz mintzatu ziren Ikastolen Topaketetan EKAI center-eko lehendakari Adrian Zelaia eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko letradu Santi Merino. Publiko-pribatu bikotearen definizioa nola aldatu den eta egun zerbitzu publikoari zer eskakizun egiten zaizkion mintzatzeaz gainera, ikastolak hezkuntza zerbitzu publiko gisa betetzen duen funtzioa ere xehatu zuten.
Europako zerbitzu publikoen Liburu Zuria aintzat hartuta, Zelaiak Hezkuntza interes orokorreko zerbitzu gisa eta zerbitzu ez ekonomiko gisa ulertzen dela azaldu zuen, eta zerbitzu publikoaren kontzeptuarekin Europan azpimarratzen diren helburu kontzeptual batzuen garrantzia nabarmendu zuen: erabiltzaileen partaidetza, erabiltzaileen interesa eta erabiltzaileen boterea.
“Interes orokorreko zerbitzuen efizientzia eta eraginkortasuna oso modu zuzenean lotzen da erabiltzaileek duten boterearekin. Europatik maila kontzeptualean sustatzen diren ereduak oso lotuta daude ikastolen ereduarekin, gizarte ekonomiarekin eta eredu mutualistarekin lotuta dagoen neurrian”, esan zuen Zelaiak. “Alde batetik berebiziko garrantzia ematen zaio erabiltzaileen partaidetzari eta botereari, eta botere hori lotzen da erakunde bakoitzean erabiltzaile horiek duten boterearekin. Beste alde batetik, hainbat dokumentutan gizarte ekonomiak oro har hezkuntza alorrean izan behar duen pisua eta garrantzia zehazten da, eta bestetik ekonomia sozialaren barruan eredu mutualistak eta horren barruan kokatzen den ikastolaren ereduak duen garrantzia eta izan behar duen pisua”. Ondo kokatuta dago Ikastola, beraz. “Argi dago Europaren politiketan eta definitzen diren oinarrizko irizpideetan oso ondo kokatuta dagoela ikastolen eredua”.
Zelaiak definizioetan bezala, Merinok ondorioetan jarri zuen garrantzia. Hala, sektore publikoari eragiten dioten aldaketa handien garaia bizi dugula azaldu zuen. “Publikotasuna, zerbitzu publikoa, eraginkortasunean eta parte-hartzean oinarritu behar ditugu. Hobetu daitezkeen zerbitzu publikoek ez dute balio; hobetu egin behar dira. Era berean demokrazia ordezkatzailearen garaiak agortu dira, demokrazia parte-hartzailea behar da”, gaineratu zuen.
Hori bera hezkuntzara eraman daitekeela, eta eraman beharra dagoela esan zuen Merinok, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatuz, Hezkuntza Lege baten beharra azpimarratu zuen. “Ez dugu Hezkuntza Legerik, ez bederen Hezkuntza sistema guztia hartzen duenik. Beharrezkoa dugu legea, eta era berean zehaztea zer den sistema publikoan sartzen dena, hau da zein den euskal hezkuntza zerbitzu publikoan sartzen diren ikastetxeak”.
Jakina, Merinoren ustez egungo sare publikoa eta kontzertatuko guztiak sartuko lirateke. “Horregatik, begien bistakoa da, hezkuntza publikoaren eredu propioa definitu, koherentzia eman eta integratu behar dugu. Definitu, zehaztu eta ikastetxe guztien eskubide eta bete-beharrak ezarri, hezkuntza eragile guztien parte-hartzearekin”.
Eta, badaezpada, zehazten du: “Ez gara ari egun kontzertatua den sarearentzat finantzaketa gehigarriaren bila. Aitzitik, sistemaren integrazio bat, koherentzia bat da bilatzen dena. Egun publikotzat jotzen diren ikastetxeek kudeaketa gaitasun handia irabaziko lukete, gure ikastolen ereduak daukaten autogestio hori bera. Bestalde, ikastetxe guztiak sartuko liratekeen eredu publiko berri horretan, parekatze batera eta finantzaketa ekitatibora joan beharko litzateke, bakoitzak lituzkeen hitzarmen eta programa bereziak kaltetu gabe”.
FRANCESC COLOMÉ
Kataluniako Generalitateko Hezkuntza departamenduko Hezkuntza Politikarako idazkari ohia.
Ikastolen Adierazpena, osorik: http://www.ikastola.eus/berriak/8344
DESPIEZEA
Ordezkaritza andana
Ikastoletako ordezkari andana eta hainbat erakunde, elkarte, alderdi politiko eta sindikal elkartu ziren Bilbon, azaroaren 25ean, Ikastolen Topaketan. Besteak beste erakunde eta talde hauetako ordezkariak etorri dira: Eusko Jaurlaritza, EAJ, Sortu, EHbildu, EHIGE, BIHE, Sarean, Kristau Eskolak, Sortzen, Erkide, EIB, Kontseilua, LAB, Hik Hasi…
Nueva Declaración de las ikastolas
Las ikastolas han abogado por una Ley de Educación que incida en el carácter de Servicio Público de la Educación, independientemente de los centros sean públicos o concertados, durante los encuentros celebrados en Bilbo, el pasado 25 de noviembre. Durante estos encuentros se ha remarcado el cambio en los Servicios Públicos, que requieren ahora de más participación y más poder del usuario.