Kaskarotenea Ikastolaren afera
IKASTOLAK ZIBURUN JARRAITUKO DU
Eskola sartze berezia hamairu haurrentzat.
Elkartasun uholdea jasotzen ari da.
Irailaren 9tik Aurrera eguneko ehun euroko isuna ordaintzera behartzen duen epaiaren ondoren elkartasun uholdea ari da jasotzen Ziburuko Kaskarotenea ikastola. Horrek, ordea, ez du ziurtatu oraindik haren etorkizuna, egungo orubea utzi ahal izateko beste baten bila dabiltza.
Eskola sartze berezia izan dute Ziburuko Kaskarotenea ikastolako hamahiru haurrek. Ia egunero bisitan joan zaizkie Seaskako arduradunak, eta haiekin batera, Euskal Herriko hainbat eragile eta hedabideak. Beren inguruan sortu den zalapartak haurrei ez eragitea izan da guraso eta irakasleen helburua hasiera-hasieratik. Eta hein handi batean lortu dute. Lortu dute, haurrek naturaltasunez hartu baitituzte ezohiko bisitariak. Gurasoetako batek esana da, haurrek uste dutela ikastola guztietan jasotzen dituztela halako bisitak. Eta haurrek euskaraz hezten jarraitzen dute, ohiko egin zaien ezohiko egoera horrek ia eragin gabe.
Ikasturte hasierarekin batera iritsi zen berria: Paueko Auzitegiak Kaskarotenea ikastolak egun kokatua dagoen orubea utzi beharko zuela ebatzi zuen, eta irailaren 9tik aurrera, orube horretan jarraitzen zuen egun bakoitzeko ehun euroko isuna ezarriko ziola. Auzitegiaren epaia, Ziburuko auzapez Guy Poulouk ezarritako auzibidearen ondorioz iritsi zen. Epaia jakin eta gutxira, ikastolak bertan segituz gero argindar eta ur hornidurak eten eta babes hesia kendu egingo zuela mehatxu egin zuen Poulouk.
Egungo egoitza uzteko epaileak emandako epea agortu eta biharamunean, Kaskarotenera bisita egin zuten Ikastolen Elkarteko eta Seaskako ordezkariek. EHItik Koldo Tellitu lehendakaria eta Imanol Igeregi zuzendari nagusia joan ziren. Seaskatik, berriz, Paxkal Indo lehendakaria eta Hur Gorostiaga zuzendaria. Kaskaroteneko guraso, irakasle eta haurrekin egon ziren, Laida Mujika lehendakaria buru zutela.
Ikastolen ordezkariak Euskal Herriko ikastola guztien babesa adieraztera joan ziren, eta irailaren 9tik aurrera ordaindu behar dituzten isunei aurre egin ahal izateko ‘Eman egun bateko bizia Ziburuko ikastolari’ ekimena abiarazi zutela iragarri zuten. Ekimen horretan Euskal Herriko ikastola guztiek parte hartuko dutela gaineratu zuten, eta dei egin zien erakunde, elkarte, talde eta norbanakoei kanpainarekin bat egitera.
Konponbide bila
Ikastola ez da izan Poulouren gustukoa, ia sorreratik. Baina azken udal hauteskundeen ostetik areagotu egin da Kaskarotenearen aurka auzapezak eramandako kanpaina. Elkarrizketa bideak ere itxita eduki ditu, epaiak eragindako elkartasun adierazpen andanak ikastolako kideekin eta Seaskarekin auzia konpontzeko irtenbideez mintzatzera behartu duen arte.
Ikastoletako ordezkariak bertaratu eta hiru egunera egin zuten bilera. Kaskaroteneko gurasoek eta Seaskako ordezkariek hiru gune proposatu zizkioten auzapezari. Hiru aukera horietan gauzagarriena Zokoako gunean Kontseilu Nagusiak duen lur eremu batean kokatzea da.
Oraingoz erantzunaren zain diraute. Baina gauza bat argi daukate, leku batean edo bestean, Ziburun ikastolak jarraitu egingo duela, gurasoek hala nahi dutelako, eta Seaskarentzat ere estrategikoa delako. Hamabi haur ziren ikasturtea hasteko, azkenean hamahiru izan dira. Hamasei izango dira aste gutxi barru, eta heldu den urtean hogeita bat. Horrek berak adierazten du Kaskaroteneak hazteko duen proiekzioa.
Bitartean, konponbide baten zain, isun egunak pilatzen ari dira. Haurrek egungo orubean jarraitzen dute, ezohiko bisitariak lagun dituztela. Haien irribarreari begiratzea nahikoa da ikastolaren proiektuari kosta hala kosta eusteko.
Despiezea
ES37 3035 0059 88 0590731027
Kaskarotenea ikastolari irailaren 9tik aurrera egunero ezarri dioten ehun euroko isunak ordaintzen laguntzeko diru sarrerak egiteko kontu korronte bat ireki da. Ikastolak ari dira laguntza hori ematen, baita beste elkarte, talde eta norbanakoak ere. Hauxe da Euskadiko Kutxako kontu korronte zenbakia: ES37 3035 0059 88 0590731027