Arantzako Gazte egonaldiak
EUSKARAZKO KULTUR ESKAINTZAK
GAZTEENTZAT
Kultura eta aisia euskaraz bizitzeko proposamen zabala.
Gazteei euskarazko erreferentziak ezagutarazteko hedabide multimedia aitzindaria da Gaztezulo aldizkaria.
Badok.info-n ehunka musika talde eta bakarlariren ia bi mila disko eta hamabi mila abesti daude entzungai.
Gaztezulo aldizkaria eta badok.info webgunea ezagutu eta haien barne-muinak arakatu eta dastatzeko aukera izan dute uda honetan Arantzako gazte egonaldietan parte hartu duten gazteek. Kultura eta aisia euskaraz bizitzeko proposamen zabalena eta erakargarrienak dira biok gazteentzat, eta beti gazte direnentzat.
Gure gazteei euskaraz bizitzeko aukera emateaz gainera, euskaraz bizitzeko erreferenteak, kultur erreferenteak ezagutaraztea ezinbesteko giltza da, benetan euskaraz bizi daitezen; etxetik eta ikasgeletatik kanpo, kalean, elkarren arteko bizikidetzan eta euren gogoko gauzetan, aisialdian, kezketan ere euskaraz bizi daitezen.
Erdarek konkistatu dituzte lehen euskara nagusi ziren gazteen aisialdiko espazio asko, eta ozeano horretan gero eta zailagoa da euskarazko erreferenteak topatzea, bila joaten ez bada. Dinamika hori hautsi, eta erreferente horien bilaketan laguntzeko ez ezik erreferente horiek eramatea izan da Ikastolen Elkarteak aurtengo udako gazte egonaldietan jarritako helburua.
Hala, aurten lankidetza hitzartu dute Gaztezulo aldizkariarekin, gazteei zuzendutako euskarazko hilabetekariarekin. Lankidetza horren bitartez, gazteek aldizkaria, inprimatua eta webgunea ezagutu dute, eta tailerrak egin dituzte Arantzako udalekuan. Gaztezulo-k ia hamabost urte darama gazteen intereseko gaiak jorratzen. Musika aldizkari gisa sortua, iragan hamarkadaren erdialdera orotariko aldizkari bihurtu zen, eta Internetera eginiko saltoarekin aldizkari multimedia bilakatu zen.
Donostiako Bagera elkartetik sortua, gazte euskaldunen erreferentziazko aldizkaria da egun, eta kultura eta gizarte gaiak ardatz harturik, gazte euskaldunentzat erreferentzia euskaldunak plazaratzen ditu. Arantzako egonaldiko gazteek aldizkaria nola egiten den ezagutu zuten, eta bi hilabeteko harpidetza ere jaso zuten opari gisa.
Euskal musikaren ataria
Arantzako egonaldiko gazteek Badok.info webgunea ezagutzeko aukera ere izan zuten, baita webgunearen arduradun eta kudeatzaile Jon Eskisabel kazetariarekin ere hitz egitekoa, hantxe azaldu baitzen udako arrats bero batean. Webgunearen nondik norakoak azaldu eta entzuteko musika zerrendak egiten aritu ziren gazteak Eskisabelekin.
Berria Taldeak sortua, euskal musikagintza berriaren sorreratik (Ez Dok Amairu mugimenduaren hastapenetatik) honainoko entziklopedia modukoa da Badok.info, baina bertan dagoen fonoteka zabala kontsultatu eta nahi erara entzuteko aukera ematen duen plataforma ere bada Badok.info
Ehunka musika talde eta bakarlariren erreferentziak, biografiak eta diskografiak aurki daitezke; bi mila disko inguru eta ia hamabi mila abesti daude entzungai webgunean, eta haziz doan proiektua da, sortzen ari diren talde berriak eta diskoak labetik atera orduko entzungai baitaude webgunean.
Edonon eta edonoiz entzun daitezke, Interneterako sarbidea duen gailu guztietatik, izan ordenagailu, tablet edo oraindik telefono deitzen diogun poltsikoko ordenagailu eta multimendia jogailuan.
Badok.info, dena den, ez da gazteentzat berariaz sortutako proiektua. Aitzitik, adin guztietarako pertsonei dago zuzendua, eta horixe du altxorra, joan den mendeko 60.eko hamarralditik honainoko euskal musikagintza ezagutzeko eta dastatzeko aukera ematen duela.