Nagore Amondarain eta Anaiz Olzomendi
ZAZPIAK BAT ASTEBETEZ MAULEN
Amestu, mamitu eta gauzatu
Nagore Amondarain eta Anaiz Olzomendi dira "Elkarrekilan Zuberoan" egitasmoaren koordinatzaileak.
ANAIZ OLZOMENDI eta NAGORE AMONDARAIN
Elkarrekilan Zuberoan egitasmoaren koordinatzaileak
Goizeko ordu txikiak arte luzatzen ziren hezitzaileen balorazio bileretan, honako esana entzun genuen gau batean: “Askok, aspalditik, amesturiko udalekua egin dugu”. Astebetez izan ginen Mauleko Agerria etxean, aurreneko aldia izanik, bertatik bertara bizi beharra zegoelako udalekua. Euskal Herri guztiko 103 haur eta gaztek udaleku aitzindari honekin gozatzeko aukera izan dute, zazpi lurraldeetako ordezkariak izan ditugu, beraz.
Iparralde eta hegoaldearen arteko muga, ia-ia amildegi bihurtu dena, ezabatzea zen gure asmoa udaleku honen diseinuan genbiltzanean. Eta horretarako egin beharreko lana txiki-txikitatik egin behar zela argi genuen. Gauero egiten genituen bilkuretan helburua betetzen ari zela ohartzen ginen, sarritan ahalegin berezik egin gabe, harremanetan jartze hutsarekin, elkarbizitzarekin, bizipenekin, lortzen baita ezagutza eta adiskidetasuna. Baina horrez gain, udalekuaren antolaketa ere mugaren bi aldeetako elkarteen artean burutu dugu. “Elkarrekilan Zuberoan” egitasmoa Udaleku Elkartearen eta Ikastolen Elkartearen artean amestu, mamitu eta gauzatu da. Haur/gazteez gain, hezitzaile taldea ere iparralde eta hegoaldeko dinamizatzaileekin osatua egon da. Bi lan molde genituela ohartu ginen hasieratik baina oso aberasgarri izan da bi erakundeentzat elkarlan hau, elkarrengandik asko ikasi baitugu. Eta ikasteaz gain, bereizten gintuzten lan moduen gainetik igarota ber proiektu horretan elkartu ginelako. Eta garrantzitsua dena, aurrera ekiteko eta esperientzia errepikatzeko erabakia hartu dugu, dagoeneko.
Lurraldeen arteko harremanak sustatzea genuen helburu, baina horrez gain, udalekua burutuko zen lurraldea ere ezagutarazi nahi genien ikasleei. Zuberoako baliabide naturalak, kulturalak, bertako historia eta bertako egunerokoa nolakoa den erakutsi nahi genien. Hori erdiesteko programazio ez zen nolanahikoa: Mauleko gazteluan bisita gidatua egin genuen Allande Etxartekin, aterpetxean Gartxot filmaren emanaldia eskaini zen, krispetekin giroturik. Gibeletik Asisko Urmeneta etorri zitzaigun, filmaren nondik norakoekin solasaldi interesgarri bat eskaintzera eta gazteen zalantzak argitzen aritu zen. Aterpetxean bisita berezi gehiago ere izan genuen; Amaren Alabak taldekoen kantu gaua eta Xiberoko Botza irratikoen mikro inprobisatua. Hilabetez iragarritako hitzordu garrantzitsu bat zegoen Garindain herrian eta Petti Buhame pastorala ikustera joan ginen, nola ez ba! Aurretik Mixel Etxekoparrek pastoral baten azalpen musikatu eta entretenigarri bat eskaini zigun. Holtzarteko zubia, Kakuetako arroilak, Santa Engrazi herria… Mauletik haratagoko Zuberoa ere ezagutu dute gure gaztetxoek. Baina ezin genuen bertatik alde egin bertakoei eskertze txiki bat egin gabe, denak elkartu gaituen hizkuntza bertan bultzatu dutenak eskertu gabe. Eta horretarako Mauleko plazan omenaldi bat egin genien Ikastolen sorreretan lanean ibili ziren Zuberoako gurasoei. Ikusmin handia izan zuen ekitaldiak eta komunikabide andana hurbildu zen bertara, horrez gain, jarraipen estua egin ziguten hainbat komunikabidek, beraz, udaleku berezi honen estrategikotasuna eta interesa handia izan dela sinesteaz gain, ikusi ere egin dugu.
Udaleku Elkartetik eta Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldetik eskerrak eman nahi genizkieke aurreneko aldi honetan parte hartu duten familia guztiei, eragile, pertsona guztiei. Ametsa egi bihurtzen lagundu digutenei.