IKASTOLA 210 > elkarrizketak > Beasaingo Andramendi Ikastolako lehendakaria eta zuzendaria

EZ DITUGU ULERTZEN ERAGOZPENAK

Beasaingo Andramendi Ikastolako lehendakaria eta zuzendaria

Tere Irastortza eta Aimar larrea

Ez ditugu ulertzen DBH emateko jartzen ari zaizkigun eragozpenak.

Badute erabakimena, badituzte azpiegiturak, badituzte ikasleak; nahi dute eta ahal dute. Baina Eusko Jaurlaritza ezezkoan dago. Beasaingo Andramendi ikastolara joan gara DBH emateko azken ikasturteotan egiten ari diren ahaleginak eta jarri dizkieten eragozpenak jakiteko asmoz.

Beasaingo ikastolak bi krisialdi handi igaro ditu. Lehena publifikazio garaian jazo zen, eskatutako gehiengo kualifikaturik gabe Alkartasuna Lizeoa ikastola publifikatuta, ikastolaren proiektuarekin aurrera jarraitu nahi zutenak ordu arteko egoitzatik kaleratu zituztenean. Xume berrekin behar izan zioten, Haur Hezkuntzarako baimenarekin soilik, 1996-97 ikasturtean, Urbialde enparantzako eraikinean. Lehen Hezkuntzarako baimena lortuta, DBHrako ere eskatu zuten, eta horretarako baita Kilometroak antolatu ere. Baina Eusko Jaurlaritzatik ezezkoa eman zitzaien.

“Interpretazio kontu batengatik izan zen, DBH emateko Errege Dekretuak 1991 baino lehenagoko ikastetxeak aipatzen zituztela esanez, eta gurea geroagokoa zela. Baina guk, gure ikastola Alkartasuna Lizeoaren jarraipena zela defendatu arren, eraikina jarri zuten proiektuaren gainetik”, azaldu dute Aimar Larreak eta Tere Irastortzak, hurrenez hurren, Beasaingo Andramendi ikastolako lehendakariak eta zuzendariak.

Urte gutxian hazi egin zen ikastola, baina, 2001ean, 32 ikaslerekin bakarrik geratu ziren krisi gordin baten ondorioz; ikastolaren bigarren krisi handia. “Kolpe latza izan zen, baina aurrera atera ginen. 2012rako 230 ume bagenituen berriro. Orduan berrekin genion DBHko eskaerari”, dio Irastortzak.

“Oraingoan ez zegoen interpretazio aitzakiarik. 2010ean beste Errege Dekretu bat atera zen, eta betetzen genituen baldintzak”. Bai, baina horrek ez zituen eragozpenak desagerrarazi. “Ikastolara etorri ere ez zen teknikari baten kontrako txostena zuen Eusko Jaurlaritzak”, orduan agintean PSE-EE zegoela. Gobernu aldaketak ere ez zuen onurarik ekarri. “EAJren Jaurlaritzaren lehenbiziko ezetza, gerora aitortu zutenez, arduradunak jakin gabe beste batek emana izan zen. Egoera hori konpontze aldera, beste prozesu bat irekiko zutela esan ziguten”. Eta egin zuten, eta ezezkoa etorri zen berriro.

Arrazoi teknikoak argudiatzen dituzte ezezkorako: “Esan digute ez dela eraikin independentea. Baina sarrera irteerak independenteak ditu, eta gure gelak hezkuntzarako erabiltzen dira soilik. Esan dute, baita ere, DBHko gelak ez liratekeela egungo eraikinarekin lotuta egongo. Kanpoko eskailera batzuekin komunikatzen dira, ordea”.

Eusko Jaurlaritzak baldintza horiek zorrotz betearaziko balitu, ordea, Beasainen bertan beste ikastetxe batzuek ez lukete baimenik edukiko. “Ikastetxe publikoan, DBHko lehen hiru urteak eraikin batean egiten dira, eta laugarrena, aldiz, eraikin horretatik bi kilometrora dagoen beste batean. Era berean, Beasainen dagoen Helduentzako Hezkuntza Ikastetxea, ez dago eraikin independente batean, etxepe batean baizik. Eta legeak, gainera, dio HHIak ikastetxe publiko baten eraikin barruan egon behar direla”.

“Ez ditugu ulertzen DBH emateko Eusko Jaurlaritza jartzen ari zaizkigun eragozpenak”, errepikatzen dute, “ez bada Beasainen ikastola garatzen eragotzi nahi dutela, aldez edo moldez”, diote. “Ikastolaren komunitateak nahi du, azpiegiturak baditugu, Udalaren babesa ere badugu; baimena falta zaigu soilik. Ez dugu ulertzen. Ikastolaren garapenaren aurka doa, gurasoek haurrak hezteko eredua aukeratzeko askatasunaren aurka doa… krisi garaiotan, familiei gastuak biderkatzen dizkiete, Lazkaora joan behar baitute haurrek ikastolan jarraitzeko, eta ez dituzte aintzat hartzen sortuko liratekeen lanpostuak ere”.

Ez dute etsi, hala ere. Eta egitasmoari eusten diote. Sinadura bilketa ari dira egiten Beasainen, eta milaka lortu dituzte. Era berean, gainontzeko ikastoletara ere hedatuko dute sinadura bilketa: “Ez, ez; ez dugu etsiko lortu arte”.

Despiezea

Aizkolarien txapelketa ikastolaren alde

Aurtengo Euskal Herriko lehen mailako aizkolarien txapelketako finala Beasaingo Andramendi ikastolak antolatuko du. Urriaren 26an izango da Beasaingo Antzizar pilotalekuan. Ekitaldia eguerdiko 12etan hasiko da, aizkolari hauekin: Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Floren Nazabal, Jose Mari Olasagasti, Joseba Otaegi eta Unai Otaño. Kirolariek 54 ontzako 4 enbor, 60 ontzako 4 enbor eta 72 ontzako 4 enbor moztu beharko dituzte.

ikastola 210
2014 Urria
210