GARAPEN PERTSONALERAKO GILTZARRIAK
Autonomia eta ekimen gaitasunak lantzea dira giltzarriak
Ana Gandarias Sáez
ALBOR-COHS taldeko hezkuntza aholkularia
Menendez-Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean
Psikologia Masterreko irakaslea
www.gac.com.es
Ikasle batek autonomia ohiturak eta gaitasunak garatu behar dituela diogunean zera esan nahi dugu: bere buruaren jabe izan eta ingurumarira egokitzeko eman beharreko pausoak bere kabuz emateko gai dela; eta, horretarako, bereganaturik dituela beharrezkoak diren gaitasun kognitiboak, bitartekoak eta kontrol emozionala.
Pauso hauek eman, edo beste hainbat ekimen bere kabuz burutzeko gai izateak, bestalde, eragin zuzena izango du gaztetxoaren garapen pertsonal eta sozialean. Gaztetxo batek ekimen bat burutzen duen aldioro ongizate emozio bat senti dezake, edo kontrakoa. Ekimenak baloratzeko orduan, beren familiartekoek, irakasleek edo berarentzat garrantzitsuak diren helduen irizpideak jarraituko ditu. Eta bidenabar, bere kideei ere jarriko die arreta, ekimen horiek nola burutzen dituzten ikusteko. Gisa horretan joango da bere formaziorako hain garrantzitsuak diren esperientziak pilatzen eta bere buruari buruzko irudia edo iritzia osatzen: “gai naiz/ ez naiz gai”… “badut horretarako gaitasunik/ ez dut gaitasunik…” usteak bere egiten.
Heldu batek gaztetxo baten edo haur baten jarduera bat baloratzen duenean, emozio bat adierazten du eta haurrak edo gaztetxoak emozio horren jabe egingo da; eta, etorkizunean, burutuko dituen jardueretan erabiliko du.
Gaztetxoari edo haurrari eguneroko bizimoduko jarduerak modu autonomoan planifikatzen badizkiogu, arazoei aurre egiteko beharrezkoak dituen gaitasun kognitiboak garatzen lagunduko diogu, eta erabakiak hartzen erakutsiko: zer egin behar dut?, nola egin behar dut?, noiz?, zer beste aukera ditut?, zein da une honetan egokiena den aukera, eta aukera hori ezinezkoa bada, ba al dut beste biderik?
Helduek gaztetxoei edo haurrei egoerari egokitzeko gaitasunak eta ohiturak nola erakusten dizkien begiratzen esan daiteke: beste hitz batzuetan esateko, hezteko hiru estilo ezberdin daudela, alegia.
Lehen jarreraren arabera, hezitzaileek oso eroapen gutxi erakusten dute gaztetxoaren edo haurraren sufrimenduaren aurrean, eta hauek egoera deseroso batean ikuste hutsarekin gaizki sentitzen dira, angustiaz beterik. Hezitzaile hauek ez diote mesederik egiten gaztetxoari edo haurrari eta beren kabuz arazoei aurre egiteko aukerak murrizten dizkiete.
Beste hezitzaile batzuk, berriz, uste dute gaztetxoak bere ingurura egokitzen ikas dezan gauzak ahal dituen ondoen egiteko eskatu behar zaiola; eta honek egiten dituen hutsegiteetan jartzen dute arreta, gaizki egin duela gogaraziz eta zer zuzendu behar duen esanez. Gaztetxo hauek, garbi dago, esperientziak pilatzen badakitela, jarduera asko beren kabuz egiten saiatzen direlako. Baina, gauzak gaizki egiten dituzten bakoitzean, hezitzaileak haserretzen ote diren sentipena dute. Ondorioz, beren buruari buruzko iritzi oker bat garatzeko arriskua dute; ez ote diren gauzak ondo egiteko gai pentsatzen has daitezke. Eta bidenabar, gauzak ondo egiten dituztenean, bakarrik, sentituko dira ondo.
Hirugarren jarrerako hezitzaileak gaztetxo edo haurrarengan konfiantza handia dutelako nabarmentzen dira. Helduek uste dute ez dutela gaztetxoen edo haurren ordez ezer egin behar; eta ez dutela, gainera, eurei gustatuko litzaizkieken moduan egiteko esateko aginpiderik ere. Umeari edo gaztetxoari berari uzten diote, ondorioz, beren ekintzak juzgatzeko eta aurrerantzean nola egin behar dituen erabakitzeko ardura. Gaztetxo edo haur hauek segurtasunik gabe aurkitzen dira, ez dutelako helduen irizpiderik ezagutzen. Gidaririk ez dutenez, beren ekintzak okerrak edo akasdunak izateko arriskua dute, eta ereduak, askotan, beren kideen artean aurkituko dituzte.
Beraz, babes gehiegizkoa, eskakizun gehiegizkoa, edo inhibizioa, hiru jarrera horiek kaltegarriak dira autonomiarako bidea galarazten baitute, eta segurtasun falta eragin baitezakete gaztetxoengan.
Heziketaren funtsa gaztetxoei eta haurrei esperientzia ezberdinak bizi ditzaten bideak erraztea da; eta horretarako, ezinbestekoa dute beren kabuz pausoak ematen ikastea. Horrela, bakarrik, sentituko dira ondo, eta lortu dituzten emaitzez harro. Gaztetxoak edo haurrak, ondorioz, edozein egoerari aurre egiteko prestaturik izango dira, aldez aurretik beste hainbat egoerari aurre egiteko gai izan direlako.
Galdera da: noiz hasi behar dugu autonomia gaitasunak lantzen? Lehenbailehen hastea ezinbestekoa da. Zein dira gaitasun horiek lantzen hasteko orduan irizpide nagusiak? Lehenik eta behin eroapena behar da, gaztetxo batek esperientziak pilatzeko denbora behar baitu. Bigarrenik, iraupena behar da. Hirugarren irizpidea zera da, esatea baino eraginkorragoa dela bizitzea. Confuciok hala esaten zuen: “Entzundakoa ahaztu egiten dut, ikusitakoa gogoratu; eta egindakoa, ikasi”. Horregatik, zer egin behar duen esatea baino eraginkorragoa da, bere esperientziak bizi ditzan ikasketa planifikatzea.
Bainan badira kontuan hartu beharreko beste hainbat irizpide ere: gaztetxoa ulertzea eta konprenitzea ezinbestekoa da. Eman beharreko mezuak argiak eta laburrak izan behar dute. Zer egin behar duen, noiz eta nola egin agertzeko orduan, hizkuntza zuzena eta argia behar du izan. Eskakizunak dosifikatu egin behar dira. Kritikak egin ordez, proposamenak egitea eraginkorragoa da.
Laburbilduz esango nuke, heziketaren ardatzak hauek direla: eroapena, iraupena, ulermena eta lasaitasun egoera bati eustea.