EKI proiektua ikasgelan
LEHEN IKASTURTE ARRAKASTATSUARI JARRAIPENA EMATEKO PREST
Ikasturte honen hondarrean, balantzea.
Eredu pedagogiko berri eta berritzailea jarri da martxan aurtengo ikasturtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan, EKI proiektuaren bitartez. Ikasturte honen hondarrean, balantzea egiten hasita, esan daiteke arrakasta handiz txertatu dela EKI DBH 1eko geletan. Heldu den ikasturtean arrakasta hori berresteko prest da dagoeneko DBH 2rako proiektua.
EKI proiektua ez da ikasmaterial berri huts bat. Harago doa, eredu pedagogiko berri bat biltzen du bere baitan, hezkuntza paradigma aldaketa. Euskal Curriculuma garatzen du, konpetentzietan oinarrituta eta integrazioaren pedagogiaren bitartez. Aurten hedatu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletara, eta, mailegu sistemaren ondorioz, heldu den ikasturtean Nafarroakoetara iritsiko da.
Ikasturtea amaitzen ari dela, behin betiko balorazioa egin ezin daitekeen arren, ikastoletara bidalitako galdetegien erantzunak berretsi egin dute aurreikusitakoa, alegia, harrera eta emaitza onak izan dituela EKIk ikastoletan. Arrakastaren giltzetako bat izan da prestakuntza, ikasmaterial berri hauen, eredu pedagogiko berri honen prestaketan aurretik egindako lana: “Proiektuaren planteamendua eta lanketa azkeneko bost urteetatik datoz. Azken batean, zuzendariekin eta ikasketa buruekin aurrera eramandako prestakuntzaren bitartez, EKAren bitartez, etorri gara apurka apurka honaino. Eta materialaz gain, besteak beste lanketa eta sentsibilizazio horren eraginez, lortu dugu EKI proiektua ikastola guztietara eramatea”, azaldu du Ikastolen Elkarteko DBHko koordinatzaile Manu Aurrekoetxeak.
“Erabilera masiboa izan da EKIk proposatzen dituen sei arloetan, eta orain egin diren galdetegi eta inkesten emaitzak ikusita, gauzak hobetzeko baditugun arren, arrakasta handiko proiektu bat izan dela berretsi dugu. Baina argi utzi behar dugu EKI ez dela proiektu itxi bat; aitzitik irekitzen ari garen proiektu bat da. Denon artean eraiki behar dugun proiektua baita”, zehaztu du Aurrekoetxeak.
Edukiak, konpetentziak, ebaluazioa…
Berrikuntza asko ekarri ditu EKIk: “Edukiak ikastea baino gehiago, ikasitako eduki horiek bizimoduko aspektu edo egoera guztietan erabiltzen ikastea xedetzat edukitzea da berrikuntza nagusietako bat”. Alegia, konpetentziak eskuratzea, ikaslea konpetente egitea. “Badaude beste ekarpen batzuk: ikaslearen profiletik abiatzea, jakitea 16 urterekin, derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan, gure ikasleek zer behar duten; gaurko gizartean beharrezkoa den konpetentzia digitala lortzea ere berrikuntzetako bat da, IKTak ez izatea gauza osagarri bat, baizik eta arlo guztietara eramatea, egunerokotasunean kokatzea”, dio Aurrekoetxeak.
Ebaluazio sisteman ere berrikuntza dakar EKIk. Gai honetan ere, Aurrekoetxeak lehenago emandako ideia batean sakontzen du, alegia, elkarrekin garatu beharreko proiektua eta lanketa dela: “Gure asmoa ez da izan ebaluazio sistema goitik behera ezartzea. Aitzitik, prozedura guztion artean eraiki behar dugu; irakasleekin, ikastolekin, ikasketa buruekin… Aurten abiapuntua egin dugu, hurrengo urteetan joango gara hori sistematizatzen, eta nik itzelezko ilusioa daukat hori oso ondo egingo dugun gauza bat izango dela. Ikastoletan egingo dugun gauza bat izango da bereziki, eta horrek marka bat ezarriko du. Ez dugu ahaztu behar ikastola ereduak bere ereduari dagokion curriculuma eraiki behar duela. Curriculum planteamenduak malguak dira, aldakorrak dira, urterik urte edo etapaz etapa aldatu eta moldatu egin behar dira, eta oraingo honek balio izan behar digu hurrengo urteetarako erreferente izateko gure ikastolentzat. Guk ikastola guztiekin landuko dugu proposamen bat, eta ikastola bakoitzak egokituko du bere toki eta bere ezaugarrietara”.
Planteamendu berriak nola eragin die ikasleei? Aurrekoetxeak, galdetegien emaitzak ikusita, azpimarratu du ikasleak motibatuago daudela: ”Batetik, erabiltzen diren teknologiak elementu motibagarriak direlako; gailu horiek dagoeneko ez dira aisiarako soilik, baizik eta lanketa bat egiteko: dela informazio bila, dela aurkezpen bat egiteko, edo aurrekontu bat egiteko… Eta horretan, oro har, ikasleak motibatuagoak egon dira. Noski ikaslez ikasle lanketa sakonago bat egin behar da ondo ebaluatzeko, baina, oro har, ondo hartu dute materiala. Ikasleek, gainera, ikasturte hasieratik dakite zein helburu lortu behar duten, eta auto-erregulaziorako proposamenak ere badaude, ikaslea ohar dadin helburu horiek lortzen ari den edo ez”.
EKI digitala
Konpetentzia digitala ikastola guztietan ari dira lantzen da jarduera batzuen bitartez. Arlo guztietan lantzen dute konpetentzia digitala. Baina EKIk beste aukera bat ere irekiko du aurki, ikasmaterial guztiak digital izatea, alegia, euskarri guztia digitalean eskaintzea. Elgoibar, Arizmendi, Haurtzaro eta RM Azkue ikastoletan aurten modu esperimentalean hasi dira erabiltzen EKI digitala. Datorren ikasturtean esperientzia beste ikastola batzuetara hedatuko da. “Une honetan egiten ari garen jarraipenarekin, ikastola hauetan ikusten ari dira itzulerarik gabeko bidean sartu direla. Beraiek jada ez dute pentsatu ere egiten paper euskarrira itzultzea, osotasunean digitalean lan egitea baizik”, azaldu du Aurrekoetxeak. Ez zuten uste konbentzimendu hori hain azkar iritsiko zenik, naiz eta espero zuten digitalaren aldeko apustua iritsiko zela. “Horrek frogatzen du egindako proposamena zuzena izan dela, egindako eskaintza zuzena dela eta egiten ari garen bideak, euskarri desberdinetan, bide zuzena direla etorkizunerako”.
EKIren esperientzia ikastola batean
Manu Aurrekoetxeak argazki globala aurkeztuta, IKASTOLA aldizkariak ikuspegi lokala ere jorratu nahi izan du. Orotara 47 ikastolatan hasi dira EKI lantzen. Horietarik bat da Oiartzungo Haurtzaro ikastola; EKI digitala ere landu duen ikastoletako bat da, gainera.
Pili Lizaso ikasketa buruarekin, Josune Saizar koordinatzailearekin eta Josu Arotzena Natur zientzien irakaslearekin jardun dugu. Haurtzaron, ikastola guztietan bezala, argi zeukaten DBH1eko irakasle talde osoak hartu behar zuela parte EKI proiektuan: “Erabaki genuen talde bezala proiektuan denok murgiltzea. Eta horrekin batera, ikasturtean zehar proiektuaren garapena ere elkarrekin aztertu dugu. Metodologia, ebaluaketa, ikasleen taldekatzea… zorrotz jarraitu dugu”, adierazi digute. EKI digitala Natur Zientzien alorrean erabiltzen ari dira Haurtzaron. “Zientzia esperimentalean jardun dut, Teknologian ere bai, Informatikan. Zientzia esperimentalean eginak genituen pausoak justifikatu egin ditu metodologia berri honek, EKI proiektuak. Noski, hau ez da gauza itxia, eta oraindik gehiago findu behar dugu, baina aurretik hartutako bidea justifikatu egin du EKI proiektuak, batez ere digitalean”.
EKI proiektuarekin irakasleen, ikasleen eta gurasoen rolak ere aldatu egin dira: “Azken finean, funtzionamenduan irakasleak nukleo zentral bat izateari utzi dio, eta taldeak hartu du garrantzia gehiago. Taldeak antolatzea, bakoitzak nola funtzionatu… Irakaslea ez da hain zentrala; elementu zirikatzailea, gidatzailea bihurtzen da irakaslea”. Aldaketa horrek, ikaslea ikaskuntza prozesuan aktiboago izatera bultzatu du: “Helburuak ikusten dituzte, zertan ari diren gehiago jabetzen dira. Oraindik kosta egiten zaie aldaketara moldatzea, baina, batzuek errazago, besteak mantsoago, urrats hori egin dute ikasleek ere”.
Ikasleek aldaketa urduritasunez hartu zuten hastapenean, Haurtzaroko hiru ordezkariok aitortu dutenez. “Urduri, proiektu berri bat baita, eta ez baitute aurrekoen erreferentziarik”. Horregatik, azpimarratu dutenez, hastapen horretan tutoreen lana, funtsezkoa izan da: Patxadaz eraman behar izan da, eta patxada hori hartu dute ikasleek. “Ohartu dira aldaketa izan den arren moldatzeko gaitasuna badutela eta lortu dute. IKTen erabileran izugarri antzeman da hori, aurkezpenak egiteko orduan, edo informazio bat bilatzeko orduan… IKTak erabiltzea ohiko bihurtu zaie, eta lanabes gisa duten balioaz ohartu dira”.
Proiektuan irakasle talde guztia sartu izanak ere lagundu du aldaketa horren trantsizioan: “Erreferente garbiak eta zehatzak dituztelako eta komunak. Denok hitz egiten dugu konpetentziei buruz, denok ditugu lan ildo eta metodologia berdinak. Denok bide beretik goaz eta haurrak ere bide horretatik doaz”.
Gurasoei ere aholkularitza lana eman zaie, “haientzat ere berria izanik, beren haurrei ikasketetan laguntzeko metodo berriak erabili behar izan dute eta”
EKIk ebaluazio sisteman ere aldaketa ekarri du. “Ebaluazioaren planteamendua moldatu beharra izan dugu. EKIk planteatzen du ikasleen amaierako profila finkatzea, amaierako konpetentziak, arlokakoak, ikasleen auto-erregulazioa… Proiektu honek horiek denak integratu egiten ditu, eta Ostadarrekin alderatuta aldaketa handiena hor daukagu. Aldaketa kualitatibo hori oso garrantzitsua da. Irakasleon formazio saioetan behin eta berriro mintzatu gara ebaluazio planteamendu berriaz. Eta barneratu dugu”. Eta talde lanean egin dute planteamendua: “Denok iritsi ginen adostasunera, eduki baliabideez gain lorturiko konpetentziak ebaluatuko genituela, denboralizazioak zehaztu genituen, aurretik genuen ebaluazio sistema moldatu eta gaurkotu dugu. Iritsi gara horretara”.
Aurrera begira
DBH 1n hasi da aurtengo ikasturtean EKI proiektua. Datorren ikasturterako ikasleek DBH 2ko ikasmaterial berriak edukiko dituzte, eta hurrengo bi urteetan DBH 3 eta DBH 4koak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eredu pedagogikoari buruz ari gara orain arte, baina EKIk planteatzen dituen berrikuntza horietako asko eta asko Lehen Hezkuntzara, Batxilergora eta Lanbide Heziketara igarotzeko asmoa ere badu Ikastolen Elkarteak.
ÉXITO DE LA IMPLANTACIÓN DEL PROYECTO EKI
Este curso escolar que ya está finalizando ha sido el año de la implantación del proyecto EKI en las ikastolas de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa (debido al sistema de préstamo de los libros de texto, en Nafarroa se implantará el próximo curso). A falta de los resultados finales, se puede hablar ya de un éxito, teniendo en cuenta las respuestas recibidas desde las ikastolas. Hemos visitado una de ellas: la ikastola Haurtzaro de Oiartzun.
SUCCÈS DU PROJET EKI
L'année scolaire écoulée a été celle du démarrage du projet EKI dans les ikastola d'Araba, Biscaye et Gipuzkoa (système de prêt de manuels scolaires, mise en place en Navarre l'année prochaine). On peut dores et déjà parler de succès compte tenu du nombre de demandes émanant des ikastola. Nous avons rendu visite à une ikastola participant au projet, l'ikastola Haurtzaro de Oiartzun.