IKASTOLA 209 > iritziak > HEZKUNTZA LEGE BATEN AUKERA

Ikastolak, taldean.

HEZKUNTZA LEGE BATEN AUKERA

TALDEAN, urrats estrategikoak erabakitzen.

Maiatzean egin diren hamar bilerak oso aberasgarriak izan dira, talde gisako planteamenduak adosten joateko.

Hezkuntza komunitatean uneotan diren gai garrantzitsuenak ardatz hartuta, ikastolek eskualdekako bilerak egin dituzte maiatz honetan, denbora gutxi barru ziurrenik antolatu eta hartu beharko diren erabakien gainean hausnartu eta talde gisako planteamenduak adosten joateko.

Ikasturte honen hasieran ikastoletarako lan akordioa negoziatzen ari zela planteatutako ildo beretik, eskualdekako bilerak egin dira maiatzean, ikastoletako zuzendaritza eta erretore kontseiluetako ordezkarien eta EHIko Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritzako kideen artean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ikasturtean zehar ikastolek eta beste hainbat hezkuntza eragilek LOMCE legearen garapenaz eta hura ez aplikatzeko estrategiez, Heziberri 2020 egitasmoaz eta Hezkuntza Sistema Propioa garatzeko bidean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege baten aukeraz jorratutako bideak azaltzeko eta haien inguruan ikastola bakoitzak dituen kezkak eta ikuspuntua ezagutzeko eta beharrezko argibideak emateko planteatu dira maiatzeko bilerak. Abenduan ikastolek eta LAB sindikatuak hitzartu zuten Lan Akordioaren baitan adosturiko interpelazio lerroa jorratzeko ere bai

Batzar handi batera deitu beharrean, eskualdekako bilerak egiteak ikastola guztien iritziak jasotzeko bidea errazten zuela iritzita, eskualdekako hamar bilera egin dira maiatzean. Guztira ikastoletako 250 ordezkarik hartu dute parte bilera horietan, eta EHIko Artezkaritzak nahiz Zuzendaritzak baieztatu dutenez oso aberasgarriak izan dira, ikastolen iritzi trukaketan urrats handiak egin dira eta nork bere eskualdean gai hauek bizi dituzten modua ezagutzeko oso baliagarriak izan dira.

Ezin ukatuzkoa da abagune berezi eta oso garrantzitsuan dagoela Hezkuntza komunitatea. LOMCE legea dago, euskal hezkuntza sistemari eta euskal curriculumari zuzenean eraso egiten dien Espainiako Hezkuntza Lege berria. Aspaldi esana dute ikastolek eta hezkuntza eragile gehiagok horrelako erasoetatik babesteko eta gure haurren etorkizuna sendotzeko tresnarik eragingarriena Hezkuntza Sistema Propioa edukitzea dela Euskal Herri osoan.

Bide horretan, Legegintzaldi honek aukera ireki du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege bat garatzeko. Gobernuan den alderdiak eta oposizioko EH Bilduk eta PSE-EEk euren programetan sartu zuten, eta Eusko Jaurlaritzak mahai gainean jarri du Hezkuntza Legearen aukera.

Ikastolen aldetik, EHIko Artezkaritzak eta Zuzendaritzak birritan esan duten gisan, Hezkuntza Sistema Propiorako urrats gisa ulertu behar da EAErako Hezkuntza Lege bat izatea, egungoa, besteak beste, zaharkitua baitago eta titulartasun publikoa duten ikastetxeentzako egina baita soilik.

Hezkuntza lege berri hori Jaurlaritzaren Heziberri 2020 planean txertatzen da. Plan horretako beste bi puntuak (Hezkuntza markoa eta curriculum dekretuak), dagoeneko hitzartuta edo hitzartzen bidean dira, Jaurlaritzak hezkuntza eragileekin (tartean ikastolak) egin dituen bileretan. Hezkuntza lege berria ere eragile desberdinen adostasunez atera beharko da aurrera.

Eskualdekako bileretan, ikastolek lege berri horrek bildu beharko lituzkeen puntuak aurkeztu eta eztabaidatu dira, hezkuntza zerbitzu publikoa dela oinarrituta eta hortik abiatuta. Alegia, ikastetxeen titularitatetik abiatuta egiten den egungo publiko eta itunpekoaren arteko zatiketa gainditu, eta ikastetxeek eskaintzen duten zerbitzu publikoan oinarritzea; titularitate publikoa duten ikastetxeek eta herri ekimenetik sortutakoek trataera bera izatea, finean, eskaintzen duten zerbitzu publikoaren arabera.

Legeak bildu beharko lukeen beste puntu bat litzateke hezkuntza sistemak euskal curriculuma eta euskara ardatz hartzen duen eleaniztasuna bultzatzea eta oinarritzea. Era berean Legeak bermatu beharko luke sareen finantzazio egoki eta ekitatiboa; ikastetxe guztien funtzionamendurako eta garapenerako behar den finantzaketa hain zuzen ere. Azkenik, legeak langileen egoeraren hobekuntza ekarri beharko luke: irakasleen homologazioaren bidean, dedikazioa, prestakuntza… aintzat hartuta.

Horrela, zerbitzu publikoaren garapenaren eskutik, aukera berdintasun eta gizarte kohesioa bultzatzearekin batera, ikasle guztien eskola emaitzen hobekuntza lortu beharko litzateke.

Hori da, uneotan, ikastolen apustua.

REUNIONES DE ALTO ÍNDICE DE PARTICIPACIÓN

Durante el mes de mayo se han celebrado diez reuniones comarcales con los consejos rectores y direcciones de las ikastolas de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa. El objetivo de estas convocatorias ha sido contrastar con todas las ikastolas los pasos que se están dando para hacer frente a la ley de educación del Gobierno español y los que se quieren dar para conseguir una ley de educación en la Comunidad Autónoma Vasca. Estas reuniones han sido dinámicas y ha habido un alto índice de participación en todas ellas.

RÉUNIONS AU FORT TAUX DE PARTICIPATION 

Courant mai se sont déroulées dix réunions de conseils des directeurs et parents des ikastola d'Araba, Biscaye et Gipuzkoa. L'objectif de ces réunions était faire le point avec toutes les ikastola sur les procédures mises en place pour faire face à la loi sur l'enseignement du Gouvernement espagnol et définir les étapes pour une loi sur l'enseignement de la CAB. Elles ont été animées et ont connu un fort taux de participation.

ikastola 209
2014 Ekaina
209