IKASTOLA 200 > elkarrizketak > ANDREAS SCHLEICHER, "Mister Pisa"
Andreas Schleicher
"Mister Pisa"
Hamburgon jaio zen.

ANDREAS SCHLEICHER, "Mister Pisa"

"Zenbait lurraldetan lekurik erakargarriena eskola da, ez merkataritza-gunea"

“Mister Pisa” deitzen diote. Andreas Schleicher PISA txostenen arduraduna da. Orain 12 urte hasi ziren 30 herrialdetako 15 urteko neska-mutilek hezkuntza mailan lortzen zituzten ezagutzak neurtzen, eta 2001ean argitaratu zuten OCDEko lehen PISA txostena. Lurrikara eragin zuen lan horrek. Geroztik hezkuntzan lan egiten duten arduradunak zain egoten dira ikerketa horrek zer esango. Urtetik urtera herrialde gehiagok hartzen dute parte ikerketan, eta guztiek hartzen dituzte kontutan bere emaitzak. Andreas Schleicher Hamburgon (Alemania) jaio zen 1964an.

Euskal Herriari begira PISA txostenak ezagutarazi dituen emaitzei erreparatu eta zer irakurketa egingo zenuke?
Emaitza horiek orokorrean hartzen baditugu, bataz bestekoaren barruan daudela esan dezakegu, normalak direla, alegia. Baina emaitza horiek onak diren ala ez erabakitzeko markatutako helburuen baitan aztertu behar dira. Gaurko ekonomia globala da, eta ondorioz ezin dira hezkuntza mailako emaitzak auzokoen emaitzekin bakarrik kontuan hartuta egin; nazioarteko hezkuntza sistema onenen emaitzei begiratuz egin behar dira alderaketak.

Gure helburua Finlandiako emaitzak lortzea dela esango bagenizu, zentzuzkoa irudituko al litzaizuke?
60ko hamarkadan, nazioarteko ebaluazioak egiten hasi zirenean, Finlandiako emaitzak bataz bestekoaren barruan zeuden, gaur Euskal Herriko emaitzak dauden bezalaxe. Baina gaur egun Finlandia da hezkuntza-arlo mailako alderaketa guztietan garaile agertzen dena. Begira dezagun Asiako Ekialdera ere: orain bi belaunaldi Hego Koreak gaur Afganistanek duen bizi maila zuen, eta hezkuntza mailako emaitzetan ere nazioarteko zerrendaren beheko aldean agertzen zen. Gaur Koreako ia gazte guztiek bukatzen dute bigarren maila, eta emaitzetan nazioarteko onenen artean daude.

Beste zein erreferentzia interesgarri aipatuko zenituzke?
Beste bat aipatzekotan, Poloniara joko nuke, azken sei urtetan aurrerapauso ikusgarriak lortu dituelako. Herrialde batek PISA txostenean lortzen duen postua gehienbat baldintza sozialen eta kulturalen araberakoa dela uste dutenek ere onartu egiten dute posible direla hobekuntza hauek. Poloniak ez du kulturaren arloan aldaketa ikusgarririk eman, ez da bere populazioan ere gorabehera handirik izan, ez ditu lehengo irakasleak kaleratu. Beste gauza bat egin du: hezkuntza mailako politikak eta praktikak aldatu ditu.

Ondorioa, beraz, garbia da: hobekuntzak posible dira.
Halaxe da. Hezkuntzari dagokionean hobekuntzak posible dira eta ez dut arrazoirik ikusten beste lekuetan posible izan dena, Euskal Herrian ez izateko. Finlandiako esperientzia eredugarri izan daiteke Euskal Herrian.

Zein eratako neurriak proposatuko zenituzke helburu horri begira lanean hasteko?
Ez da batere erraza galdera horri erantzutea. Bistakoa da hezkuntza sistemak ezin direla kopiatu eta erantsi beren horretan. Baina PISA txostenek gauza bat erakutsi dute, hala nola, mundu mailan arrakasta lortzen ari diren hezkuntza sistemek ezaugarri komun asko dituztela eta merezi duela ezaugarri horiek zein diren ikertzen hastea.

Zeintzuk dira, bada, ezaugarri horiek?
Denok bat etorri ohi gara hezkuntzak garrantzia handia duela esatean, baina baieztapen hori berehala jartzen dugu zalantzan lehentasunak zerrendatzen hasten garenean. Profesional kualifikatuen soldatak hartu, eta zer postutan daude irakasleak? Nahiago al zenuke zure semea edo alaba abokatu izatea irakasle baino? PISA informeak egiten zerbait ikasi badugu, horixe izan da: emaitzen bikaintasuna lortu duten herrialdeetan buruzagiak gai izan direla hezkuntzak zer balio duen herritarrei erakusteko, eta herritarrak beren aldetik gai izan direla hezkuntzari kontsumoan oinarritzen den eguneroko bizimoduari baino garrantzia handiagoa
emateko, etorkizunari garrantzia handiagoa emateko, alegia. Sinesteak ere lanak ematen ditu, baina zenbait herrialdetan lekurik erakargarriena eskola da, eta ez merkataritza-gunea. Alabaina, hezkuntzari balio handia ematea ekuazioaren erdia baizik ez da.

Gizartearen ezaugarriek izango dute eraginik hezkuntzaren emaitzetan.
Lehenik eta behin, neska-mutiko guztiak hezkuntzaren esparruan arrakasta izateko gai direla sinetsi behar dugu. Finlandian eta Japonian, esate baterako, irakasle eta gurasoen artean konpromiso hori hitzarturik dute: ikasle guztiei emango zaie mailarik altuena lortzeko bidea. Bitxia bada ere, sinesmen horrek sekulako eragina du ikasleen jarreran. Ikasleei Matematikan arrakasta lortzeko arrazoiak aipatzeko eskatzen  badiegu, AEBetako ikasleek talentu kontua dela erantzungo dizute: Matematikak ikasteko dohainik gabe jaio bazara, hobe beste zerbaiten saiatzen bazara. Japonian, aldiz, hamar ikasletik bederatzik esaten du Matematiketan lor dezakegun arrakasta, zure ahaleginaren baitan dagoela. Horrek asko esaten du herrialde horretako hezkuntza sistemaren alde.

Ezaugarri komun horien artean irakasleak ere sar al ditzakegu?
Bai, noski. Garai batean ikasle guztiek, nolakoak ziren kontuan hartu gabe, heziketa berbera jasotzen zuten. Hezkuntza sistema onenek aniztasunari erantzuten diote eta jarduera berezituak jartzen dituzte praktikan; jakitun dira ikasle arruntek talentu oso bereziak dituztela eta hezkuntzaren esperientzia pertsonalizatu egiten dute. Errendimendu handiko hezkuntza sistematan eredu oso garbiak partekatzen dituzte, eta guztiek dakite zer egin behar den maila gorena lortzeko. Eta ez dago herrialde bakar bat irakasleen bikaintasunik gabe hezkuntza sistema hobetzen duenik. Are gehiago, irakasleen bikaintasunak mugatzen du sistemaren bikaintasun maila.

Adierazpen nabarmengarria da hori…
Bai, hori horrela da. Errendimendu handiko hezkuntza sistemek garrantzia izugarria ematen diote irakasleak formatu eta hautatzeko moduari. Arazoak dituzten irakasleen praktikak nola hobetu ikertzen dute, eta irakasleen soldatak nola egituratu ere begiratzen dute. Irakasleek praktika onak taldean landu ditzaten aukerak eskaintzen dituzte, eta hezitzaileen ibilbide profesionala hobetzeko ere aukerak jartzen dituzte. Sistema burokratikoetan irakasleak bakarrik sentitzen dira gela barruan eta zer erakutsi behar zaien esaten zaie etengabe. Errendimendu handiko hezkuntza sistematan helburu handiak markatzen dira, ikasleek zer egiteko gai izan behar duten ere argi eta garbi markatzen da, baina ondoren irakasleei uzten zaie ikasleei zer erakutsi behar dieten erabakitzen.

Aldaketak ezinbestekoak dira, beraz.
Bai, noski. Iragana jakituriaren transmisioan oinarritzen zen. Orain erabiltzaileak berak sortzen duen jakiturian oinarritzen da arrakasta. Errendimendu handiko sistemak ere administrazioaren kontrolean, erantzukizunean edo kontu-ematean oinarritzen ziren orain gutxi arte; orain, ordea, lan egiteko antolaketa gero eta profesionalagoetan oinarritzen ari dira. Errendimendu handiko sistemak berrikuntza pedagogikoak bereganatzera animatzen du irakaslea, bere praktikak hobetzera eta profesionalki garatzera bultzatzen du. Garai batean estandarizazioa eta adostasuna zuten helburu. Errendimendu handiko sistemak irakasle sortzaileak bultzatzen ditu. Iraganeko sistemak heziketa ematen zuen. Errendimendu handiko sistemak emaitzak bilatzen ditu. Lehen eskala burokratikoan gora begira lan egiten zuten, goitik zer aginduko zain egoten ziren. Orain kanpora begiratu behar dute, ondoan dauden ikastetxeei jartzen diete arreta, eta guztien artean berrikuntzak ezartzeko sareak osatzen saiatzen dira.

Aldaketa funtsezkoak lortu dituzten sistemen inguruan zer nabarmenduko zenuke?
Maila handiko hezkuntza sistemak aztertzen hasi eta gehien harritzen gaituena sare osoan lortzen duten bikaintasuna da, azken batean ikasle guztiek ateratzen baitiote antzeko etekina eskolari. Zuek badakizue zer-nolako emaitzak lortzen dituen Finlandiak PISA txostenetan, baina horretarako herrialde honek zer egiten duen ikustea oso da interesgarria. Ikastetxe batetik bestera dagoen aldea %5ekoa da gehienez ere. Zer esan nahi du horrek? Ikastetxe guztiak iristen direla emaitza bikainak lortzera eta hori lortu ahal izateko, baliabideetan inbertitzen dutela, zuzendaritza talderik onenak eskolarik zailenetara bidaltzen dituztela, eta irakaslerik onenak arazoak dauden lekuetara. Hitz batean esateko, errendimendu handiko hezkuntzak sistemaren arlo eta maila guztietan indartzen eta bultzatzen ditu hobekuntzak, eta praktika zein politika horiek denboran zehar luzaz mantentzen ahalegintzen dira.

Zenbat denbora behar da aldaketa hauek gauzatu ahal izateko?
Galdera horri erantzuteko modurik onena denbora gutxian hobekuntza handienak lortu dituzten hezkuntza sistemen ibilbideari begiratzea da.

Ba al dago loturarik sistemaren antolaketa ereduaren eta hezkuntzan lortzen den bikaintasunaren artean?
Gizarte eta kultura baldintzak alde batera utzita, oso diferentzia urriak daude eskola publikoek eta pribatuek lortzen dituzten emaitzen artean. Beraz, herrialde batentzat auzirik funtsezkoena ez da zenbat eskola publiko eta pribatu dituen, horietako bakoitzean eskolak eta irakasleek beren ardurak hartu eta sormena bultzatzeko zer bide dituzten baizik. Hezkuntza sistema arautuaren eta ez unibertsitarioaren finantziazio tasa Barne Produktu Gordinaren %4 ingurukoa da Euskal Herrian. Lehen aipatu ditugun helburuak lortu ahal izateko aski inbertsio badela uste al duzu? Zein izango litzateke zure ustetan egin beharreko ahalegina? Nazioarteko estandarrak kontutan hartzera, txiki samarra da kopuru hori. PISAko txostenetan parte hartzen duten herrialdeen artean %20ko diferentziak daude emaitzei dagokienean, eta inbertsioek ez dute lotura zuzenik emaitza horiekin. Beste hitz batzuekin agertzeko: antzeko inbertsioa egiten duten bi herrialde egon daitezke hezkuntza mailako oso emaitza ezberdinekin. Badago irudi bat zaharkitu
samarra geratu dena: herrialde aberatsek hezkuntza mailan emaitza onak lortzen dituzte eta herrialde pobreek txarrak. Esan dudan bezala, irudi horrek ez du gaur egun balio.

ikastola 200
2012 Urria
200