IKASTOLA 209 > orientazioa > XABIROI, HAMARKADAREN ATARIAN

Gure esku dago egitasmoan sinestea ala ez sinestea

XABIROI, HAMARKADAREN ATARIAN

XABIROIk euskal komikigintza berpiztu du. 

Guztion laguntzarekin, beste hamar urte, edo beste hogei, guztion artean lagunduta.

Datorren ikasturtean XABIROIk hamar urte beteko ditu; hiru dozena zenbaki eta milaka bineta zorroan. Entzute handiko egile sare emankor batean oinarrituta, XABIROIk euskal komikigintza berpiztu du, eta komikia lehen aldiz Euskadi Literatura Saria irabaztera eraman du.

Harkaitz Cano idazlea, adibidez, hasieratik izan da egile sare horren kide: “XABIROI azken hamar urteotan sortu den kultur egitasmo ilusionanteenetako bat da, hain kukurrukutua den alor ezberdinen arteko sinergia transbersala sustatu duena, eta, sustatu ez ezik, bere hilobitik euskal komikia atera duena”.  Baina XABIROIk ikastolen mundutik kanpo izan duen oihartzuna ez da nahikoa izan ikastolen artean behar besteko finkatzea edukitzeko, eta azken hilabeteotan XABIROI hartzeari utzi dioten ikastolen kopuruak gora egin du.

Dani Fano, aldizkariko koordinatzaileak,  XABIROIri garai zailak egokitu zaizkiola aitortzen du: “Ikastolek, gainerako munduak bezala, arazo ekonomikoak dituzte. Gainera, Xabiroik ez du harrera berbera izan ikasleen artean. Ikastola batzuetan oso gustura irakurtzen dutela esaten digute eta beste batzuetan, aldiz, ia jaramonik ez diotela egiten. Zaila da ikasleek aldizkariarekiko duten atxikimendua neurtzea. Baina, gure esku dago egitasmoan sinestea ala ez sinestea. Azken batean, auzolan kontua da. Harpidetza kopuru batetik behera aldizkaria ez da bideragarria izango. Ikastola gero eta gehiagok harpidetza uztea erabakitzen badu, hartu nahi dutenak ere gabe geldituko dira. Baina guztion artean lagunduta biziraupen luzea izan dezake Xabiroik. Beste hamar urte, edo beste hogei”. Hala izan bedi!

ikastola 209
2014 Ekaina
209