Villabonako Jesusen Bihotza Zubimusu Ikastola bihurtu da
ZUBIMUSU MUSUKA
Kooperatiba dira denak
Ikastolak 406 familia eta 635 ikasle biltzen ditu.
Ikastolek aspaldi egin zuten kooperatibaren aldeko apustua. 70.eko hamarkadaren amaieran egituraketarik egokien gisa jo zuten kooperatibatan antolatzea. Herri ekimenetik sortuak eta herritarren zerbitzura, kooperatiba zen eta da herri ekimeneko erakunde bat hobekien islatzen duen antolakuntza. Era berean, kooperatibagintza errotua zegoen Euskal Herrian. Beraz, hautua egina zegoen.
Aldaketa, ordea, ez zen goizetik gauera egin. Lehendik sortuak ziren ikastolak guraso elkarteek sortuak, eta asko beste erakunde batzuen gerizpean (kultur elkarte, tokian tokiko eliza…), egituratze desberdinak zituzten, eta iritziak, baldintzak, ere ez ziren berdinak. Lurraldeka ere egoera oso desberdina zen. Batzuek berehala aldatu zuten titularitatea, beste batzuek bide luzeagoa egin behar izan zuten.
1993an, zenbait ikastolaren publifikazioaren ostean, herri ekimeneko titularitateari eutsi ziotenek argiago ikusi zuten kooperatiba bihurtzea. Azkeneko, bultzada, baina, 1998 inguruan eman zen. Handik aurrera, Hego Euskal Herriko ikastola guztiek egin zuten jauzia. Azkena, oraintxe bertan izan da, Villabona eta Zizurkilen ikastetxeak dituen Jesusen Bihotza ikastolak apirilaren 8an egindako batzarrean erabaki zuen kooperatiba bihurtzea.
“Bai, egia da, azkenak ginen. Bazen garaia salbuespen izateari uzteko, ezta? Prozesua luzea izan da, korapilatsua ere bai, baina azkenean lortu dugu urrats hau egitea, zalantzarik gabe onuragarria izango dena gure ikastolarentzat”, aitortu digute Kontxi Ormazabal eta Nerea Zumeaga zuzendaritzako kideek. 1965ean sortu zen ikastola, Santio ikastola izenarekin, guraso talde baten eskutik, Zizurkilgo lokal txiki batean. 1973an, OHO edo EGB hezkuntza lege berria medio, Villabonako San Jose eta Jesusen Bihotza ikastetxeekin bat egin zuen iraun ahal izateko. Horrela sortu zen Jesusen Bihotza ikastola. “Hasieratik Gipuzkoako federazioari lotu gintzaizkion eta horrela segitu dugu; orain EHIn eta Elkartasun Ikastolak kooperatiben kide ere bagara”. Kooperatiba izan gabe bi kooperatibatan kide izateak ere bultzatu ditu erabakia hartzera.
2012-13 ikasturtean heldu zioten helburuari, eta ikasturte honetan amaitu dute prozesua. Kooperatiba integrala osatu dute, hasieratik argi izan baitzuten langileek ere kooperatibista izan behar zutela. Korapilatsua izan dela aitortu dute, eliza, gurasoak eta irakasleak ados jarri behar baitziren, batzuek titularitatea partekatzeko, besteek erantzukizunak hartzeko. “Aldaketa guztiek dakartzaten zalantza, kezka eta urduritasunak izan dira, baina urrats hori egitearen alde agertu dira ekarriko dizkigun onurak ikusita”, diote.
Zalantzak eta kezkak argitzen eta kooperatiba bilakatzeko urratsetan EHIk, Patxi Olabarri arduradunaren eskutik, eta Elkar-lanek, Javier Sanzen eskutik, emandako laguntza eskertu dute Ormazabalek eta Zumeagak. “Lau gurasoren esku-hartzea ere erabakigarria izan da. Lan handia eta ona egin dute denek”.
Irailetik aurrera martxan
Artezkaritzan nabaritu dute saltoa. “Orain arte, gurasoek osatutako artezkaritza bazegoen, baina ez zuten erabakitzeko eskumenik. Orain, ordea, artezkaritzaren esku egongo dira erabaki guztiak”. Gurasoek eta irakasleek osatzen dute artezkaritza, eta Elizak bazkide kolaboratzaile gisa dihardu. “Elizako ordezkariak ikastolako guraso eta irakasle ere badira, eta, beraz, oso ongi moldatzen gara elkarrekin”, azaldu du Ormazabalek.
Kooperatiba sortu da, eta datorren irailean martxan egongo da. Lan administratibo ugari dago egiteko, ordea, eta horri erabat lotuta dabil Zumeaga: “Lasterketa batean gabiltza, gauza asko lotu behar direlako: subrogazioak, kontzertuen esku-aldatzea…”.
Erabat martxan jarri bitartean, dena den, erabakiak hartzen ari dira. Horietatik sinbolikoena izen aldaketarena da. Aurrerantzean ez da Jesusen Bihotza izango, Zubimusu ikastola baizik: “Zubimusu izena Zizurkil eta Villabona lotzen dituen betiko zubiarengatik aukeratu dugu. Bi herriak hartzen dituen ikastola gara, eta batasun hori irudikatu nahi genuen. Gainera, zubi hori da bi herriek partekatzen duten interes kultural, historiko eta artistikoko elementu arkitektoniko bakarra. Zubi horrek, bestalde, Villabona Aiztondo bailararekin lotzen du, hau da, Zizurkil, Aduna, Asteasu, Larraul, Alkiza… Eta zirkulua ixteko, gure ikastola Zubimusu ondoko eraikin batean sortu zen”.
Ikastola bizia
406 familia eta 635 ikasle biltzen ditu Zubimusu ikastolak. “Ikastola bizia da”, dio Zumeagak. “Azken zortzi urtetoan %33 hazi da”, erantsi du Ormazabalek. Pozteko arrazoi sendoa da hori, baina buru-haustea ere badakar. “Zaharkitzen ari zaizkigun eraikina berritu beharraz gainera, ikasle guztientzako espazioak egokitzeari ere ekin beharko diogu”. Hori da sortu berri den kooperatibak berehala heldu beharko dion erronka handia: azpiegiturak zahar-berritu eta egokitzeko planifikaziori eta lanei ekitea.
Erronka handia den arren “ilusio handiz” ari dira lanean, helburu nagusia ahaztu gabe: Villabonako eta Zizurkilgo haurrei ahalik eta hezkuntza kalitate onena eskaintzea.
TODAS LAS IKASTOLAS YA SON COOPERATIVAS
Tras la decisión adoptada por la ikastola de Villabona-Zizurkil de convertirse en cooperativa integral, ya se puede decir que todas las ikastolas de Hego Euskal Herria son cooperativas. Ha sido un proceso largo, pero al final, se ha conseguido el objetivo: que todas las ikastolas se organicen en instituciones que mejor reflejan sus orígenes de iniciativa social.
TOUTES LES IKASTOLA DÉSORMAIS COOPÉRATIVES
Avec la décision de l'ikastola de Villabona-Zizurkil de devenir une coopérative, toutes les ikastola du Pays Basque sud sont désormais sous cette forme juridique. Le processus fut long mais au final l'objectif a été atteint et toutes les ikastola sont organisées selon ce modèle qui reflète le mieux leur origine d'initiative sociale.