KONFIANTZAREN PEDAGOGIA, I.Bilgunea
AURRERA BEGIRA, MENDE ERDIA OSPATZEKO
RM Azkue, Arizmendi eta Aranzadi Ikastolek antolatuta
Lekeitioko RM Azkue, Arizmendi eta Aranzadi ikastolekin batera.
Pedagogian urrats gehiago eginez, Lekeitioko RM Azkuek, Arizmendi eta Aranzadi ikastolekin batera, 0-6 etaparako lantzen ari diren Konfiantzaren Pedagogia ezagutarazteko I. Bilgunea.
Lekeitioko RM Azkue ikastola sortu zutela berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dabil, baina atzera begira bezala, aurrera begiratzeari utzi gabe. Hala, pedagogian urrats gehiago eginez, Arizmendi eta Aranzadi ikastolekin batera, 0-6 etaparako lantzen ari diren Konfiantzaren Pedagogia ezagutarazteko I. Bilgunea egin du maiatzean.
Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoa jendez mukuru zela egin zen Konfiantzaren Pedagogiaren I. Bilgunea, iragan maiatzaren 9an eta 10ean. RM Azkue ikastolako zuzendari Jose de la Torre arduratu zen irekiera ekitaldiaren gidaritzaz, eta Lekeitioko alkate Maitane Larraurik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berritzeko zuzendari Begoña Garamendik eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk hartu zuten hitza.
“Haurraren ahalmenak errespetatzea eta sustatzea” du helburu Konfiantzaren Pedagogiak, eta arreta berezia eskaintzen dio eskola-espazioari, ikasketa denborari, ikasleen arteko harremanei baina baita ikasle-irakasle-guraso harremanei ere, eta berrikuntzak proposatzen ditu ikaskuntza prozesuan eta jardueretan.
Hubert Montagner zientzialari eta doktore bretoia da pedagogia honen aitzindari, eta berau izan zen Lekeitioko I. Bilguneko hizlari nagusia. Haurren erritmo biologikoei buruz mintzatu zen Montagner, eta horrek eskola-denboraren antolaketan hartu beharko lukeen garrantziaz. Montagnerrekin batera, solasaldia gidatzen, Rafael Cristobal aritu zen. Biek Korsikako Monticello eskolaren esperientziaren berri eman zuten beste hitzaldi batean, hain zuzen ere hura sortzeko eta gauzatzeko oinarritzat hartutako datu zientifikoen berri eman zuten. Ez zen izan esperientzia praktiko bakarra. Aranzadi, Arizmendi eta RM Azkue ikastolek ere eman zuten euren esperientziaren berri; proiektu pedagogikoa eta arkitektonikoa uztartuta garatzen ari diren esperientziaz aritu ziren.
Askotariko adimenak edo inteligentziak ere hizpide izan zituzten Lekeitioko jardunaldietan. Javier Bahon mintzatu zen gai horretaz, eta haurrei pentsatzen irakastearen premiaz ere jardun zuen. Amaitzeko, Lorea Agirre eta Iñaki Eizmendi euskaldun identitateaz eta haur hezkuntza gaitzat hartuta jardun zuten larunbateko saioan.
Konfiantzaren Pedagogiaz hausnartu eta hura garatzeko eta hedatzeko modu honetako foroak jarraitzeko asmoz hasi da. Hurrengo urteetan ere izango du segida. RM Azkue ikastolak bere webgunean (http://www.lekeitiokoikastola.net/) eskegi du Bilguneko dokumentazio guztia, bai idatzizkoa, bai ikus-entzunezko dokumentazioa.