Euskarri guztiak bat eginda.
URTE SASOIAK web berria
Honatx, euskal kultura ezagutzeko ekarpen berria.
Bizkaiko Foru Aldundiaren, Etxepare Institutuaren eta Azkue Fundazioaren laguntzarekin zabaldu da web berri hau, 1997-2000 urteotan Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Labayru Ikastegiak elkarkidetzan landutako proiektuari ate berriak irekitzeko asmoz. Ordura arte sortutako materialak hiru euskarritan argitaratuta zeuden, hau da, bideoan, audioan eta liburu formatuan. Oraingo honetan euskarri guztiek bat egin, eta www.urtesasoiak.net web gunea sortu da. Euskarria lagun, era guztietako erabiltzaileengana iritsi nahi da: ikasle, irakasle, ikertzaile, euskaltzale edo jakin-minez dagoen guztiarengana. Edukia mamitsua da, urteko ziklo guztiak hartzen ditu, eta euskal lurralde guztietako tradizioak dakartza: Oles eta Oles; Hou Pitxu hou; Txulufrina eta Arrosa; Pinpirrin eta Florian. Euskaraz sortua, beste hiru hizkuntzatara ekarri dira edukiak: ingelesera, gaztelaniara eta frantsesera.