Ezagutza bakarraren aldarria
JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS-ek
"Argien Mende Berri baterako baldintzak betetzen dira"
Ezagutza bakarraren aldarria egin zuen.
Ezagutza bakarraren aldarria egin zuen Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Jardunaldi Pedagogikoen atariko hitzaldian. Natur zientzien eta zientzia humanisten arteko mendeetako zatiketa gainditu eta bien arteko uztarketa bat proposatu zuen, bi kulturen batasuna, alegia.
Frantziar Iraultzaren garaian, Argien Mendean, ezagutzaren batasunaren aldarria egin zen; aldarrikapen horrek gutxi iraun zuen, Napoleonek gidatutako gudaldien eraginez ezagutza eta indarkeria bat eginda agertu zirelako. Ondorioz, kontrako joera nagusitu zen, eta natur zientzien eta zientzia humanisten arteko bereizketa eman eta sakondu zen. Bereizketa horrek gaur egun arte iraun du.
Ez dira gutxi, ordea, bi kulturen batasuna aldarrikatzen ari direnak, XX. mendearen erdialdetik hona. Horietako bat da Juan Ignacio Perez Iglesias, Biologian doktore eta EHUko Ezagutza Zientifikoaren Katedraren arduraduna. Perez Iglesiasek konbentzimendu sakon bat du: "Argien Mende Berri baterako baldintzak betetzen dira”.
“Bi kulturek bat egitea gehiegi esatea izan liteke, baina bata eta bestea uztartzea bai, eta bata bestearen zerbitzura egotea, eta, azkenean, ez izatea bata eta bestea, baizik eta zientzia bakarra izatea, kultura bakarra izatea”.
Perez Iglesiasek dio zatiketa hori oso kaltegarria izan dela ezagutzarentzat: “Kalte handiena izan da bakoitzak ez duela bestearen ekarpenik baliatu, eta, ibilbide independentea izanik, elkar eraginik ez dutela izan. Horrek bi zientzien aurka jokatu du. Neurri handiagoan jokatu du diziplina humanisten aurka, baina baita natur zientzien aurka ere. Zenbait zientzia ez dira garatu behar beste horren erruz, hain zuzen ere, falta izan zaizkielako besteen ekarpenak”.
Donostian eskainitako hitzaldian, hain zuzen ere, zientzia batzuek besteei azken urteotan egindako hainbat ekarpen azaldu zituen, bi zientzien arteko harremanaren premia adierazteko, eta harreman horrek ekartzen dituen emaitza positiboak azpimarratzeko.
Dena natur zientzien bidez esplikatu behar hori, ordea, arriskutsua ez ei da? “Gauzak nola hartzen ditugun. Mundua ulertzeko modu zuzenena zientzien metodologia erabiltzea izan beharko litzateke. Zergatik? Printzipioz horrela lorturiko ezagutzak seguruak direlako; behaketak, esperimentuak errepika daitezkeelako. Horrek ez du esan nahi beste zientzien bidez ezin daitekeenik ezagutza garatu. Literatura, esaterako, baliagarria izan daiteke ezagutza transmititzeko eta baita sortzeko ere”.
Euskal Herrian ere badago Kulturaren batasunaren aldeko korronte bat, baina Perez Iglesiasen ustez ezin dezakegu esan artikulaturik dagoenik. Berak zuzentzen duen EHUko Zientzia Ezagutzaren Katedrak zientzien arteko zubi lana egin nahi du. Beste kontu bat da, ordea, zientziaren dibulgazioa noraino iristen den: “ Gaur egun oso zaila da publiko zabalera iristea, publiko zabalaren interesak urrun daudelako ezagutza gaietatik. Pedagogia asko dago egiteko, jendeari eskaintzen zaionetik hasita”.