IKASTOLA 208 > erreportajeak > XXI. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza etapei begira

XXI. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK

Zientziak ikasi bai, baina, batez ere, praktikatu!

Zertarako ikasi / irakatsi zientziak? 

Zertarako ikasi/irakatsi zientziak? Galdera horretatik abiatu ziren Ikastolen XXI. Jardunaldi Pedagogikoak, iragan martxoaren 12 eta 13an, Gasteizko Europa Jauregian. Zientzien ikas-irakasuntzaren garrantzia azpimarratzeaz gainera, ondorio nagusi bat atera zen: ikasi egin behar dira zientziak, bai, baina, batez ere, praktikatu egin behar dira.
Urtero bezala, maila handiko aditu talde bat eraman zuen EHIk Gasteizko jardunaldietara. Hitzaldi sorta interesgarri eta mamitsuak eskaini zituzten Neus Sanmartik, Araitz Uskolak, Santiago Fernandezek, Raul Ibañezek, Lorea Arakistain eta Maria Gilek, eta Danel Solabarrieta eta Ana Galarragak. Aurtengo jardunaldiek, gainera, atariko hitzaldi bat izan zuen martxoaren 10ean, Juan Ignacio Perez Iglesiasen eskutik.
Zientziak ikasi bai, baina batez ere praktikatu egin behar direnaren mezua ongi txertatu zen jardunaldien baitan ere, bi praktika on eta lau tailer egin baitziren. Esperimentaziorako tarte horiek oso ongi baloratu zituzten jardunaldietara bertaratutako irakasleek.
Erakusketa interesgarri bat ere jarri zen Europa Jauregiko korridoreetan, hain zuen ere, historian zehar zientzietan emakumeak izan duen presentzia erakusten zuten panel interesgarriak jarri ziren denontzat ikusgai.

Ikastolen mugimenduak irakasleen prestakuntzari ematen dion garrantzia azpimarratu zuen EHIko lehendakari Koldo Tellituk , jardunaldien irekiera ekitaldian. Era berean, aurtengo gaiarekin uztartuz, zientzien ikasketaren garrantziaz ere mintzatu zen, eta zientzien metodologia beste ikasketa alor batzuetara eramatera animatu zituen jardunaldiak jarraitzera bertaratutako irakasle guztiei.
Hezkuntza paradigma aldaketaren garaiotan irakasleen prestakuntza gakoa dela eta EHIk apustu sendoa egin duela azpimarratu zuen Tellituk. Finantzaketa iturriak urritu diren garaiak izan arren, prestakuntzarik gabe hezkuntza berritzea, paradigma aldatzea, ezinezkoa izango dela esan zuen.

Garai zailak izan arren, EAE mailan hezkuntza berritzeko Heziberri 2020 egitasmoa martxan dela gogorarazi zuen EHIko lehendakariak, eta bide horretan ikastolek gogotsu lagunduko dutela. Horregatik ulergaitz iritzi zion Eusko Jaurlaritzak une honetan prestakuntzan edo Haur Hezkuntzako 0-3 etapan iragarritako murrizketak. Hori dela eta, eta Hezkuntza sailburuordearen presentzia aprobetxatuz, jarrera horiek egokitzeko eskatu zion Jaurlaritzari.
Aurrekoetxeak Tellituren eskaerari eutsi zion, eta hitz eman zuen egokitzapen horiek egiten ahaleginduko direla. Hezkuntza sailburuordeak ere prestakuntzari garrantzi handia eman zion, eta alor horretan Jaurlaritzaren apustua ere sendoa dela azpimarratu zuen.

_____________________________________________________________________________________________________________________________
JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS

"Argien Mende Berri baterako baldintzak betetzen dira”
Ezagutza bakarraren aldarria egin zuen Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Jardunaldi Pedagogikoen atariko hitzaldian. Natur zientzien eta zientzia humanisten arteko mendeetako zatiketa gainditu eta bien arteko uztarketa bat proposatu zuen, bi kulturen batasuna, alegia.

Frantziar Iraultzaren garaian, Argien Mendean, ezagutzaren batasunaren aldarria egin zen; aldarrikapen horrek gutxi iraun zuen, Napoleonek gidatutako gudaldien eraginez ezagutza eta indarkeria bat eginda agertu zirelako. Ondorioz, kontrako joera nagusitu zen, eta natur zientzien eta zientzia humanisten arteko bereizketa eman eta sakondu zen. Bereizketa horrek gaur egun arte iraun du.

Ez dira gutxi, ordea, bi kulturen batasuna aldarrikatzen ari direnak, XX. mendearen erdialdetik hona. Horietako bat da Juan Ignacio Perez Iglesias, Biologian doktore eta EHUko Ezagutza Zientifikoaren Katedraren arduraduna. Perez Iglesiasek konbentzimendu sakon bat du: "Argien Mende Berri baterako baldintzak betetzen dira”.
“Bi kulturek bat egitea gehiegi esatea izan liteke, baina bata eta bestea uztartzea bai, eta bata bestearen zerbitzura egotea, eta, azkenean, ez izatea bata eta bestea, baizik eta zientzia bakarra izatea, kultura bakarra izatea”.

Perez Iglesiasek dio zatiketa hori oso kaltegarria izan dela ezagutzarentzat: “Kalte handiena izan da bakoitzak ez duela bestearen ekarpenik baliatu, eta, ibilbide independentea izanik, elkar eraginik ez dutela izan. Horrek bi zientzien aurka jokatu du. Neurri handiagoan jokatu du diziplina humanisten aurka, baina baita natur zientzien aurka ere. Zenbait zientzia ez dira garatu behar beste horren erruz, hain zuzen ere, falta izan zaizkielako besteen ekarpenak”.

Donostian eskainitako hitzaldian, hain zuzen ere, zientzia batzuek besteei azken urteotan egindako hainbat ekarpen azaldu zituen, bi zientzien arteko harremanaren premia adierazteko, eta harreman horrek ekartzen dituen emaitza positiboak azpimarratzeko.
Dena natur zientzien bidez esplikatu behar hori, ordea, arriskutsua ez ei da? “Gauzak nola hartzen ditugun. Mundua ulertzeko modu zuzenena zientzien metodologia erabiltzea izan beharko litzateke. Zergatik? Printzipioz horrela lorturiko ezagutzak seguruak direlako; behaketak, esperimentuak errepika daitezkeelako. Horrek ez du esan nahi beste zientzien bidez ezin daitekeenik ezagutza garatu. Literatura, esaterako, baliagarria izan daiteke ezagutza transmititzeko eta baita sortzeko ere”.

Euskal Herrian ere badago Kulturaren batasunaren aldeko korronte bat, baina Perez Iglesiasen ustez ezin dezakegu esan artikulaturik dagoenik. Berak zuzentzen duen EHUko Zientzia Ezagutzaren Katedrak zientzien arteko zubi lana egin nahi du. Beste kontu bat da, ordea, zientziaren dibulgazioa noraino iristen den: “ Gaur egun oso zaila da publiko zabalera iristea, publiko zabalaren interesak urrun daudelako ezagutza gaietatik. Pedagogia asko dago egiteko, jendeari eskaintzen zaionetik hasita”.

______________________________________________________________________________________________________________________________________________
NEUS SANMARTÍ eta ARAITZ USKOLA

Esperimentatzea, pentsatzea, komunikatzea: zientziaren triangelua
Eredu pedagogiko berriek, jakintza akademikotik harago, konpetentziak eskuratzean eta bizitzan gaitasun horiek erabiltzen ikastean jartzen dute indarrik handiena. Zientzien irakaskuntzan eta ikaskuntzan ere jakintza akademikotik haragoko urratsak eskatzen ari dira gero eta gehiago. Neus Sanmartik eta Araitz Uskolak bideak proposatu zituzten jardunaldietan.

Kimika Zientzien doktorea da Neus Sanmarti, eta Zientzia Didaktika katedradun emeritua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bi egunez aritu zen jardunaldietan: lehenbizikoan ‘Zergatik eta zertarako irakatsi eta ikasi zientziak?’ galderari erantzuten jardun zuen; bigarrengoan, berriz, zientziak irakasteko esperimentazioaren premiaz aritu zen . Zientzia doktorea da Araitz Uskola eta EHUko Zientzia Didaktika irakaslea. Elkar ezagutzen dute, elkarrekin lan ere egin dute, eta jardunaldiotan Sanmartik emandako azalpenak osatu zituen bere hitzaldian.

Zein da egun eskoletan ikasi beharreko zientzia? Informazioa transmititzea garrantzitsua da Internet aroan,ikasleek google edo wikipedia hain eskuragarri dutenean? Edukiak memorizatu beharrik ez dagoela deritzo Sanmartik: “Gauza desberdinak dira edukiak memorizatzea eta jakintza”, zehaztu du.
Zientzien ikasketen edukiak eta curriculuma, beraz, aldatu beharreko gaitzat jotzen ditu. Baina nondik abiatu? “Proposamen berriek, desberdinak izan arren, abiapuntu bera dute:  egoera erreal eta jakin batzuetan lan egitetik abiatzen dira denak”.

Zientziaren ezaguerak erabakiak hartzeko balio izan behar digula defenditzen du. “Beraz, aztertzea benetako eskola-jarduera zientifikoa izango bada, sustatu egin behar du pentsatzearen, egitearen eta komunikatzearen arteko erlazioa”. Sanmartiren arabera, Ikasleengan ezagutzeko gaitasuna sustatzen duten jarduerak erabili behar dira ikasgeletan, baina kontuan hartuta, irakasten dutenak aztertzaileak ez badira, zaila izango dela ikasleak aztertzaileak izatea.

Alde horretatik irakaskuntzak multidiziplinarra izan behar duela dio aditu kataluniarrak; hori gakoa dela. “Honek guztiak aldaketa handia suposatzen du, eta, noski, hori ez da bide erraza, zaila baita urteetako ohitura egonkorrak aldatzea, errutinak eta testu-liburuak jakintza iturri bakar direnaren ustea alde batera utzi behar baita, horiek utzi egin baitiote oinarrizko baliabide izateari”.

“Zientziak ikasgelan irakasteko beharrezkoa da: pentsatzea, esperimentatzea eta komunikatzea; eta horiek ebaluatu eta erregulatzea”, dio Sanmartik. Abiapuntu estrategiko bat planteatzen du: ‘galdera onak’ egitea. Haurrek egiten dituzten galdera guztien artetik ‘galdera onak’, “Internetek erantzuten ez dituenak”, erantzun behar ditu irakasleak. “Aurretik, noski, ‘galdera onak’ planteatu behar ditu irakasleak, haurrak irakaslearenak imitatuz ere ikasten baitu. Haurren ‘galdera onak’ jakintzatik eta irakasleek egindako ‘galdera onen’ ereduetatik irteten dira”. ‘Galdera onak’ planteatuta, gainera, Araitz Uskolak dioenez, “pentsamendu kritikoa bultzatzen da”.

Bide horretan, eta zientzien irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan proposatzen dituzten aldaketa gauzatzeko, bi adituek bat egiten dute premisa honetan: esperimentatzea ezaguera zientifikoaren osagai funtsezkoa da, baina aintzat hartuta, esperimentazio hutsa ez dela nahikoa; zientziaren triangelua osorik marraztu behar da: esperimentatzea, pentsatzea eta komunikatzea.

Behin eta berriro errepikatzen dute: “Esperimentatu egin behar da, zientzialari egin behar ditugu”. Izan ere, Uskolak azaldu duenez, zaila da haurrek ezagutza zientifikoa eskuratzea eta, beraz, haurrak ezagutza zientifikora bultzatzea, ikasgeletan kontzeptu abstraktu asko eman eta zientzia gutxi egiten bada.

Egun konpetentzia zientifikoa edukitzeak esan nahi du gertaera zientifikoak azaltzen jakitea, gai zientifikoak identifikatzen jakitea eta datu zientifikoak erabiltzeko gai izatea. Baina, nola garatu konpetentzia zientifikoa? Uskolak ez du zalantzarik: esperimentatuz. “Ikerketak, metodologia moduan, konpetentzia zientifikoa osotasunean garatzeko aukera ematen du. Eta balio izan behar du, edo dezake, kontzeptu edo lege zientifikoak ikasteko”. Bere ustez, jarrera zientifikoak garatzeko aukera ere irekitzen du: “Jakin mina sustatzen da, ekintzaile izatea bultzatzen da, datuak erabiltzera animatzen da... Ikaslea inguruarekin harremanetan jartzen du, talde lana sustatzen da, eztabaidatu egiten da, konpartitu..”

Era berean, esperimentazioaren diseinua ere funtsezkoa da. “Diseinua edukita, datuak biltzen dira, grafikoak egiten eta ondorioak ateratzen. Ondorioetatik beste galdera on batzuk sor daitezke, eta beste ikerketa batzuk abiarazi”. Uskolak beste urrats bat ere planteatu du: nork bere lana ebaluatzea.

_______________________________________________________________________________________________________________________________________________
LOREA  ARAKISTAIN eta MARIA GIL

Zientzia hezkuntzaren erronkak, Europatik begira

Urteotako krisiari erantzuteko orduan izan diren ahuleziak aztertuz Europako Batzordeak 2020rako jarritako erronken artean dago hezkuntzan eman beharreko eraldaketa. Europak zer proposatzen duen eta Euskal Herritik begiratuta nola erantzun daitekeen azaldu zuten Elhuyar Fundazioko Lorea Arakistainek eta Maria Gilek.
Europak ezarritako bide-orriak dioenez, ikasle guztiek eskuratu behar dituzte oinarrizko gaitasunak, alfabetatzea eta matematika barne; guztien eskura jarri behar da goi-mailako irakaskuntza; haur hezkuntza zabaldu behar da eta eskola-uzte goiztiarra ekidin; eta zuzendari eta irakasle formatzaileek laguntza gehiago jasoko dute.

Arakistainek eta Gilek azaldu zutenez, oinarrizko-gaitasuna lehen helburua izanik, zeharkako gaitasunak, ekintzailetza bereziki, eta gaitasun bokazionalak garatzeko beharra azpimarratu da Europan.Horiek lantzeko, erakunde pribatu eta publikoen arteko lankidetza eta ikasketa ireki eta malgua bultzatuko du Europak. Bide horretan, tokiko interes taldeei ere ateak ireki dizkiete, eta  lankidetza bultzatu nahi da tokiko hezkuntza taldeekin. Lankidetza mota horietako zenbait azaldu zituzten hitzaldian.

_____________________________________________________________________________

SANTIAGO FERNANDEZ

Matematikaren irakaskuntza modua aldatu beharraz
Inork ez du zalantza egiten matematiken irakaskuntzak duen garrantziaz. Jardunaldiotan ere ez zen matematika auzitan jarri, are gehiago konpetentzia matematikoak edukitzea gero eta garrantzi handiagoa duen mundu batean gaudenean. Matematiken irakaskuntza modua da auzitan jarri zutena.

Mundua matematikaren bidez esplikatzera joan zen Santiago Fernandez; matematikarik gabe mundua esplikatzea ezinezkoa dela garbi utzi zuen Berritzegune zerbitzuetako matematika-aholkulariak. Matematikak ikasteko modu dibertigarri bezain eraginkorra aurkeztu zuen Raul Ibañezek. Jolas eta jokoen bidez ikasleek konpetentzia matematikoak nola bereganatzen dituzten erakutsi zuen EHUko Geometria eta Topologiako irakasle eta ikertzaileak. Biek matematikak irakasteko moduaren aldaketa aldarrikatu zuten.

“Zenbakien munduan bizi gara, eta, oharkabean, ariketa matematikoak egiten ditugu etengabe. Ordutegiak, bankuko eragiketak, erosketak …; eta ez hori bakarrik: grafikoz eta taulaz beterik dagoen munduan bizi gara. Oharkabean interpretatzen ditugu. Pentsa ezazue, orain, une batez, hori gabe nola bizi gaitezkeen. Imajina daiteke matematikarik gabeko mundu bat? Ezinezkoa da”, dio Fernandezek.

Aldaketa izugarrien eta azkarren garaian gaude. Mundu aldakor honetan, matematikak ulertu, erabili eta ariketa matematikoak egiteko gai direnek gero eta aukera gehiago izango dituzte beraien etorkizuna erabakitzeko. Etengabe sortzen eta garatzen doaz matematikak erabiltzeko eta komunikatzeko moduak, ezagutzak eta tresnak. Baina hezkuntzan ez da ikasketa modua aldatu, edo oso gutxi aldatu da matematikaren irakaskuntza. Testuinguru hori marraztu zuen Fernandezek jardunaldiotan.

Matematiketan oinarrizkoa denaren nozioa aldatzen ari da pixkanaka, eta edukiek, beraz, moldaketa eta aldaketa sendoak jasan behar dituela uste du Fernandezek. “Curriculum aldaketa behar da, etengabe baliabide matematikoak erabili behar diren gizartean baikaude”.

Baina, horren aurrean, zer dugu ikasgeletan? “Software matematikoak toki guztietan daude, nonahi erabiltzen dira, eskoletan izan ezik. Normala da hori? Inolaz ere ez”. Herritar konpetente batek nolabaiteko pentsamendu matematikoa behar du. Gainera, prestakuntza matematiko sendoa duten gero eta pertsona gehiagoren beharra dago. Fernandezen arabera,  matematikoki konpetentea izatea da: ezagutza matematikoak malgutasunez erabiltzen jakitea eta testuinguru desberdinetan haiek behar bezala aplikatzen jakitea. Orduan, nola landu konpetentzia matematikoak eskolan?

Fernandezen ustez, kontuan hartu behar dira:  gizarte beharrak;  ikasleen zenbait ezaugarri ezagutzea; eduki matematiko funtzionalekin lan egitea; buruketak testuinguru batean askatzea; denbora gutxiago ematea algoritmoen ikasketan; IKTak modu inteligentean erabiltzea; oinarrizko edukiak lantzea; eta modu interdiziplinarrean lan egitea.

Fernandezen arabera, beraz, matematika irakaskuntza eredu berriek aintzat hartu behar dute: buruketak formulatu eta askatzea; egoerak kuantifikatzeko gai izatea; zenbakien gainean arrazoitzea; eragiketak erraz egitea, baliabide egokiak erabiliz; neurrien gaineko konpetentzia edukitzea; gai geometrikoetan konpetente izatea; arrazonamendu proportzionala ulertzea; komunikatzeko sinboloak ezagutu eta erabiltzea;  informazioa prozesatzea, taulak eta grafikoak irakurtzea; buruketak modelizazio bidez askatzea; eta teknologia berriak erabiltzea, besteak beste.

Jolastuz ikasi
Gaitasun edo konpetentzia matematikoak eskuratzeko jolasek eta jokoek daukaten garrantziaz mintzatu zen Raul Ibañez jardunaldietan. “Ikasleek, oharkabean, alegia, modu naturalean, berenganatzen dituzte ezagutza matematikoak. Joko bat ebazten edo askatzen dutenean, zein baliabide matematiko erabili dituzten azaltzen diezuenean harritu egiten dira, eta ohartzen dira eragiketak egiten jakiteaz gainera, unean uneko baliabideak erabiltzen ikasi dutela”, azaldu du Ibañezek. “Jokoekin gaitasun intelektualak, eta bereziki emozionalak garatzen ditugu. Gainera, jokoek haur guztientzat balio dute; are gehiago, adin guztientzat balio dute”.

Matematiketan, Ibañezentzat oinarrizkoak dira jolasak. Gainera, matematiketan aktibo izatea bultzatzen du ikaslea. Baina ohartarazi du jokoetan, bidea dela garrantzitsua, eta ez emaitza. Helburua ez da irabaztea, jokoaren bidez matematika, geometria, dedukzioa eta beste gai asko lantzea baizik. “Irakasleak, noski, parte hartu behar du ikaslearekin, jokoaren prozesuan. Irakaslearen helburua izan behar da, ikaslea frustrazioan erortzea saihestea. Jokoaren bidez, ikasleari irakatsi behar zaio garaitzea bezain garrantzitsua dela porrot egitea. Zientziaren muinean dago porrota; huts egiteetatik iritsi da aurrerapena”.
_______________________________________________________________________________________________________________________________________________

TAILERRAK

PRAKTIKATUZ IKASI; ESPERIMENTAZIOAREN GARRANTZIAZ
Ikusi, behatu, dastatu, esperimentatu eta ondorioak atera. Zientziaren metodologiaren oinarrizko ekintzak dira horiek. Ikasgelan, ordea, askotan ondorioetan, emaitzetan, zentratzen da, eta ondorioetara, emaitzetara, mugatzen da ikaskuntza, prozesu osoa kimatuz.
Ikastolen XXI. Jardunaldi Pedagogikoetan egin ziren tailerretan eta erakutsi ziren praktika onetan, gabezia horiek saihesteko modu asko erakutsi ziren, praktikatuz, esperimentatuz ikasteko eta konpetentzia zientifikoak garatu eta eskuratzeko bide zuzenak aurkeztu ziren, ikasteko prozesuak ugaltzearekin batera, dibertituz ere ikasi daitekeela baieztatuz.
Bost tailer eta bi praktika on aurkeztu ziren jardunaldietan. Gehienak ikastoletako edo EHIko esperientziak izan ziren, gainera, jardunaldion helburuetako bat aurrera eramanez: egiten duguna besteei erakustea.
Natur zientziekin, matematikekin, … zerikusia zuten tailerrak izan ziren, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako etapei zuzenduta, jardunaldiok ere etapa horientzat berariaz prestatuak ziren eta.
EHIko HHko taldekideek, esaterako, Iruñeko Atarrabikao PAZ DE ZIGANDA IKASTOLAn xaboizko burbuilekin egindako  haurrentzako saio esperimentala eraman zuten jardunaldietara. Umeentzako jolas hutsa dirudien saio horren bitartez, ikasleei hainbat ezagutza helaraz dakizkie:  molekulen mugikortasuna; gainazal tentsioa; bolumena, azalera eta angeluak; nahasketa kimikoak; irudi geometrikoak; argia eta irisatzea; likidoaren eraldaketa; pisua (grabitatea) …

Matematikarekin jolas eginez gauza asko ikas-irakats daitezkeela argi frogatu zuen, baita ere, Andoaingo Aita Larramendi ikastolatik joandako Lidia Gastonek. Maiz, gure eskura ditugun materialak erabiliz ikasleei matematikaren beste ikuspegi bat eskain daitekeela erakutsi zuen. Jarduera horiek jolas modura egiten badira, gainera, ikasleek are gusturago egingo dituztela azaldu zuen,  eta ikasleak, ohartu gabe, jolasaren bidez matematikarako beraien gaitasuna garatzen joango direla. Hainbat jolas aurkeztu zituen: Dobble (arreta lantzeko);  Ordulariak (neurria); Oka jolasa (zenbakiak); txanponak (neurria); Tangrama (geometria); Escodite (logika); Puzzleak (logika); Buruhausgarriak (logika).

Oiartzungo HAURTZARO IKASTOLAn HH eta LH etapan zikloz- ziklo konpetentzia zientifikoaren lanketarako garatzen dituzten esperientziak aurkez zituzten Oinartzundik jardunaldietara joandakoek; LH 1 zikloan egiten dituztenak bereziki. Lazkaoko SAN BENITO IKASTOLAn Jose Luis Etxezarretak berriz, geometria lantzeko proposamenak aurkeztu zituen bere ‘Möebius eta maitasunaren detektagailu geometrikoa’-ren bitartez.

Araitz Uskolak ere, hitzaldiaz gainera, tailer bat zuzendu zuen. Hain zuzen ere, urtaroen maketa bat aurkeztu zuen, nola egin eta zertarako erabili daitekeen azalduz: Eguzki sistema ezagutzeko, ekinozioak eta solstizioak azaltzeko (Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen translazio mugimenduaren lau une bereziak), Ekuadorra, Tropikoak eta Zirkulu polarrak zer diren adierazteko…

Praktika onen kasuan, Lekeitioko RM AZKUE IKASTOLAN Haur Hezkuntzan zientziara hurbiltzeko zein urrats egiten dituzten azaldu zuten Lourdes Agirre eta Maria Jose Ibarra irakasleek. Lazkaoko San Benito ikastolako Jose Luis Etxezarretak, Edurne Muxikak eta Miren Otamendik, berriz, LHko 3. zikloko ikasleak geometriaren mundura nola hurbiltzen dituzten azaldu zuten, egunerokoan duen garrantzitik abiatuz. 
_______________________________________________________________________________________________________________________________________________

XX. JARDUNALDI PEDAGOGIKOETAKO
ONDORIOAK

JARDUNALDIETATIK IKASGELETARA
Ikastolen XXI. Jardunaldi Pedagogikoak martxoaren 10ean hasi ziren atariko hitzaldi batekin, eta martxoaren 12an eta 13an bi saio bete hitzaldi eta tailerrez osatu ziren. Jardunaldietan ikasitakoa ikasgelera eramateko ordua da orain.

EHItik oso balorazio ona egin da jardunaldiok eman dutenaz. Hitzaldi oso interesgarriak izateaz gainera, tailerretan erakutsitako praktika eta esperimentazioek jardunaldietan parte hartu zutenen espektatibak goitik aseta geratu ziren, egun bakoitzaren amaieran betetako inkestetan azaldu zutenez.

Neus Sanmarti eta Araitz Uskola esperimentazioa eta teoria uztartzearen premiaz mintzatu ziren, eta, era berean, gaia sakondu zuten metodologiaz, pentsatzearen beharraz eta galdera onak egiten jakiteak duen garrantziaz hitz eginez. Santiago Fernandez eta Raul Ibañez matematikaren beharraz aritu ziren: lehenak egunerokotasunean matematikak zenbat behar ditugun azaldu zuen hainbat egoera dibertigarri esplikatuz; bigarrenak, berriz, matematikaren irakaskuntzan jokoek duten garrantzia azpimarratu zuen eta hainbat jolas proposatu zituen. Elhuyarren eskutik Europan zientzia hezkuntzaren aurrean zertan ari diren kontatu zuten Lorea Arakistainek eta Maria Gilek. Danel Solabarrietak eta Ana Galarragak, berriz, hitzaldi bainoago tailer gisa, ikasgelan egin daitezkeen hamar esperimentu erraz egin eta azaldu zituzten ordubetean.

Praktika onak eta tailerrak jendez mukuru egon ziren. Nabaria zen jardunaldietan ikastera joandako irakasleek teoriaz bustitzera bezala praktikak egitera joanak zirela. Tailerrak arratsaldez ere jarri izana eskertu zuten bertaratutakoek.

Hainbat ondorio atera ziren hitzaldi eta tailerretatik: erakustea ez dela soilik informazioa ematea; pentsatzea, planifikatzea, dokumentatzea, esperimentazioan erabakiak hartzea, frogatzea, konektatzea eta, batez ere, egoerak ulertzea dela azpimarratu zen. Esperimentazioa eta teoria bata bestea uztarturik daudela eta ezagutza haratago doala, baina ez dela hara iristen aurreko bi urratsak egin gabe.

Jardunaldion xedea irakasleak prestatzea izanik, hankamotz geratuko lirateke, bi egunetan erakutsi eta irakatsitakoak ikasgeletan aurrera eramango ez balira. Horregatik, aditu guztiek azpimarratu bezala, EHItik ere irakasleak animatu zituzten ikasitakoa praktikara eramatera, ikasgeletan lantzera, zientziak egitera.

_______________________________________________________________________________________________________________________________________________
ITZULPENAK

XXI.as Jornadas Pedagógicas de las ikastolas
Durante los días 12 y 13 de marzo, se celebraron en Gasteiz las XXI.as Jornadas Pedagógicas de las ikastolas. Este año se centraron en la enseñanza y aprendizaje de las ciencias, incidiendo en la necesidad del aprendizaje mediante prácticas. Aunque parezca redundante, el método más efectivo para el aprendizaje de las ciencias es el método científico; esto es, observar, probar, experimentar, discutir y sacar conclusiones.  Es por eso que además de charlas y ponencias de expertos de alta talla se impartieron numerosos talleres de experimentos y juegos. También se subrayó el valor transversal del método científico y la necesidad de usar éste en otras áreas de enseñanza.

 

XXIèmes Journées Pédagogiques des ikastola

Elles se sont déroulées les 12 et 13 mars à Gasteiz. Le thème principal était l'enseignement des sciences et la nécessité de l'apprentissage par la pratique. Bien que cela puisse paraître rébarbatif, la méthode la plus efficace pour l'apprentissage des sciences reste la méthode scientifique par l'observation, l'expérimentation, le dialogue et la recherche de conclusions. Ainsi, en plus des discours et des rapports des experts, des ateliers d'expérimentation et de jeux ont été organisés. La transversalité de la méthode scientifique et la nécessité de l'appliquer à d'autres domaines de l'enseignement ont également été soulignées.  

 

ikastola 208
2014 Apirila
208