Euskal Herriko Ikastolak (EHI) lehendakaria, zuzendaria eta pedagogia arduraduna
KOLDO TELLITU, IMANOL IGEREGI eta ABEL ARIZNABARRETA
Ikastolak hezkuntza erronken aurrean
Hezkuntza sistema propioa behar dugu.
“Hezkuntza sistema propioa behar dugu: guk egina, guretzat egina eta munduari irekia."
Edozein herriren, eta are gurea bezalako txiki baten, garapenerako hezkuntzak duen garrantzia begien bistakoa izanik ere, orain, inoiz baino premiazkoagoa da hezkuntzari lehentasuna ematea. Gure hezkuntza aukeraren antipodetan dagoen LOMCE bezalako egitasmoen mehatxuari gurean sakonduz erantzun behar zaio. Gai hori abiapuntu hartuta, elkartu ditugu elkarrizketa honetan, EHIko lehendakari Koldo Tellitu, EHIko zuzendari Imanol Igeregi eta Pedagogia arduradun Abel Ariznabarreta.
Aurtengo ikasturte hasierako ekitaldian, Ikastolen Elkarteak ongi asko azpimarratu zuen mehatxuz, erronkaz eta aukerez beteriko ikasturtea izango zela. Eta halaxe ari da izaten; LOMCE legeak eta hura aplikatzea saihesteko bidearen bilaketak batetik, Heziberri 2020 plangintzak, bestetik, nabariago jarri dute hezkuntza lege eta hezkuntza sistema propioaren beharra, ahaztu gabe, besteak beste, Jaurlaritzak ezarritako soldata murrizketaren eraginez ikastoletan sortutako lan gatazka, zorionez lan akordio baten bidez itxi dena.
Hel diezaiogun lehenbizi, Hezkuntza Erreformarako Espainiako LOMCE legeari. Ez dela beharrezkoa azpimarratu duzue, eta atzerakoia dela.
Ez, ez da, inolaz ere, beharrezkoa. Hego Euskal Herrian LOMCEk proposatzen dituen helburuak (Europak ezarritakoak) dagoeneko beteak ditugu. Adibidez, eskola porrota eta eskola uzte goiztiarrari buruz jarritako helburuak, gurean gaindituta daude. Eta atzerakoia da, eredu pedagogiko aurrerakoi guztien aurka doa, ikaslearen garapen integralaren aurka doa, eta ez du neurri bakar bat ere proposatzen hezkuntza kalitatearen hobekuntzarako.
Hasieratik azpimarratu zenuten, baita ere, erasorik bortitzena curriculumaren bidetik zetorrela.
Sistema aldaketa da, eta eskumenen gaia aipatu behar da hemen. Azken batean enborreko jakintza gaiak direnak Hezkuntza Ministerioaren esku geratzen dira: edukiak beraiek markatuko dituzte errege dekretuen bitartez, oso zabalak izango direnak eta hemengo dekretuetan sartu beharrekoak; gainera, enborreko gai guztien ebaluazio diseinu, eduki eta azterketa bera ere eurek kontrolatuko dute, eta azterketen zuzenketa eta datuen erabilpena ere euren esku geratuko da.
Orain arteko curriculumetan nolabaiteko oreka egon da, ez zehazki gure gustukoa, izan ere eskumen guztiak hemen baditugu hemendik egin beharko litzateke dena, baina nolabaiteko oreka bat egon da orain arte, eta hori erabat hausten du LOMCEk, dena Madrildik ezarrita iritsiko baita. Erabat kontrolpean edukiko dute. Birzentralizazio prozesu bortitza da.
Euskarari dagokionean, berriz, egungo hizkuntz ereduen markotik harago joateko ateak ixten ditu.
Hori da. Egungo testuinguruari begira baino, etorkizunari begira ikusten ditugu arrisku gehiago. Kontuan hartu behar da muga bat ezarri dutela. Ereduen auzia gainditzen ari garen honetan, ereduen sistema betikotzen duelako, gaztelaniazko irakaskuntza blindatzen duelako, alegia A eredua blindatzen duelako.
LOMCE legeak proposatzen duen ikasleen sailkapen goiztiarrak ere kezka eta salaketa ugari eragin ditu.
Europak ezarritako helburuen interpretazio makur eta baztertzailea egiten dute Hezkuntza Ministerioan: beren asmoa da ikasle onenekin geratu eta haietan zentratzea, eta gainontzekoak sistemaren barruan mantentzea (eskola porrotaren eta uzte goiztiarren datuak ez puzteko) baina oso goiz bigarren kategoriako heziketa eskainiz. Planteamendu aldetik oso baztertzailea da, une honetan Europa mailan dauden planteamenduetatik erabat aparte eta ia-ia kontra dagoena. Gainera, hemen, gure esparruan, ikusi da bide horretatik joan beharrean bide inklusibotik joanda, emaitza onak ari garela lortzen. Orduan, ezin dugu ulertu bide hori inposatu nahia, guk beste bide horretatik emaitza onak lortu ditugunean, eta Europatik markatutako estandar horiek betetzen ari garela.
Ikaslearen ibilbidean zehar, gainera, bina froga (Lehen Hezkuntza 3 eta 6) eta errebalida (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 4 eta Batxilerra) ezartzen ditu lege berriak.
Titulua eskuratzeko ezinbestekoa jartzen baduzu kanpoko froga bat gainditu beharra, eta ondoren sartzen badira jokoan irakaskuntza-ikaskuntzan lortutako emaitzak, ba argi esan behar da irakaslearen papera bigarren mailan jartzen dela, bere profesionaltasuna zalantzan jartzen eta bere eskumena den ebaluazioa debaluatzen. Gainera, Madrilek ezartzen baditu edukiak eta ebaluazioa, eta froga bera ere ikastetxetik kanpoko eragile batzuen esku uzten baditu, auzitan jartzen dira irakaslearen papera, ikastetxearena eta tokiko administrazioarena.
Gainera, ikaslea etengabe ‘ad demostratum’ batean sartzen duzu; alde batetik, ikastetxean planteamendu pedagogiko integral bat egiten da, bere ebaluazioekin, baina, bestetik, gero, noizbehinka, eten bat egiten da, eta kanpoko ebaluazio batean frogatu behar du ikasleak bere balioa.
Ebaluazioaren kasuan azpimarratu behar da nolako eragin gaizto eta maltzurra duen; horrek baldintza dezake gelako dinamika, edukien lanketa eta heziketaren xedea bera ere. Hori benetako arriskua da. Akademia bat balitz bezala bihurtzen da eskola, irakaskuntza instrukzioa besterik ez. Ematen du ‘fordismo’-ra eraman nahi dutela hezkuntza.
Hezkuntza komunitate osoa haserre eta LOMCEren aurka dago, baina datorren ikasturtean indarrean sartuko da. Irailetik aurrera, beraz, zer?
LOMCE legearen alde positibo bakarra izan da hezkuntza komunitate osoa, alderdi politiko ia guztiak, sindikatuak, Eusko Jaurlaritza bera… denak legearen aurka gaudela. Dinamika bat piztu du legeari aurre egiteko, eta haren aplikazioa saihesteko bidea bilatzeko. Guk argi daukagu ezin dela LOMCE aplikatu; euskal curriculuma garatu behar dugu, horrek jarraitzen du izaten gure helburua. Delorsen plana eta Europa 2020ren xedeak ere uztartuta ditugu; LOMCEk ez du hori baldintzatuko. Horregatik, argi eta garbi dugu ez dugula LOMCE aplikatuko, eta era berean, ez dugula gure ikasleen etorkizuna arriskuan jarriko. Pentsatzen dugu formula egokia aurkituko dugula, ez ikastolan bakarrik, baizik eta hezkuntza sistema osoan.
LOMCEren aurka bezala, hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarriak egin dituzue.
Biak uztartuta datoz. Alegia, LOMCE bezalako mehatxuei aurre egiteko ez dago bide hoberik Euskal Herriarentzako hezkuntza sistema propioa edukitzea baino. Bai, hezkuntza sistema propioa behar dugu Euskal Herrian, guk egina, guretzat egina eta munduari irekia. Ez dago itxaroterik, helburu horretarantz garamatzaten urratsak egin behar ditugu.
Ikastolon aspaldiko aldarrikapena da helburu hori. Hezkuntza sistema propioa nahi dugu, euskal curriculuma garatu nahi dugu eta eredu pedagogiko aurrerakoienarekin. Hortik abiatuta jarri dugu martxan EKI proiektua, euskal curriculuma ardatz duen eta integrazioaren pedagogiaren bitartez konpetentzietan oinarritzen den eredua. Gainera, eredu hau aurrera ateratzeko irakasleen formazioan ere sakontzen ari gara eta gurasoen partaidetza kolaborazioa ere bermatu nahi ditugu; EKI espazioan material osagarriak ere aterako ditugu gurasoen partaidetzaren eta kolaborazioaren bila.
Bide horretan Heziberri 2020 plangintza agertu da. Eredu pedagogikoaz, euskal curriculumaz, are, hezkuntza legeaz ere mintzo da plangintza.
Guk hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen dugu Euskal Herrirako; baina, era berean, ezin gara geldi egon proposamenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoa bakarrik barnebiltzen badu ere. Horregatik parte hartzen ari gara Heziberri 2020an. Hezkuntza sistema propio baterantz urratsak egin behar ditugu, eta bide horretan Araba, Bizkai Gipuzkoan aukera dugu Hezkuntza Legea egitea. Lege hori izan liteke, gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan LOMCEren aurkako harresi sendo eta eraginkorrena.
Heziberri 2020ren lehen fasea amaitu da, eredu pedagogikoa eta curriculuma zehaztuta. Beste bi fase geratzen dira oraindik.
Bai, curriculum dekretuak egitea eta Hezkuntza Legeari heltzea dira fase horiek, eta une honetan, proiektuak bezainbesteko garrantzia dauka denborak. Jaurlaritzaren asmoa da dekretuak egin ondoren heltzea legeari. Guk, diogu, ordea, biak batera hasi behar dutela. Bigarren eta hirugarren faseak batera hasi behar dira, bestela, legearen bidea legealdi honetan egitea ia ezinezkoa litzateke. Horregatik planteatzen dugu Heziberrin sakontzea, eta azkartzea, bereziki legearen alorrari dagokionez. Heziberri, beraz, proposamen egokia izan liteke, baldin eta lidergoa eta ‘tempus’-ak ondo kudeatzen baldin badira. Hezkuntza Legeari dagokionez, gainera, azpimarratzekoa da EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, hiruek formulatu dutela legearen premia.
Hezkuntza Legea aipatuta, zein puntu barne bildu beharko lituzke?
Xehetasun handietan sartu gabe, bost puntu nabarmenduko genituzke. Lehendabizikoa litzateke legeak zerbitzu publikoaren inguruko planteamendua egin beharko lukeela; hau da, sare publikoa edo kontzertatua izan, biek eskaintzen duten zerbitzu publikoa aintzatetsi beharko litzatekeela. Bigarren puntu gisa jartzen dugu legeak Euskal Curriculuma garatzeko tresna egokia izan behar duela. Era berean, hirugarren puntu gisa, euskara ardatz duen eleaniztasuna bultzatzeko tresna izan behar du legeak. Legeak bermatu behar du, bestalde (laugarren puntua), sareen finantzazio egoki eta ekitatiboa; gure funtzionamendurako eta garapenerako behar dugun finantzaketa ari gara eskatzen eta ez irakaskuntza publikoaren finantzaketa bera izatea. Gure konpromisoa beti izan da gure kontuak gardentasunez erakustea eta erabiltzea. Eta, azkenik, bosgarren puntu gisa jartzen dugu legeak langileen egoeraren hobekuntza ekarri behar duela: irakasleen homologazioaz ari gara, baina baita ere dedikazioaz, prestakuntzaz, … Langile figuraren errebindikazioa egiten dugu.
Eta honela, zerbitzu publikoaren garapenaren eskutik, aukera berdintasun eta gizarte kohesioa bultzatzearekin batera, ikasle guztien eskola emaitzen hobekuntza lortu beharko genuke. Hezkuntza lege baten eragina mugatua da, egunerokotasuna hobetzeko ez badu balio.
Langileak aipatu dituzue. Irakaskuntzan aspaldi izan den lan gatazka handienari ikastoletan, zorionez, amaiera eman zaio alde biko lan akordioari esker. Zein balio dauka akordio horrek?
Oso balio handia dauka, eta, gainera, akordio hori bi aldeok ez dugu helmuga gisa ikusi, bide baten hasiera baizik. Kontuan hartu behar da, gainera, lan gatazka hirugarren baten alde bakarreko erabaki batek sortu zuela: 2010ean Zapateroren gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egin zituzten murrizketak izan dira urteotan gure langileekin izan ditugun arazo guztien jatorria. Hori ulertuta, eta ulertuta, baita ere, elkarrizketan zehar aipatu ditugun erronka handi horiei heldu ahal izateko ezinbestekoa dela hezkuntza komunitatean bake soziala egotea.
Langileen sektoreak heldutasuna eta gaitasuna izan ditu akordioak egiteko; hori oso onuragarria izan da ikastolentzat. Gainera, ikastoletako langileak dira, une honetan, akordio bat erdietsi duten bakanetakoak. Alde biok, planteamendu desberdinetik abiatuta, ikusi dugu gure ereduarentzat onuragarria zela halako akordio bat egitea, dauzkagun proiektu guztiak aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa zela. Akordioarekin, gure sorbaldatik zama handia kendu dugu eta langileak ere nabaritu du hori bere ikastoletan. Oso inportantea da ikastolaz ikastola gardentasunez jokatzea, langileekiko erabat garden izatea, eta horrek bakarrik bermatzen du akordio honen garapena. Hori onura bezala ulertu behar dugu alde guztiok, ikastola guztiotan, aurrera begira ere erronkei aurre egiteko, elkarlanean. Halako planteamenduekin irabazten da sinesgarritasuna. Horrelako akordioen bidez soilik garatu daiteke une honetan lanpostuen eta lan baldintzen egonkortasunari begira egiten ari garen planteamendua, eta aurrera begira ere hori izan behar da gure lan ildo nagusietako bat.
Dena den, lanpostuen eta lan baldintzen egonkortasunerako eta hobekuntzarako hezkuntza lege bat ezinbesteko ikusten dugu, langileen lan harremanetarako marko adostu bat lortze aldera, eta une honetan egon daitezkeen eragozpenak gainditzeko bide bezala. Lege bat eta finantzazio eredu berri baten euskarria dira klabeak.
Erronka hauek guztiak aurrera eraman ahal izateko gakoa elkarlana izango da, ezta?
Zalantzarik gabe. Elkarlana beharrezkoa dugu LOMCEri aurre egiteko, Hezkuntza Lege bat aurrera ateratzeko, hezkuntza sistema propioa eraikitzeko. Gu prest gaude, aspaldi eskaini genuen elkarlana eta elkarlanari garrantzi handia ematen diogu. Elkarlana beharrezkoa baita, hezkuntza eragileekin, administrazioarekin, alderdiekin, sindikatuekin… Horretarako prest gaude eta horretan sinesten dugu. Eta horretan gabiltza, dela LOMCeren aurka sortutako foro eta plataforma desberdinetan, dela Heziberri 2020en, eta dela gure etorkizunerako garrantzitsu irizten diegun beste hainbatetan.
La necesidad de un sistema educativo propio
Tal y como se avanzó en el acto inaugural de este curso escolar, este año está lleno de retos, oportunidades y amenazas en el mundo de la enseñanza. La entrada en vigor de la LOMCE en el próximo curso y la búsqueda de vías para no aplicarlo, el proyecto Heziberri 2020 del Gobierno Vasco, el conflicto laboral dentro de la enseñanza a raíz de los recortes financieros de la administración que afortunadamente se ha resuelto en las ikastolas mediante un acuerdo, son temas de gran calado. Es por eso que hemos reunido a Koldo Tellitu, Imanol Igeregi y Abel Ariznabarreta, presidente, director general y responsable del Área Pedagógica de EHI respectivamente. Lo tienen claro: ante estos retos y amenazas hay que avanzar en la construcción de un sistema educativo propio en Euskal Herria.
Nécessité d'un système éducatif propre
Cette année scolaire est riche en défis à relever, opportunités et menaces pour le monde de l'enseignement. L'entrée en vigueur dès la rentrée prochaine de la LOMCE et la recherche de solutions pour ne pas l'appliquer, le projet Heziberri 2020 du Gouvernement Basque ou encore le conflit salarial né des restrictions budgétaires de l'administration, qui heureusement au niveau des ikastola a pu être réglé par un accord, sont des sujets lourds. Nous les avons abordé avec Koldo Tellitu, Imanol Igeregi et Abel Ariznabarreta, successivement président, directeur et responsable pédagogique de EHI. Pour eux, il est clair que la mise en place d'un système éducatif propre au Pays Basque permettrait de résoudre ces problèmes.