Ikastolen Elkartearen eskutik Aisialdia
UDAKO AISIALDI ESKAINTZA
"Jantzi berriekin"
Martxan da udako aisialdi eskaintza eta aisialdi taldea osatzen duten kideek dena prest dute 2014ko udarako.
Aisialdi taldea Iraultzak, Junek, Jonek, Josebak eta Nagorek osatzen dute, baina hori baino handiagoa da lantaldea edo familia (beraiek dioten moduan). Alde batetik, egitasmoetan jarduten duten hezitzaileek osatzen dutelako aisialdiko familia, eta, bestetik, etorkizunean hezitzaile izango diren gazteak hurbil dituztelako Aisiolako ikastaroetan. Behar denerako beti prest! Azaleko argazkian, adibidez, Andoaingo hezitzaile ikastaroko gazteak alai, udatiar eta gogotsu agertu dira aisialdi taldeak egindako deira.
Etxe askotan uda nola antolatu pentsatzen ibiliko zareten unean dator udako katalogoa, aldizkariarekin batera jaso duzuen esku-orria. Hamar dira aurtengo egitasmoak: batzuk ibilbide luzea dute; besteak batzuk guztiz berriak dira.
Gela barruan langai diren balioak modu ez-formalean landuko dira aisialdi eskaintzan, uda sasoiak ematen duen patxadarekin. Jakin bai baitakigu ikasle baten ikaskuntza prozesuak biko norabidea duela, gela barrutik kanpora eta kanpotik barrura.
Txikienentzat eguneko egonaldiak
Ikasleen autonomia sustatzeko etxetik kanpo, gutxienez, astebetez egoteko aukera ematen da eskuorrian. Baina horretarako gazteegiak direnentzat, dagoeneko ezagunak diren Udaleku Irekiak eta Enjoy English egitasmoak daude. Aurreneko egitasmoak katalogoko gazteenak biltzen ditu, 3-7 urte arteko gaztetxoak, eta beraien sormenean eraginez uztaila eskulan eta tailerretan murgilduta pasatuko dute. Ikasle txiki hauen parte hartzea jarriko dugu programazioaren erdian; txikienek hitza izango dute, bera,z egitasmoaren edukiak gidatu, aldatu eta proposatzeko. Jakin Udaleku Irekiak horrela eskatzen duen ikastoletan burutzen direla. Modu berdinean, Enjoy English programa ere ikastolan bertan burutzen da, baina honetan ingelesaren lanketa da ardatz. Antzeko beste eskaintza batzuekin alderatuz, Ikastolen Elkarteak jatorrizko ingeles hiztunekin burutzen du programa hau; ez-ohiko eskaintza beraz. Gurasoen aldetik oso ondo baloratzen den balio erantsia.
Ingelesaren lanketari begirako egonaldiak
Euskal Herriko kostaldean barrena antolatzen dira Ingeles Udalekuak, Sopelan, Bermeon, Ondarroan eta Zarautzen. Bestetik, ausartenek, hegazkina hartuta hilabeterako, atzerriko bidea egiten dute. Irlandako iparraldeko Maghera herrian opor sasoiaz gozatzeko, ingelesa lantzeko eta bertako kultura ezagutzeko aukera ematen du programa honek.
Bizi Jolasen eskutik lurra eta itsasoa
Bizi Jolas proiektuak bi egitasmo integratu ditu aurtengo eskuorrian. Pilotazale direnentzat Oion izan daiteke egonaldi aproposa, Lurra eta Pilota Udalekua, alegia. Bestetik, itsasertzean berria den egitasmo bat kokatu dute, Itsasoa eta Kultura Udalekuak. Itsasoak gure ezaugarri motorretan izan duen eragina joko eta jolasen bidez esperimentatuko dute. Lekeition izango da udaleku berri hau; han, gainera, Ikastolen Elkarteko trainerua zain izango dute abenturarik ederrenak bizitzeko.
Dagoeneko haur ez diren gazteentzat egonaldiak
Aurtengo Araba Euskaraz antolatzen den ikastolan izango dira Eusk(h)ara Mugara udalekuak, Lapuebla de Labarkan. “Mugan bizi, bizi!” leloarekin bat egingo du udaleku honek aurtengoan.
Bestetik, badira bi egitasmo gazteengan beren-beregi pentsatuak sortu zirenak, egonaldi tematikoak lirateke hauek; bai Surf Udalekuak, bai Gazte Egonaldiak. Batean surfa eta surfaren kultura da oinarri (surf eskolak, skate, oreka ariketak, material tailerra, txangoak…) eta bestean ikus-entzunezkoak (bideoklipen sormen lanak eginez eta euskal musikako taldeen zuzeneko kontzertuekin gozatuko dute).
Gazte Egonaldietan aurten estreinakoz ‘’Gaztezulo’ aldizkariarekin elkarlan bat jarriko da martxan. Bi hilabeteko harpidetza doan emango zaio izena ematen duen gazteari eta egonaldian bertan aldizkarikoen bisita eta tailer bat izango da. |
BERRIKUNTZA handiena Elkarrekilan Zuberoan egonaldia duzue aurten. Aspaldiko erronka bati heldu dio aurten aisialdi taldeak, Ipar Euskal Herrian egonaldi bat ateratzeari. Iparraldeko eta hegoaldeko ikasleak modu kontzientean nahastuko dituzte Zuberoan, mugaz gaindiko zubiak eraikitzea da helburu nagusia.
Web gune berria:
Orain arte gurasoentzat erreferente izan den bloga, web atari bihurtuko da hemendik aurrera. Beraz, informazio gehiago lortzeko eta egonaldietan sakontzeko arakatu beldurrik