IKASTOLA 206 > orientazioa > OPARITARAKO AUKERAK

Jolasak

OPARITARAKO AUKERAK

Ikastolen Elkarteak esperientzia luzea dauka euskarazko jolas eta jokoak garatzen. Ildo honi jarraituz, bi mahai-joko dibertigarri aurkeztuko ditu Durangoko Azokan: Nor da nor eta Urkatua. Joko bi  hauen helburu nagusia haurrei euskaraz bizitzen laguntzea da, euskaraz dibertitzeko tresnak eskaintzea, eta, baita ere, jolastuz ikastea.

NOR DA NOR? (5+ urte)
Arau soileko jokoa da: galdera-erantzunekoa, oinarrizkoa. Bi pertsonaia-sorta jokalari bakoitzarentzat. 2 bilduma, 48 pertsonaia.
Jokoaren helburua da igartzea beste jokalariak aukeratutako pertsonaia zein den, ahalik eta bizkorren eta hark baino lehenago, ahalik eta galdera egokienak eginez.
Joko honetan hainbat pertsonaia ezagun eta dibertigarri aurkituko dituzu: Argitxo, Mari, Tartalo, Sugar, Fermin, Maddalen, Urdintxo, Pox… Lanbideei lotutako hainbat pertsonaia ere badira: suhiltzailea, mekanikaria, musikaria…
Jolasteko ohiko eraz gain, beste hainbat era proposatzen dizkizugu jokoak dituen euskarri desberdinekin jolasteko: Asmatu pertsonaia, Asmatu ipuina, Taldekatzen, Pare-jokoa, Mimika, Kontzientzia fonologikoa lantzen, Arauak adosten, Galdetzen eta, azkenik, Beste hizkuntza batean jolasten. Joko honetako pertsonaiek lotura estua dute Urtxintxarekin eta Txanelarekin.
Joko honen bidez neska-mutilek hainbat oinarrizko konpetentzia garatuko dute:
* ekimena izaten eta beren burua estimatzen
* kideekin jolasterakoan aniztasuna onartzen eta espazioa antolatzen
* hizkuntza baliabideak erabiltzen
* behatzen eta sailkatzen

URKATUA (6+ urte)
Arau soileko jokoa da: galdera-erantzunekoa, oinarrizkoa.
Jokoaren helburua da beste jokalariak aukeratutako hitza asmatzea, hitz hori osatzen duten letrak igarriz. Euskaraz zein ingelesez jolasteko balio du.
Jokalari bakoitzak zortzi letratako hitza pentsatuko du eta letraz letra osatuko. Ondoren, euskarriaren goialdean horretarako dagoen tokian jarriko du, eskuinetik ezkerrera, eta jartzen duenari begira, norberari begira, beste jokalariak ikus ez dezan.
Jokalari bakoitzak beste jokalariak aukeratutako hitzak zer letra izan ditzakeen pentsatu beharko du eta letra horiez galdetu. Igartzen ez badu, urkatuaren irudian posizio bat mugituko du. Urkatuaren irudia bederatzi pausotan osatzen da. Irudi osoa agertzen ikusten duzunean galduta zaude!
Jolasteko ohiko eratik aparte, beste proposamen batzuk eskaintzen ditugu argibideetan: Bi euskarri, Hasten da, hasten da…, Nahaste-Borrastea, Irudiak idazten, Hitza, jolas, Arauak adosten, Ingelesez jolasten. Txanelako gaietako hiztegian oinarritzea proposa diezaiekegu ikasleei.

Joko honek hainbat oinarrizko konpetentzia garatzen lagunduko die neska-mutilei:
* gozatzen eta arazoei aurre egiten
* parte hartzen, arauak errespetatzen
* tresnak erabiltzen, mugimenduak koordinatzen
* galderak egiten, arretaz entzuten
* ordenatzen eta inferitzen

ikastola 206
2013 Abendua
206