Iritzia, Euroclio, Jean Monnet poiektua eta Historianna programa
HISTORIA IRAKASLEEN AMARAUNA
Azaroaren 12tik 16ra, Europako hainbat herrialdetako eta Euskal Herriko Historia irakasleek Historiaren eta memoriaren berreskurapenaren gainean esperientziak zein metodologiak trukatu eta harremanak eraikitzeko mintegi batean parte hartu dute Donostian. Denek bat egin dute ondorioetan: esperientzia aberasgarria izan da.
"Iraganeko aztarnak, gaur egun elkarrekin bizitzeko bitarteko gisa. Kulturarteko hiritartasuna irakasten, ondare eta memoria historikoaren bitartez". Horixe zuen goiburutzat mintegiak. Euroclio Historia irakasleen Europako elkarteak, Ikastolen Elkarteak, EHUk eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean antolatutako mintegia zen.
Herbehereetatik, Letoniatik, Greziatik, Islandiatik, Suediatik, Alemaniatik, Norvegiatik, Poloniatik, Belgikatik, Maltatik , Portugaletik eta Kataluniatik etorritako hogei irakaslek eta ikastoletako bederatzik hartu zuten parte mintegian. Euroclio elkarteko zuzendari nagusi Jonathan Even-Zohar-ek adierazi zuenez, ordea, Europako ehun irakasle inguruk eman zuten izena mintegian parte hartzeko. Donostiaratzeko eta egonaldia finantzatzeko funtsak lortu ez zirenez, ordea, askok ezin izan zuten Euskal Herrira etorri. Parte-hartzea zabalagoa izan zitekeen, beraz, baina ez zuen horrek lausotu mintegiaren edukia, ezta kalitatea ere.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek udaletxeko pleno aretoan mintegiko parte-hartzaile guztiei egindako harrerarekin hasi ziren jardunaldiak. Ekitaldi hartan Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi Imanol Igeregik eta Aranzadi zientzia elkarteko zuzendari Juantxo Agirrek ere ongietorria egin zieten parte-hartzaileei.
Handik aurrerako ordu eta egunak mintegiari lotutakoak izan ziren. Askotariko gaiak landu zituzten. Besteak beste, Evan-Zohar-ek Eurocliok Europan eta Europatik kanpo ere lantzen dituen proiektuak eta martxan dituen egitasmoak aurkeztu zien irakasleei. Sem@as proiektua ere aurkeztu zuten, eta baita 1936ko gerrako hobiak aurkitu eta berreskuratzeko Aranzadi egiten ari den lana ere. I. Mundu Gerraz ere jardun zuten, Historiaren irakaskuntzan askotariko perspektibaz eta diziplinaz landu beharraz ere aritu ziren. Historia irakasleentzat oso baliagarri diren bi web-baliabide ere aurkeztu zituzten: Jean Monnet proiektua, bata, eta Historianna programa bestea.
Bisitak ere egin zituzten: Donostiaren erretzearen bigarren mendeurrenaren harira San Telmora egindakoa edo Donostiako Ontziola museora egindakoa, eta Gernikako Bakearen Etxera egindakoa, besteak beste.
Era berean, ikastoletan gizarte zientziak eta ingelesa uztartuz landutako esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan zuten europar irakasleek, horretarako berariaz Santo Tomas Lizeora egindako bisiten bitartez.
“Ezin hobeto joan da mintegia. Oso esperientzia aberasgarria izan da, bai Europatik etorri diren irakasleentzat, bai Euskal Herrikoentzat ere”, azaldu du Harri Beobidek, Ikastolen Elkarteko ordezkari eta mintegiaren koordinatzaileak.
Beobideren esanetan, Europatik etorritako irakasleek zuzenean ikusi ahal izan zuten Euskal Herrian historiaren eta memoriaren lanketa nola egiten den, eta, aitortu zutenez, bereziki interesgarria egin zaie ikastoletara egin zuten bisita, irakaskuntzako metodologiaren eta sistemaren ezagutza teorikoaz gainera, hori ikastoletako geletan praktikara nola eramaten den ikusi ahal izan zutelako.
Hemengo irakasleentzat, berriz, interes handikoa izan dira Europako toki desberdinetatik etorritako irakasleek partekatutako esperientziak, eta asko eskertu dute beste lurralde batzuetako Historia irakasleekin harremanak edukitzeko mintegi honek eskaini dien aukera. Mintegian parte hartu zuen irakasle batek aitortu du, hasiera batean harrigarria iruditu arren, Europako irakasle guztiek, edozein tokitakoak izanik ere, zailtasunak dituztela eta arazoak ere bai Historia eta memoria lantzeko orduan. “Jatorri desberdineko arazoak izan arren, zailtasunak guztiek dauzkate”. Beste batek, berriz, ikasitakoaren balioa azpimarratu du: “Egia da geu egiten ari garen lana interesgarria eta, modu batez, aitzindaria ere badela, baina beste herrialde batzuetan egiten ari direna ere erabat interesgarri eta baliotsua da. Alde horretatik haiena geure egiteko ere balio izan du mintegi honek”.
Euroclioko arduradunak ere oso kontent daude mintegiak eman dituen emaitzekin, eta EHI zoriondu dute antolaketan egin duen lan eredugarriarengatik. Bai elkarte honetakoek, zein parte hartu duten atzerriko irakasleek, ikastolen sarearen antolamenduak eragin dien ustekabeko ona azpimarratu dute. Irakaskuntzan eta materialgintzan egiten duten lana goraipatu dute, eta biak uztartzeko prestakuntzan jartzen den arreta nabarmendu dute.
Mintegia amaituta, etorkizunari begirako urratsen gaineko hausnarketa ere egin zuten. Eurocliotik, Jonathan Even-Zohar zuzendari nagusiak historia irakasleen Euskal Herriko sarea ehuntzeko proposamena egitez gainera, irakaskuntza sare ezberdinetako irakasleen artean harremanak sakontzea ere proposatu du, irakaskuntzaren etengabeko hobekuntzan sakontzeko. Europan ohikoak dira tokian tokiko historia irakasleen elkarteak, baina Euskal Herrian ez dago horrelakorik. Elkarte bat sortzea helburu ez den arren, azaroan antolatutako mintegiaren antzekoak egin daitezkeela uste du Even-Zoharrek.
Mintegian parte hartu zuten ikastoletako irakasleek, berriz, Eurocliorekin hasitako lankidetzari jarraipena emateko premia azpimarratu dute. Mintegi hau aitzaki, ikastolak Euroclioren webgunean agertu dira azken hilabetean. Bide horretan, Europan ikastolen berri izateko aukera zabaltzen du Eurocliok, eta, alderantziz, Euroclioren bitartez, ikastolek aukera badute Europan historiaren eta memoriaren lanketan egiten dena ezagutzeko eta handik ikasteko.
Mintegiak eman zuenaren berri eta dokumentazio osoa webgunean eskegiko du Eurocliok (www.euroclio.eu) urtarril honetan.
Seminario europeo de historia
Durante los días 12 y 16 de noviembre, cerca de 30 profesores y profesoras de Historia provenientes de toda Europa han compartido proyectos y experiencias sobre métodos de enseñanza de la Historia a través del patrimonio y la memoria histórica. Ikastolen Elkartea ha coordinado este seminario organizado por la asociación europea de profesores y profesoras de Historia Euroclio. Tanto los organizadores como los participantes han valorado muy positivamente esta iniciativa enriquecedora y han agradecido la oportunidad brindada para tejer y estrechar relaciones entre profesionales de toda Europa.
2013 Abendua
206