IKASTOLA 206 > elkarrizketak > GORKA HERRANZ

Elkarrizketa

GORKA HERRANZ

"Konprimiso sozial sendoa dugu"

“Lanpostuak sortzeko eta inguruei baliabideak eskaintzeko konpromiso sozial sendoa dugu”

IRIZAR kooperatiba taldeko lehendakari eta finantza zuzendaria da Gorka Herranz. Kooperatiben egoeraz eta geroaz, eta gizarte ekintzaz mintzatu gara Ormaiztegin, Irizarren bihotzean.

Fagor Etxetresnak itxi egin behar izan duten honetan, kooperatiba munduan ezkortasun handia zabaldu da. Irizar taldean ere kezkatuta zaudete?
Ondo dabiltzan kooperatiba asko daude, krisiari aurre egin eta hura menderatzen ari direnak. Krisiak ez du berdin eragin sektore guztietan, eta eragin biderkatzailea izan dute faktore askok: krisiaren aurreko nazioartekotze eta berrikuntza mailak, finantza egoerak, zorpetze mailak, enpresa bakoitzak sektorean zuen posizionamenduak eta estrategia egoki batekin koherente izateak. Gure kasuan finantza arloan sendo gaude, eta gogor ari gara lanean epe luzera begira.

Orain arte, bazirudien kooperatibak libre zirela hondamendietatik; sufritu arren, gai zirela egoerari buelta emateko. Fagor-en kasuak zalantzan jarri du hori.
Fagorren kasua, zoritxarrez oso garrantzitsua da, lehenengoetakoa delako eta duen bolumenagatik, eta baita Gipuzkoan, batez ere, duen eraginagatik ere. Baina kooperatiba ez diren zenbat enpresa itxi dira azkeneko bost urte hauetan? Zoritxarrez asko; eta kooperatiba direnak? Oso gutxi. Alderdi puntual bat da. Kooperatiba bakoitzak badakizki bere indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren eta zeintzuk diren mehatxuak. Ikuspuntu estrategikotik, indarguneak landu eta sustatu behar dira, ahal bada.

Irizar taldeak 1980ko hamarraldian bizi izan zuen krisi sakona. Buelta eman zenioten, ordea. Gaur egun talde sendoa osatzen duzue. Krisi hartatik ikasitakoak balio izan dizue gaur egun mundu mailan bizi den krisiari egoki erantzuteko?
Egia da momentu hartan krisi sakona izan genuela: produkturik gabe geunden, merkatu gutxi, salmentak errentagarritasun gutxikoak ziren. Fabrika bat baino ez genuen, Ormaiztegikoa; ekonomikoki zorrez beterik geunden. Aldiz, 15 urteko oparoaldi ekonomiko luzea eta ona izan dugu mundu osoan, 1993tik 2008ra, eta Irizarrek ondo aprobetxatu ditu urte hauek, produktu gama osoa betetzeko, lantegiak ia kontinente guztietan eraikitzeko, beste sektore batzuetan sartzeko. Gure egoera bestelakoa da, zeharo aldatu da.

Fagor txanponaren alde bat baldin bada, Irizar justu beste aldea dela esan daiteke. Krisi garaian irabaziei eutsi diezue, eta 2013a ere oso ona izango dela ematen du.
2013an gure salmentak %15 baino gehiago igoko dira. Igoera hau, herrialde guztietan kokaturiko enpresetan izango da. Beraz, urte ona izango da. Irizar i6, gure azken produktuak inpaktu handia izan du, eta salmenta ugari egin ditugu.

Berrogeita hamar urte dira Irizar kooperatiba bihurtu zela. Gaur egun, zer esan daiteke Irizar-i buruz? Zein mailatan dago taldea sektoreari dagokionez?
Bidea zaila eta oztopoz betea izan da, baina ametsez eta esperantzaz betea ere bai. Irizar hazten ari da Euskadin, azken 4 urteetan hainbat enpresa gehitu baitira taldera. Espainian, Marokon, Brasilen, Mexikon, Indian eta Hegoafrikan ere hazten ari da, soldata duinekin eta hango langileak emaitzen parte eginez. Ordezkaritza komertzialak ere gehitu ditugu azken urteetan, krisi urte hauetan, eta etorkizuneko autobusean inbertitzen jarraitu dugu, ibilgailu integralean eta elektrikoan, komunikazio sistemetan, energiaren arloan…

Txina al da Irizar-ek nazioartekotze prozesuan izan duen esperientzia txar bakarra?
Gure asmoa han autobusak egin eta bertan saltzea zen. Txinan ahalegin handiak egin ditugu, bai pertsonal ikuspegitik baita diru inbertsioarenetik. 1995ean hasi ginen Txinan, herrialde horretan kanpotar inbertsiogile lehenetariko bat izanez. Urteak joan urteak etorri, galera ekonomikoak handitzen joan ziren; autobus kopuru gutxi fabrikatu ahal izan genituen bertan, inbertsio ugari egin, eta hori dela-eta, uztea erabaki genuen duela bi urte.

Gizarte ekintzari garrantzia ematen diozuen kooperatiba da Irizar. Hemengo proiektuetara bezala, nazioarteko beste proiektu batzuetara ere bideratu duzue laguntza.
Lanpostuak sortzeko bokazio sendoa eta gure inguruneari zein egoera okerragoan dauden herrialde eta inguruei baliabideak eskaintzeko konpromiso soziala dugu, eta orobat, kultur erakundeei, kirolari eta ingurumen arlokoei babesa ematen diegu.

Zeintzuk dira proiektu bat babesteko erabiltzen dituzuen irizpideak?
Laguntzaren heren bat egoera okerragoan dauden herrialdeei eskaintzen diegu, Afrika, Asia, eta Hego Amerikara hain zuzen. Beste heren bat kulturari, euskarari eta kirolari dedikatzen diogu, eta azkeneko herena kooperatibekin zerikusia duen arloari eta gertuko zenbait elkarteri dedikatzen diogu. Azken urte honetan gertuko elkarteei egiten diegun laguntza gehitu dugu, krisia gogor jotzen ari baita gure inguruan ere; adibide bezala Elikagai Bankua, Caritas, eta Gurutze Gorriari ematen ari garen laguntzak azpimarratu behar ditut.

Azken bi urteotan ikastoletara bideratu duzue laguntza; zehazki Lodosako Ibaialde ikastolara eta Kanboko Xalbador kolegiora. Zerk bultzatu zaituztete laguntza horiek ematera?
Laguntza gutxi jasotzen duten lurraldeetan euskaraz irakastea oso zaila da, eta laguntzarik gabe proiektu hori aurrera eramatea are zailagoa. Eskaera jaso ondoren, eta jasotako txostena baloratu ondoren, kontseiluak baiezkoa eman zion ikastolei laguntza lerro bat irekitzeari. Etorkizunean, ahal badugu saiatuko gara euskararen alde egiten duten proiektuak laguntzen, ahal dugun neurrian, eta proiektu interesgarriak aurkezten diren bitartean.

IRIZAR solidarioa con las ikastolas
Gorka Herranz es el presidente y director de finanzas del grupo cooperativo Irizar. Hemos charlado con él sobre el presente y futuro de las cooperativas y sobre la obra social que lleva a cabo Irizar. En estos dos últimos años, el grupo cooperativo que dirige Herranz ha donado parte de los fondos de la obra social a dos proyectos de las ikastolas.

ikastola 206
2013 Abendua
206