IKASTOLA 205 > erreportajeak > IKASTOLAK MENDE ERDI

2013-2014 Ikasturtearen hasierako ekitaldia

IKASTOLAK MENDE ERDI

Elkarlana eskainiz eta eskatuz

Ikastolek hezkuntza, gizarte eta politikako eragileak eta erakundeak deitu dituzte erronkei elkarrekin aurre egitera. Dela Espainiako LOMCE legeari edo Frantziako Falloux legeari aurre egitea, dela euskal curriculuma garatzea edo Hezkuntza Legea adostea, erronka handiak dira bakarka edo nor bere aldetik egiteko. Horren aurrean, ikastolek ezinbesteko ikusten dute 2013-14 ikasturtean indarrak metatu eta elkarlanean aritzea.

Euskal Herriko Ikastolek 2013-2014 ikasturteren hasiera ekitaldia egin zuten irailaren 28an Andoaingo Bastero Kulturgunean. Dagoeneko 50 urte bete dituzten ikastolak omendu zituzten aurtengo ekitaldian. Bederatzi ikastola dira: Aita Larramendi ikastola (Andoain), Asti Leku ikastola (Portugalete), Elgoibarko ikastola (Elgoibar), Orereta ikastola (Errenteria), Pasaia Lezo Lizeoa (Pasaia), RM Azkue ikastola (Lekeitio), San Benito ikastola (Lazkao), San Nikolas Ikastola (Algorta) eta Sto Tomas Lizeoa (Donostia).

Dela Espainiako LOMCE legeari edo Frantziako Falloux legeari aurre egitea, dela euskal curriculuma garatzea edo Hezkuntza Legea adostea, erronka handiak dira bakarka edo nor bere aldetik egiteko. Horren aurrean, ikastolek ezinbesteko ikusten dute 2013-14 ikasturtean indarrak metatu eta elkarlanean aritzea.

Euskal Herriko Ikastolek 2013-2014 ikasturteren hasiera ekitaldia egin zuten irailaren 28an Andoaingo Bastero Kulturgunean. Dagoeneko 50 urte bete dituzten ikastolak omendu zituzten aurtengo ekitaldian. Bederatzi ikastola dira: Aita Larramendi ikastola (Andoain), Asti Leku ikastola (Portugalete), Elgoibarko ikastola (Elgoibar), Orereta ikastola (Errenteria), Pasaia Lezo Lizeoa (Pasaia), RM Azkue ikastola (Lekeitio), San Benito ikastola (Lazkao), San Nikolas Ikastola (Algorta) eta Sto Tomas Lizeoa (Donostia).

Duela mende erdi bat bezala orain ere, ikastolen taldearen ezaugarri nagusiak “elkarlana, ekintzailetasuna eta gure bidean aurrera egitea” direla azpimarratu zuen EHIko lehendakari Koldo Tellituk, eta hiru ezaugarri horiek oinarri hartuta zerrendatu zituen ikasturte honetarako EHIk dituen erronka eta helburuak, eta horiei heltzeko “adorea, determinazioa, batasuna, elkarlana eta adostasuna” beharko direla azpimarratu zuen.

“Iraganean ainguraturik” dauden Frantziako eta Espainiako gobernuek ikastolei eta hezkuntza sistemari eginiko erasoak salatu zituen Tellituk.

Falloux legea eta LOMCE

Seaskari dagokionez, 1850. urteko Falloux legea erabiliz Frantziako Gobernuak Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolen aurka jo izana gaitzetsi zuen EHIko lehendakariak. Gogorarazi zuen Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak daudela mehatxupean. Horren aurrean egin diren mobilizazio eta itxialdiak ekarri zituen gogora, eta Frantziako Gobernuaren erasoak eraso, Seaskako ikastolen matrikulazioak gora egin duela: “Hori da gure bidea, ikastolen garapenari eustea”, esan zuen.

Espainiako LOMCE legeari dagokionez ikastolak bi ildo lantzen ari direla esan zuen EHIko lehendakariak: mobilizazioena eta elkarlanera. Urriaren 12an LOMCEri ezetz esateko manifestaziora deitu zuen, alde batetik, eta, bestetik, hezkuntza eragile, eragile sindikal eta politikoen eta erakundeen arteko elkarlana eskatu zuen LOMCEren eragin negatiboak ekiditeko neurriak adosteko eta hezkuntza propioaren alde lanean jarduteko.

Hezkuntza Legea

Ikastolen Elkarteko lehendakariak ongietorria egin zion, bestalde, euskal curriculuma adostu eta arautzeko eta Hezkuntza Legea adosteko Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragileei aurkeztu dien plangintza.  Tellituk dena den, ohartarazi zuen egitasmoa osotasunean hartu behar dela, batak bestea behar duela derrigor.

“Hel diezaiogun, bada, lanari”, adierazi zuen: “Garatu eta arautu dezagun denon artean adostu genuen euskal curriculuma, eta eman diezaiogun babes juridikoa. Egin dezagun Hezkuntza Lege berria, sare publiko eta kontzertatuen arteko dikotomia antzua alboratuz, bakoitza bere izaeratik, berdintasunean, finantzaketa egokiarekin, baliabide berdinekin, aukera berdinekin”.

“Elkarlana ari gara eskaintzen; beti prest edukiko gaituzue horretarako. Era berean, jarraipen zehatza egingo diegu epeei eta edukiei, lehen esan bezala, mahai gainean jarritako proposamena osotasunean ulertzen dugulako”.

Ikasturte honetarako helburuak

Ikastolei dagokienez, hiru helburu nagusi ezarri dituzte ikastolek:

Bat. Euskal Curriculuma garatzen jarraitzea ikasmaterialak ekoitziz eta berau aplikatzeko irakasleen formazioan eraginez. “Euskal Curriculumak hezkuntza eta gizarte eragileen arteko akordioan du oinarria, eta ikastolok hartu genuen hura garatzeko ekimena. Egindako bidea etapa partekatu baten abiapuntu bihurtu behar dugu. Orain, denon arteko ekimena izan behar du”.

Bi. Ikastolen Lan Hitzarmena adostea: “Gure ikastoletako langileen ordezkari sindikalekin Ikastolen Lan Hitzarmena adostu nahi dugu negoziazio kolektiboaren bitartez. Hurrengo urteetarako gure hezkuntza proiektua aurrera ateratzeko beharrezko egonkortasun laborala ziurtatu behar dugu. Une korapilatsuak bizi ditugu Eusko Jaurlaritzak, aldebakarrez, gure langileen soldatak murriztu zituenetik. Egoera bidegabe hori konpontzen ahalegintzen ari gara, baina bitarte horretan akordio bat lortu beharra daukagu. Krisi garai honetan ahalegin handiagoa egiteko prest gaude, baina horrek ikastolen bideragarritasuna arriskuan jartzen ez badu. Era berean espero dugu Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza Lege berri baten abagunean, ikastolen titularrekin eta sindikatuekin, soluziobide baten partaide izatea”.

Hiru. Kooperatiben inbertsio deialdiaren negoziazioa bultzatzea: “Azken urteetan ikastolok berrogei milioi euro jarri ditugu inbertsioetan, gure azpiegituren hobekuntzan, baliabideetan… Ez gatzaizkio Eusko Jaurlaritzari eskatzen beste berrogei milioi jar ditzan. Aitzitik, elkarlana eskatzen diogu, ikastolek derrigor egin behar duten inbertsioetarako”.

Inbertsio deialdiak

Ikasturte hasiera ekitaldian Koldo Tellituz gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano ere hizlari izan ziren.

Uriartek ere LOMCE legea, euskal curriculuma eta Hezkuntza Legea gaitzat hartu zituen, eta ikastolen aurtengo helburu nagusietako bati ere heldu zion, kooperatiben inbertsioen deialdiari. Hezkuntza sailburuak hitz eman zuen inbertsio deialdiak berreskuratu egingo dituztela. Berriak ikastolen komunitatearen poza eragin zuen.

Martin Garitanok berrogeita hamar urte bete dituzten ikastolak zoriondu zituen, eta urteotan guztiotan Gipuzkoako Aldundia ikastolen alboan izan dela azpimarratu zuen. Espainiako nahiz Frantziako gobernuek ikastolei eta hezkuntza sistemari egindako erasoak ere salatu zituen, eta gogorarazi zuen Espainiako Gobernuaren ordezkariak salaketa jarria duela Gipuzkoako Aldundiaren aurka, Kanboko ikastolari emandako laguntzarengatik. Dena den, baikor agertu zen, mehatxu horiek guztiak gaindituko direla uste duelako.

 

Omenaldia berrogeita hamar urte beteak dituzten ikastolei

Ikastolen 2013-14 ikasturtearen hasiera ekitaldiak Ikastolak, mende erdi zuen leloa, eta berrogeita hamar urteak beteak dituzten ikastolei omenaldia egin zitzaien, ikastolek ibilbide luzeagoa duten arren, haiek direlako gaur egungo ikastolen aurrekari zehatzak.

Hain zuzen ere, bederatzi ikastola dira dagoeneko mende erdia bete dutenak edo ikasturte honetan beteko dutenak. Hauexek dira: Aita Larramendi ikastola (Andoain), Asti Leku ikastola (Portugalete), Elgoibarko ikastola (Elgoibar), Orereta ikastola (Errenteria), Pasaia Lezo Lizeoa (Pasaia eta Lezo), RM Azkue ikastola (Lekeitio), San Benito ikastola (Lazkao), San Nikolas Ikastola (Algorta) eta Santo Tomas Lizeoa (Donostia).

Xumea izan zen omenaldia, baina, aurkezleek azpimarratu zuten bezala, bihotzez egina. Diaporama baten bitartez, Benito Lertxundiren Udazken koloreak abestia lagun zuela, ikastola horien berrogeita hamar urteotako ibilbidea erakutsi zen. Ondoren, berriz, bederatzi ikastola horietako ordezkariak oholtza gainera igo ziren. Han ziren gaur egungo ordezkariak eta ordezkari esanguratsuak ere. EHIko lehendakari Koldo Tellituk eta lehendakariorde Arantza Manterolak, oroigarri bana eman zieten, omenaldiaren amaieran.

Ekitaldi guztian zehar aurkezle lanetan aritu zirenek honela azaldu zuten ikastola horien hastapena:

“Xumea izan zen ikastola hauen sorrera. Garai oso zailetan sortuak, herritik herriarentzat, gurasoek haurrentzat, irakasleen konplizitate guztiarekin. Lokal txiki batzuk, etxe partikularretatik etxe-behetako aretoetara jauzi egin, eta urteen poderioz eta gero eta ikasle gehiagorekin egungo ikastetxe txiki, ertain eta handietara igaroz. Etorkizunaren zehazgabetasuna, itxieraren mehatxu iraunkorra … bidegile izan ziren, bidea ireki zuten gaur egun garenera iristeko. Baina haiek ere ez ziren hutsetik abiatu. Ia berrogeita hamar urte atzera, Muñoak Donostian ireki zuen lehenbiziko ikastola hartatik, eta, gerora, ireki ziren beste hainbestetik edan zuten. Gerrak eta Francok itxiarazi zituzten haien segida dira orain berrogeita hamar urte ireki zirenak. Omenaldi xume hau, ez da, beraz, nondik gatozen erakusteko soilik. Omenaldi honek erakutsi nahi du haiek hasitako bidea ez dela amaitu, bide luzea dugula egiteko, baina bide hori ezagutzen dugula, haiek zehaztu ziguten-eta noranzkoa”.

Ikastolen uzta, oholtzan

Ikastolen 2013-14 ikasturtearen hasiera ekitaldiak ikastolen uztaren erakusleiho ere izan nahi zuen, eta zinez bete zuten xedea, ekitaldiaren baitan izan ziren ikuskizunek.

Anoetako Anitz dantza taldea ez du bertako herri ikastolak sortu, baina dantza taldeko kide ia denak dira ikastolako ikasle, ikasle ohi, guraso eta irakasle. Ekitaldiari Joseba Tapiaren Zapatok abestiaren doinuekin osatutako koreografiaren bitartez eman zioten hasiera LH 4, 5 eta 6. mailako hamabi ikasle anoetarrek. Haien trebeziak eta arintasunak Bastero Kutlurgunera hurbildutakoen begi-niniak txunditu zituzten.

Ekitaldiaren hasiera alaia izan bazen, ikusgarria izan zen amaieran Urretxu-Zumarraga ikastolako DBHko ikasleek eskainitako koreografia. Nekazariak, Mari eta sorginak taularatu ziren, eta soinu, argi eta irudien laguntzaz borobildu zuten emanaldia. Soin heziketako irakasle Iker Rodriguez dantzaria ere badenez, alor hori ere jorratzen du bere ikasleekin. Urtero dantza ikuskizun bat muntatu izan dute, eta Basteron eskaini zutena ikuskizun horietako lagin bat baino ez zen izan. Hogei minutu inguruan, jendea besaulkietan itsatsita eduki zuten dantzariek. Guztira hogeita hamabost dantzari igo ziren oholtzara, baina haiekin batera Urretxu Zumarragatik jende gehiago ere joan zen ikuskizuna prestatzera, dantzariak orraztera edo makillatzera.

Dantza ikuskizunak txundigarriak izan baziren, ez zen gutxiagorako izan aurkezle lanetan aritu zen bikotearen lana. Zurriola ikastolako bi ikaslek eraman zuten ekitaldia: Zuriñe Zabalok eta Unai Riberak. Eta nola eraman ere aurkezpena eta ekitaldiko pasarte batetik besterako trantsizioak! DBH 2. Mailako ikasleak dira, baina bizitza osoa taula gainean daramatela dirudite. Zurriolako Antzerki Eskolako irakasle Joserra Fachadok lagundu zien ekitaldirako gidoia taula gainean prestatzen, baina Fachadok esan zuenez meritu guztia ikasle biek dute. Ekitaldi osoan trebezia, naturaltasuna eta freskotasuna erakutsi zuten taula gainean, baina ikus-entzuleak zur eta lur utzi zituzten oholtza utzi eta besaulki-patioko eskaileretan zehar ikastolen historia kontatzen hasi zirenean.

 

Espainiatik datorren hezkuntza erreforma atzerakoia
LOMCEri EZ!

LOMCE legearen tramitazioak ez du atzera bueltarik Espainiako Legebiltzarrean. Euskal curriculuma jo-puntuan da. Hezkuntza eragile guztiak hezkuntza erreformaren aurka agertu dira: manifestaziora deitu dute, eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatu.

Espainiako Gobernuak aurkeztutako Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa (LOMCE gaztelaniazko sigletan) bidea egiten ari da Parlamentuan, eta hasierako proposamenetik ia aldaketarik gabe aterako da aurrera udazken-negu honetan.

Espainiar mailako eskola porrotaren datu eskandalagarriak aitzakia hartuta hezkuntza erreforma zentralista eta zentralizatzailea da ezarri nahi duena. Baita doktrinatzailea ere, zenbait ministrok onartu dutenez ikasleak “espainolizatzea” baitu xedetzat.

Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek diseinatu duen egitasmoak autonomia erkidegoen, Nafarroako eta EAEkoen, eskumenak urratzen ditu hezkuntza alorrean. Hori ez da traba, ordea, Espainiako Parlamentuak onar dezan. PPk duen nagusitasunarekin, trabarik gabe aterako da aurrera.

Euskal curriculuma jokoan

Eskumenak urratzea larria izanik ere, are larriagoa da curriculumaren edukietan hezkuntza erreformak izango duen eragina. Izan ere, Ikastolen Elkartetik behin eta berriro salatu den moduan, hezkuntza erreformarekin euskal curriculuma jo-puntuan geratzen da.

Curriculuma da LOMCEk euskal hezkuntza sistemari eraso handiena egiten dion eremua, eta, gainera, intsumisio aukera guztiak bertan behera uzteko, bere planteamendu zentralista eta zentralizatzailea bi norabidetan doa. Alde batetik, enborrekoak diren arloetan edukiei dagokien guztia Estatu Administrazioaren eskumena izango da, eta, bestetik, ebaluazio irizpideak eta ebaluazioaren ardura ere Madrilgo gobernuaren eskumena izango dira. . Ebaluazioaren kontrola hartuta, sistema osoaren kontrola beren gain hartu dute: xedeak, edukiak eta metodologia

Honela, curriculum propioa garatzeko edozein tentazio estatuak inposatuko dituen ebaluazio probek baldintzatuta egongo da, proba horiek gainditzea beharrezko izango delako etapak gainditzeko. Era berean, ikastetxeak ere ebaluazio horien preso bilakatuko dira; indar guztiak, ebaluazio horiek gainditze aldera jarriko dituzte.

Aipatutako ebaluazioa eta berau egiteko erabiliko den tresneria dela medio, ikasleen selekzio eta sailkapen goiztiarra sustatzen da. Lege erreformak ikasleen artean bazterkeria bultzatzen du Legeak. Bikaintasun helburuak lortzea bilatzen da, gaitasun txikiagoak dituzten ikasleak hezkuntza sistematik kanpo utziaz. Lanbide Heziketaren mespretxua ere adierazten du erreformak, “balio ez duten ikasleak” hartara bideratzen baititu.

Irteera profilik gabe

Xedeetan oso ikuspegi mugatua du lege erreformak: oinarrizko hezkuntzaren funtzioaren erdigunea lan mundurako prestatzean jartzen du; gaitasunetan ez, baizik bata bestearekiko lehian prestatzea ikasleak, ikuspegi ekonomizistarekin. Eta nazioartean adostasun zabala dago: oinarrizko hezkuntzaren funtzioa da bizitzarako prestatzea ikasleak, dimentsio guztietan. Lan esparrua bat gehiago da. Legeak desitxuratu egiten du hori. Gaitasunetan oinarritutako hezkuntzan, ez dago proposamen propiorik.

Ebaluazioa egiteko, ikaslearen irteerako profila ondo zehaztu behar da. Ezin da ebaluatu bestela. LOMCEn, ordea, ez da profila zehazten
Oinarrizko hezkuntzaren funtzioa da bizitza osorako gaitasunak eskuratzea. Ikasle guztiek garatu behar dituzte gaitasun horiek: jakitea pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, egiten eta ekiten... Eta behar dira gaitasun linguistikoak, matematikoak, gizarte zientzietakoak, artistikoak…

Jakintza akademikora mugatzen da LOMCE, eta ebaluazioak ere horren baitan kokatzen ditu. Beraz, gainontzeko gaitasunak albo batera utzita, Europako eta nazioarteko irizpideen aurka, atzerapauso larri da LOMCEk proposatzen duena.

Manifestazio deia

Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienek, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, argi adierazi dute azken hilabete luzeetan LOMCE hezkuntza erreformarekiko aurkakotasuna. Zentralizatzailea, doktrinatzailea, uniformizatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitistatzat jo dute lege egitasmo hori eta bertan behera uzteko exijitu dute.

Ikastolen Elkarteak ere, bakarka nahiz beste eragile batzuekin batera eginiko agerraldietan, behin eta berriro salatu du lege horrek hezkuntzan eragingo lukeen atzerapauso larria.

Hori horrela, heldu den urriaren 12rako hezkuntza propioaren alde eta LOMCE egitasmoaren aurka manifestaziora deitu du Ikastolen Elkarteak beste hainbat eragilerekin batera. Bilbon izango da, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, 17:30ean. Antolatzaileek dei berezia egin diete familia, ikasle, hezkuntzako langile eta herritar guztiei, Bilboko kaleak bete ditzaten Euskal Herriarentzako hezkuntza propioa aldarrikatzeko eta Wert legearen aurkakotasuna adierazteko.

 

Ikastolak frantses estatuaren jomugan

Hendaiako ikastolaren auziak eta berrikitan Beskoitzekoak, azken urtean sentitzen zena baieztatu du,  Frantses estatuak Ipar Euskal Herriko ikastolak jomugan ezarri ditu.

Urtarrilean lehenik eta gero ekainean, Estatuko ordezkari den Baionako Suprefetak Hendaian ikastola berri bat aterpetu zezakeen erabakia bertan behera uzteko eskatu zion Hendaiako alkateari. Izan ere Hendaian 260 ikasle daude ikastolan, baina Hendaiako ikastola 160 haurrendako egin zenez garaian, azken urteotan Urruñako « Pausu » auzoko eskola zaharrera joan beharrean dira 80 haur inguru.

Hendaiako auzapezak udal kontseiluak demokratikoki eta gehiengoz hartutako erabakia bertan behera ez uztea erabaki ondoren, abuztuan Estatuak, Paueko administrazio auzitegian ezarri zuen Hendaiako herria. Eta auzitegi horrek, irail hastapenean hartu du udalaren erabakia suspenditzeko behin behineko epaia, auzia sakonean aztertu bitartean.  Kasik urtea iraganen da auzia argitu bitartean, baina bitartean ezin da ikastolarik eraiki eta udal hauteskundeak izanen direnez martxoan, Hendaiako ikastola berriaren proiektua bertan behera gelditu dela pentsa daiteke. Eta bizkitartean, 80 bat familia hendaiarrek beren haurrak ondoko herriko eskola zaharrera eraman beharko dituzte, jolastoki mugatu, janlekurik ez eta aterperik ez duen gunera.

 Begiradak Hendaiari so zeudela, heldu da beste albistea. Beskoitzen ikasturte honetan ideki den ikastola berria sortzeko Lurraldea alokairupean ezartzea erabaki zuen herriko kontseiluak, ikastola berria bertan xutik ezartzeko. Baina erabaki honek ere, Estatuaren kolpea jaso du, Baionako suprefetak erabakia legez kanpokotzat joz.

Estatuak 1850 urteko legepean uztartzen du bere erabakia. Garai hartan, Estatua eta Eliza bereizi gabe zirela oraino, Elizak bere eskolak babesteko lege bat lortu zen, Falloux legea, eskola kristauak ez zitezen laiko bihurtu eta beren ondarea babesteko. 160 urte berantago, eskola katolikoak babesteko legea ikastolen kontra erabiltzen da, botere publikoek eskola pribatu batean parte-hartzerik ez dutela argudiaturik.

Irail honetan kargu hartu duen Prefeta berria, Pauen (Biarnoa) kokatua eta Baionako Suprefetaren gaineko agintaria, oraino urrunago doa. Bere ustez, gaur egun  zenbait eskola publikotan eskaintzen den klase elebidunak (A eredukoak edo B eredukoak) aski dira euskararen geroa segurtatzeko eta familien hautua bermatzeko, ikastolek soilik eskaintzen duten D  eredua bazterturik. Ondorioz legea, 1850eko legea, zorrotz betearaziko duela adierazi du.

“Erantzuteko garaia”

Joan den otsailean Hendaian egin zen eta ekainean Baionan egin zen manifestaldi jendetsu eta askotarikoen ondoren, joan den uztailean alderdi sozialistaren egoitza okupatu zuen Seaskak. Lau egun eta hiru gauez egoitza okupatu ondoren, Parisen eskatu zuten bilkura lortu zuten.  Bertan Barne ministerioko ordezkariak, Hezkuntzakoak eta Kulturakoak bildu ziren Seaskarekin. Baina bilkura hartan oso argi gelditu zen, Kultura edo Hezkuntza ministerioak baino, Barne ministerioak zuela eskutan gaia eta ez zegoela aterabide bat atzematekotan. Ipar Euskal Herriak lurralde kolektibitate baten alde azken urteotan egin duen aldarrikapenari emandako ezetzaren segida dela adierazi izan du Seaskak.

Uda eta ikasturte hasierako albisteek, Estatuaren erasoari “erantzuteko garaia” dela adierazi dute Seaskako arduradunek. Lehen hitzordua azaroaren 30ean finkatu dute, Maulen eginen den sektore ugarik deitutako manifestaldian. Beste mobilizazio batzuk iragarriko dituzte ondoko asteetan, aterabide bat lortu bitartean.

 

 

 

 

 

ikastola 205
2013 Urria
205