IKASTOLA 205 > iritziak > ETXERAKO LANAK

Iritzia, Mikel Etxarri, irakaslea

ETXERAKO LANAK

Jakintza Ikastola, Ordizia

Azken urtetan nire ikasleak izan diren guztiek dakiten bezala, etxerako lanen inguruan dudan iritzia ez da oso ona, batez ere tradizionalki bidaltzen ditugun etxerako lan errepikakor eta aspergarri horiekiko dudan iritzia. Aurreko astean, ikaskuntza kooperatiboaren inguruko barne formazio saio bat burutzen ari ginen ikastolan eta, halako batean, gai hori atera zenean, nire iritzia ematera animatu nintzen. Neurri batean, etxerako lanen isiltasunezko “armairutik atera” nintzen. Nire iritziz, gai hori “tabu” bat bihurtuta zegoen eta inork ez zuen ezer zalantzan jartzen, betidanik egin denaren jarraitzaile akritiko eta robotizatu gisan jokatzen genuen.

Azken urtetan nire ikasleak izan diren guztiek dakiten bezala, etxerako lanen inguruan dudan iritzia ez da oso ona, batez ere tradizionalki bidaltzen ditugun etxerako lan errepikakor eta aspergarri horiekiko dudan iritzia. Aurreko astean, ikaskuntza kooperatiboaren inguruko barne formazio saio bat burutzen ari ginen ikastolan eta, halako batean, gai hori atera zenean, nire iritzia ematera animatu nintzen. Neurri batean, etxerako lanen isiltasunezko “armairutik atera” nintzen. Nire iritziz, gai hori “tabu” bat bihurtuta zegoen eta inork ez zuen ezer zalantzan jartzen, betidanik egin denaren jarraitzaile akritiko eta robotizatu gisan jokatzen genuen.

http://ikastola.info/2012/12/15/etxerako-lanen-inguruan

Hasteko, irakurri dudan guztiarekin, nire iritzia ez da aldatu; alderantziz, indartu eta sendotu egin dela esan beharko nuke. Izan ere, oraindik ez dut ebidentzia bakar bat ere topatu etxerako lanak onuragarriak direla esateko. Aitzitik, datu guztien arabera, kaltegarriak direla esan dezakegu hanka sartzeko beldurrik gabe.

Topatu dudan lehen gauza bitxia izan da ikustea Estatuan etxerako lanak defendatzen dituzten gehienak oso kontserbadoreak direla esparru ideologikoan. Horien artean, sutsuenei, “Hezkuntzako Tea Party” deituko nieke nik eta, une honetan, Wert Legearen defendatzaile amorratuak dira. Kontuz zeinekin ari zareten etxerako lanak defendatzen! Eta bigarrena, etxerako lanak defendatzen dituztenek erabiltzen dituzten argudioak frogatzeko inongo ebidentziarik ez dutela eskaintzen.

Laburragoa denez, etxerako lanen aldekoek aipatzen dituzten argudioak azaltzen hasiko naiz:

Esfortzua
Diziplina
Lan ohiturak
Autonomia
Antolaketa
Emaitzak

Sarreran esan dudan bezala, hori guztia esaten dutenean, ez dute inongo ebidentziarik eskaintzen. Batez ere, emaitzei dagokienean. Izan ere, ez baitago inongo ikerketarik baieztapen hori frogatzen duenik. Orain, has gaitezen kontrako iritzia dutenek aipatzen dituzten argudioak azaltzen. Hasteko, etxerako lanek hezkuntza-sistemaren porrota adierazten dute, ikasleek eskolan landu beharko lituzketen lanekin gainkargatzen dituztelako. Agian, egin behar dena ez da ikasleak gainkarga horrekin zigortzea, eskola barruan egiten dena eta egiten den modua aldatzea baizik. Baina, noski, bigarren aukera horrek lan handiagoa eskatzen du eta irakasleok ez gaude horretarako, ezta?

Bestalde, irakasle gehienek agintzen dituzten etxerako lanek oso kalitate txarra dute, ez dira pertsonalizatuak izaten, ikasle batek izan ditzakeen hutsuneak betetzeko ez dute laguntzen eta, gainera, kasu gehienetan, denbora gehiegi eskatzen dute.
Jarraian, sarean topatu ditudan etxerako lanen aurkako argudio garrantzitsuenak zerrendatuko ditut:

Ez da inongo abantaila pedagogikorik frogatu
Eskolarekiko jarrera ezkorra sustatzen dute
Denbora librea murrizten dute
Ikasleen garapenerako beste aukerak kentzen dituzte
Ekitatearen etsaiak dira
Familiako giroa zapuzten dute
Familiari denbora kentzen dute
Aniztasunari ez diote erantzuten
Gurasoekiko menpekotasuna pizten dute
Rolak irauli egiten dira
Gertuko errealitatearekin harreman eskasa dute
Beste hezkuntza eredurako ateak ixten dituzte

Kontrako nahiz aldeko jarrera dutenek, gainera, bestelako ekarpenak ere egiten dituzte. Batzuk erabat kentzearen alde dauden bitartean, beste batzuk etxerako lanei ez dizkiete ateak ixten, beti ere, jarraian azaltzen diren baldintzak errespetatuz gero:

Curricularrak ez diren gaiak ere jorratu: curriculum tradizionaletatik at bizitza badagoenez, esparru horiek ere jorratu beharko lituzkete etxerako lanetan.

Ezagutza librea sustatu: gaur egun eskura ditugun aukerei ezin diegu bizkarrik eman, eta gure ikasleak ezagutza librea eraikitzeko eragile aktiboak bihur daitezen lagundu beharko lukete etxerako lanek (adibidez, Wikipedian ekarpenak egin).

Tresna kolaboratzaileak erabili: etxerako lanek ikasleen arteko elkarrekintza sustatu beharko luketenez, tresna kolaboratzaileen erabilera indartzera bideratuta egon beharko lukete.

Proiektuen inguruko lanketa: eskolan landu beharko lituzketen proiektuekin lotura izan beharko lukete. Hau da, proiektu horien planifikazioan, garapenean, ikerketan… lagundu beharko luketen etxerako lanak izan beharko lituzkete.

Erantzukizuna eta iraunkortasuna sustatu: nor bere buruarekin eta ikaskideekin arduratsu eta erantzukizunez jokatzera animatu beharko lukete, eta ez antsietateak edo presioak eraginda burutzea.

Ohitura osasungarriak sustatu: kirol jarduerak, dantzak, elikadura osasuntsua, erlaxazio jarduerak… egitera animatu beharko lukete.

Erabakiak hartzeko irizpideak: ikasleek erabakiak hartzera eta, noski, hauek hartzeko garaian irizpide ezberdinak erabiltzera animatu beharko lituzkete.

Jakin-mina piztu: arestian esan dugu, normalean agintzen dituzten etxerako lanek jakin-mina zapuzten dutela. Bada, justu kontrako efektua bilatu beharko lukete. Horretarako, ikasleak ikertzen, produktu ezberdinak ekoizten, erronkak gainditzen… jarri beharko lituzkete.

Informazioa kudeatu ezagutza eraikitzeko: etxerako lanek informazioaren kudeaketa eraginkorra sustatu beharko lukete, ikasle bakoitzak bere ezagutza propioa eraikitzeko.

Denbora antolatu eta planifikatu: etxerako lanek ikasleen denbora antolatzen eta planifikatzen lagundu beharko lukete. Horretarako, bitartekoak ere eman beharko genizkieke zeregin bakoitzari eskaini beharreko denbora kudeatzen eta planifikatzen ikas dezaten.

Ideien, emozioen eta bizipenen adierazmena: etxerako lanek aukera erreala eman beharko lukete ikasleen ideiak eta sentimenduak modu ezberdinetan adierazteko. Adierazmen-aukera guztientzat ateek irekita egon behar dute eta ez betiko bideentzat soilik.

Irudimena eta sormena: irudimena eta sormena sustatzeko balio ez duten etxerako lanek, ekarpen eskasa egingo dute. Hori dela eta, irakasleek etxerako lanak bidali baino lehen, ondo planifikatu beharko lituzkete, betiko errutina eta lan errepikakor horietan ez erortzeko.

Denboraz mugatuak: gaur egun, etxerako lanek sekulako denbora tartea hartzen dute bai egiteko bai zuzentzeko. Bada, egitekotan, denbora tarte mugatuak eta laburrak hartu beharko lituzkete.

Eta zuk, zer diozu? Betiko ohiturari eustearen alde al zaude? Orain arte agindu dituzun etxerako lanak birplanteatzeko prest al zaude? Beharrezkoa al da gai honen inguruko eztabaida serioa gure komunitatean?
Partekatu dezagun zure iritzia.

 

¿Deberes para casa?
Se pregunta el profesor Mikel Etxarri y abre, en el blog de la ikastola, el debate en el cual pueden participar todos aquellos que quieran dar su opinión.  Considera que el tema deberes es un tabú, señala que no está de acuerdo con los clásicos café para todos, es decir, los mismos ejercicios para todos los alumnos y pura repetición de lo visto en clase. Analiza los argumentos tradicionales en pro de;  llega a la conclusión de que esa vía es obsoleta y es preciso adaptarse a los nuevos tiempos.

Apunta que en el otro extremo se encuentran aquellas personas que desearían eliminar los deberes para casa; y señala que existen aquellos docentes que se replantean un tipo distinto de ejercicios respetando, por lo menos, trece razones en favor del desarrollo equilibrado del alumno. ¿Qué opinas tú?

 

 

ikastola 205
2013 Urria
205