IKASTOLA 203 > elkarrizketak > "ADIN HONETAKO UMEAK IKASTEKO MAKINAK DIRA"

XX. Jardunaldi Pedagogikoak

"ADIN HONETAKO UMEAK IKASTEKO MAKINAK DIRA"

David Altimir

Italiako Reggio Emiliako haur eskola famatuen esperientzian parte hartu zuen bi urtez; Katalunia Iparraldeko Bressola taldeko eskola batean zuzendari izan zen hamar urtez; eta, orain, Kataluniako eskola publiko batean maisu izateaz gainera, Rosa Sensat elkarteko idazkaria eta “Infancia” aldizkariaren bultzagileetako bat da.

 

 

-Zure hitzaldian umeak miragarriak direla errepikatu duzu behin eta berriz. Oteizak jenioak zirela esaten zuen.

Picassok ere esaten zuen bizitza osoa behar izan zuela ume batek bezala margotu ahal izateko. Umeen jenialtasun hori, dena den, erlatibizatu egin beharko genuke, ezin baitugu umea mitifikatu. Benetan miragarria dena umeek dituzten gaitasunak deskubritzea da. Umeak makinak dira, ikasteko makinak. Eta gaitasun hori deskubritzea egiten zaigu harrigarria helduoi. Hori da irakasle batek jaso dezakeen ordainik handienetakoa.

-Irakasle onaren lehen bertutea, umeari entzuten jakitea dela esan duzu.

Entzutea diodanean ez naiz entzumenaz ari, umearengan konfiantza izateaz baizik. Galderak egiten dakien pertsona izan behar du irakasleak, ez erantzunak ematen dituena.  Beste era batera esateko, ikertzailea izan behar du irakasleak, hori baita galderak egiten jakitea. Umea hezkuntzaren erdigunean jarri behar dugu. Pedagogi korronte guztiak datoz bat honetan.

-Zergatik da hain garrantzitsua 0-6 etapa?

Bizitzako lehen zazpi urte horietan duten gaitasuna baliatu behar dugu beren nortasuna eraikitzen laguntzeko. Ikasteko makinak dira, oso denbora gutxian ibiltzen, hitz egiten, komunikatzen, irakurtzen, idazten, ondokoak errespetatzen ikasten baitute...; miresgarria da. Absurdoa zera da, ibiltzen ikasten duten unean geldirik egotera kondenatzea, eta hitz egiten ikasi dutenean isilik egotera behartzea. Bidenabar gurasoekin ere lan egin behar da. Bestelako eskola batzuetan ibiliak dira gehienak, ezagutzak transmititzeko balio zuten eskola batzuetan. Ezinbestekoa da egiten dugun lanaren berri gurasoei ematea.  

-Noiz hasi zinen umeekin lan egiteko modu hau lantzen?

Reggio Emiliako eskoletan egin nuen egonaldiak markatu zuen nire prestakuntza. Geroztik Rosa Sensat elkarteko idazkaria naiz. Katalanez ateratzen den “Infancia” aldizkariko erredakzio kontseiluan nago eta uztailean antolatzen den Udako Eskolan ere kolaboratzen dut.

 

ikastola 203
2013 Apirila
203