XX. Jardunaldi Pedagogikoak
HAURREN MUNDU MIRAGARRIA
"Handitzen, handitzen, hasi naiz handitzen"
Etaparik garrantzitsuena?
0-6 etapan lan egiten duten profesionalak, adin horretako umeak dituzten gurasoak eta hezkuntzako adituak bat datoz gauza batean: umeak miragarriak dira. Kaleko esamolde bat erabili zuen David Altimirek, Jardunaldietako lehen egunean, ideia hori nabarmentzeko: “Umeak ikasteko makinak dira”. Etapa horren garrantziaz mintzatu zen Koldo Tellitu EHIko lehendakaria ere bere sarrera hitzaldian, eta bide bihurri samarra egin zuen. “0-3 zikloa ez da hezkuntza, kontziliazioa baizik, alegia, izaera asistentzial hutsa du HHko lehen zikloak”, esan zuen, baina berehala erantsi zuen: “Ez dira, noski, nire hitzak, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak orain urtebete esandakoak baizik, eta ez dut inola ere bat egiten hitz horiekin, ezta ere hitz horiek esan zituenarekin”. Esaldi horrekin hasi zuen iazko urtea, eta ondotxo dakigu zer etorri zen hurrena, LOMCE egitasmoan idatzirik baitago ideia hori”. Ikastolen Elkarteak, ordea, oso bestela ikusten dituela gauzak gehitu zuen, “Haur Hezkuntza, 0-3 zikloa barne, oso garrantzitsua baita haurren garapenerako eta etapa bakan bat bezala ulertu behar baitugu bere osotasunean”.
Euskal Herri osoko ikastoletako 500 bat irakasle igaro ziren Gasteizko Europa jauregitik, eguneko 250 bat. Giroan sartzeko, Mirian Mendoza Zarauzko ikastolako irakasle eta aktoreak ipuin bat kontatu zuen jardunaldien hasieran.
IKASTOLEN ELKARTEAK ANTOLATUTAKO
XX. Jardunaldi Pedagogikoak
ONDORIOAK
Jardunaldi hauetan 0-6 etapako mapa jarri dugu denon eskura. Mapa horretan hiri handi bat ikusten da: Ikastolen Elkartea, etxez, ikastolaz, osatutako hiria.
Mapa hori hartuta, ongi orientatzen ari gara. Ingurua ezaguna zaigu, eta badakigu nora joan nahi dugun, geurea den proiektu pedagogikoa hobetzera, osatzera iritsi nahi dugu. Mapa eskuartean dugula, planifikazioa egiteko aukera izango dugu.
Euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, ahozkotasunari indarra emanez eta haurraren nortasuna suspertuz, garapen integrala ahalbideratuko duen proiektu pedagogikoa dugu esku artean.
Ikastolen konpromisoa
Haur Hezkuntzaren etapari eskainitako saio kolektibo honek nolabaiteko aldaketa ekarriko du gure ibilbidean. Jardunaldiotan behin baino gehiagotan aipatu den moduan hiru printzipio gureganatu behar ditugu: entzutea, behatzea eta heztea.
Ikastolen Elkarteak ere horrelako pausoa eman behar du, ez baitago eraginkortasunik diskurtsotik ekintzarako urratsik egiten ez badugu.
Hausnarketaren ondorioei helduz, egindako lana bideratuko dugu Ikastolen Elkartean, 0-6 proiektu pedagogikoa osatzeko eta definitzeko, ikuspegi konpetentzial batetik, beste etapetan, garapen desberdinez, egiten ari garen bezala.
Oinazpien artean:
Eskerrak eman nahi dizkiegu adituei eta jardunaldiok prestatzen aritu diren guzti guztiei, egin dituzten ekarpenengatik. Eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, partaide guztiei, egin duten lanarengatik.
HIZLARIAK
DAVID ALTIMIR
ROSA SENSAT FUNDAZIOA
“Adin honetako umeak ikasteko makinak dira”
Oinazpia
Altimir bere hitzaldian “Haurtzaroa entzuten:0-6 etaparen garrantzia heziketan”, Belen Baztarrikarekin batera, EHIren HHko eta LHko arduradunarekin.
JOSEP MARIA ARTIGAL
ENPRESARIA
“Ingelesa sartzeak euskarari kalte egingo al zion galdetu zidan Garagorrik”
Oinazpia
Artigal hizketan “Entzuten gaituzten neurrian ikasten dugu”, EHIko Iratxe Ramirez alboan izan zuela.
ARANTZA ZUGAZAGASTI
IKASTOLEN ELKARTEA
“Artigalen metodologiak ingeleserako balio bazuen, euskararako ere balioko zuela ondorioztatu genuen”
HH eta LHko andereñoa izan zen Santo Tomas Lizeoan. Ikastolen Elkartean Eleanitz English proiektuan egin zuen lan urte askoan, eta azken urteotan Ahozkotasun Mintegia gidatu du. Aurkezleak, Iratxe Ramirezek, berriki jubilatu egin dela eta aurrerantzean, tamalez, ez genuela askotan ikusiko esan zuenean, entzuleak txaloka hasi zitzaizkion.
Artigalen metodologian oinarrituta, Ikastolen Elkarteak azken urteotan aurrera daraman Ahozkotasun Mintegiaren berri ematera zetorrela esanez hasi zuen Arantza Zugazagastik hitzaldia.
“Irakasleok ipuin asko kontatu ditugu gure geletan, eta ipuin horiek horrela hasten genituen: ‘Begiak ireki, belarriak erne eta ahoa itxi’, gogoratu zuen Arantzak, ahoaren parean kremailera ixteko imintzioa egiten zuen bitartean. “Baina –jarraitu zuen-, haurrei ez zaie ahoa itxi behar, mingaina dantzan behar dute, hizketan jarri behar ditugu hizkuntza bat, euskara, ikastea nahi baldin badugu”.
Metodologia aldaketa honen zergatiak azaldu zituen. “Orain 22 urte Eleanitz English-ekin hasi ginen lanean, eta hizkuntza horretan hain emaitza onak lortzen bagenituen, euskara ikasteko ere balioko zuela ondorioztatu genuen”, gogoratu zuen.
Ikastoletako geletan ditugun haurren hizkuntza-jatorria gero eta anitzagoa izan da, eta horrek zaildu egin du lana. “HH3ko haur euskaldun bat 18.000 ordu aritu da euskaraz bere bizitza osoan. Adin bereko haur erdaldun bat, 3.500 ordu bakarrik, gurekin ikastolan egin dituenak. Aldea izugarria da. Ezin dute ondo hitz egin, eta gure helburua guztiek ondo hitz egitea da”, erantsi zuen.
Horrek irakaslearen lana birplanteatzea ekarri du. “Gure lana ikasleak hizketan jarri eta laguntzea da. Jardunaren bi heren gure ahotsarekin bete ohi ditugu eta heren bat bakarrik uzten diegu haurrei. Hori eskolaurrean. Goiko etapetan askoz ere gutxiago. Entzuna dut DBHko ikasle bakoitzak egunean bi minutu bakarrik dituela bakarka hitz egiteko. Eta, bizikletan bezala, hizkuntzan ere, arituz ikasten da”, jarraitu zuen.
Ahozko Mintegia zergatik martxan jarri zuten kontatu, ahozkoaren lanketa nola planifikatzen duten erakutsi, eta ikasmaterialetan nahiz irakasleen formazioan egin duten lanaren berri luze eta zabal agertuz bukatu zuen hitzaldia.
Iratxe Ramirez-ek "aurkeztu" zuen, aurkezpenik behar ez duen, Arantza Zugazagasti lankidea.
ALEX BARANDIARAN ETA IÑAKI LARREA
HUHEZI
Bessançoneko esperientzia gogoan
HUHEZIko Hazitegi proiektuan lan egiten duten bi kideek ere hitzaldi bikaina eman zuten, baita datu jakingarriak eman ere. Larreak, esate baterako, HHko Europako matrikulaziorik altuena EAEn ematen zela gogoratu zuen. Bitxia bada ere, Norvegian (Filandian), PISA frogetan lehen postuetan dagoen herrialdean, oso ume gutxi matrikulatzen da etapa horretan, etxean edukitzeko laguntza handiak dituzte eta. Horregatik bakarrik garrantzia berezia hartzen du hezkuntzako etapa honek gurean. Ikerketak egin dira. Zer ondorio atera dituzte? “HHn kalitate handiko zaintza izan duten umeek garapen kognitibo handiagoa dute 15 urterekin”, esan zuen, esate baterako, Barandiarenek. Porrotaren pedagogiari Plazeraren pedagogia kontrajarri zioten. “Bizitza gogorra da, esaten dute. Beraz, porrotetik ikasi behar du umeak. Baina ideia hau ez da horren zientifikoa. Zuzenagoa da plazeraren pedagogia”, esan zuen Barandianek eta, arrakasta lortzeko, segurtasun afektiboak duen garrantzia nabarmendu zuen. Arrakastaren adierazleak aztertu zituen Larreak, eta Montagnerek Bessançonen garatu dituen esperientziei jarraiki, espazioaren antolaketa arakatuz bukatu zuen hitzaldia.
Oinazpia
Alex Barandiaran eta Iñaki Larrea, HUHEZIko irakasleak HAZITEGI proiektua aurkeztu zuten. Ondoan, NIEko Irene Lopez-Goñi .
KARMELE PEREZ LIZARRALDE
“Emozioen kudeaketa ezinbestekoa da ahozko hizkuntza lantzeko”
Karmele Perez Huhezi fakultateko irakasle eta Miker ikertaldeko partaideak ahozko hizkuntza ikasteko edo irakasteko orduan emozionaltasunak duen garrantzia jorratu zuen bere hitzaldian. Irakasleak erabili behar dituen estrategia enpatikoak modu oso sakonean arakatu zituen. “Badaude beren arazoak pasilloan utzi eta gelara sartzen diren irakasleak. Emozionaltasuna diseinatu egiten dutela esan daiteke. ‘Beti dago umore onez’, diote lankideek”, esan zuen, eta irakasleen barne emozioen planifikazioaz aritu zen. Baina ikasleen emozionaltasunak ere badu garrantzia. “Hizkuntza ikasteko bost alderdi emozional hartu behar dira kontuan: autoestimua, kanporakortasuna (isilak eta barnekoiak ahozkoan trebetasun gutxiago dute), antsietatea (lasaiegia izatea ere ez da ona), enpatia eta ausardia”, gogoratu zuen beste tarte batean. Hala ere, hauek ez dira hitzaldiaren printza batzuk baizik.
Oinazpia
Karmele Perez, HUHEZIko irakaslea bera ere, gelako dinamikan komunikazioaren garrantziaz mintzatu zen. Alboan, Inma Muñoa, EHI.
IKASTOLEN ESPERIENTZIAK
- ARMENTIA IKASTOLA - GASTEIZ
Marko pedagogikoaz gogoeta
(ARANTXA SANCHEZ, MAITANE AGUILERA, EVA SANTOS)
“Etaparen baitako ziklo bakoitzak bi bide ezberdin hartzeko arriskua ikusi genuen, nahiz eta teorian etapa bakarra izan. Egunerokotasunean ematen ari zen banaketa hori gainditzeko pausoak eman ditugu. Orain bi urte hasi ginen HHko gure marko pedagogikoaz gogoeta egiten. Hausnarketa zer puntutan dagoen eta praktikan nola antolatzen garen agertu dugu”.
- LOUIS DASSANCE IKASTOLA - USTARITZE
Hiru gela adinak nahastuta
(PANTXIN DUART, LUCILE DARRIGRAND, XAN AIRE)
“0-6 etapan hiru ikasgela ditugu, eta adinak nahasten ditugu 2 urtetik 5era bitartean. Tarteka adinka ere biltzen ditugu. Antolaketa horren berri eman dugu. Zer abantaila dituen? Autonomia lortu dutenek ez dutenei laguntzen diete; hizkuntza aldetik gehiago dakitenek ez dakitenei erakusten diete. Gizarteratzeko orduan ere zaharrenak eredu bilakatzen dira”.
- ARIZMENDI IKASTOLA – LEINTZ BAILARA
Espazio eta ekipamendu aldaketa
(IÑAKI GONZALEZ, ELVIRA BOUZA eta ARANTXA LEJARRAGA)
“Gure gaurko HHk ez du lehengoaren antzik. Proiektu pedagogikoaren arabera aldatu ditugu espazioa eta ekipamenduak. Baina, urrunago doa berrikuntza, haurrari berezkoak dituen gaitasunak garatzeko aukera guztiak eskaini nahi baitizkiogu. Irakaslea haurraren bidelagun bihurtu da. Lau eraikin ezberdinetan ezarri ditugu aldaketak, eta LHn ere hasita gaude”.
- TXIOKA HAUR ESKOLA IKASTOLA - ALTSASU
KEIren kalitate ziurtagiria
(JONE ARETA eta JASONE MUJIKA)
“2008an jarri zen martxan Txioka, eta ibilbidearen berri eman dut. Kalitate ziurtagiria lortu genuen KEI proiektuaren barruan. Proiektuak zazpi eremu zehazten ditu, eta horietako bakoitzean egin dugun lanaren berri aurkeztu dut, nahiz eta curriculumaren garapenean zentratu naizen (proposamen pedagogikoan garatutako puntuak, altxorren otarra, jolas heuristikoak, psikomotrizitatea, eta beste...) ”.
- EGUZKI BEGI IKASTOLA- GALDAKAO
Ahozkotasuna lantzen
(MARIPI AGIRRE, JOSUNE IBARZABAL)
“Ahozkotasunaren inguruan egin dugun lanaren berri eman dugu, azken batean euskararen erabilpena nola bultzatzen dugun, zer baliabide erabiltzen ditugun erakutsi dugu. Lerro biko ikastola da gurea, eta umeen erdia erdaldunak dira. Zailtasun hori kontuan hartuta, gure kezka noiz sortu zen, irakasleak prestatzen nola hasi ginen, eta irakasleari zer egiteko ematen diogun agertu dugu”.
- URRETXINDORRA IKASTOLA - BILBO
0-3 ziklokoa nola integratu
(JON ANDER GOROSTIAGA, GARIKOITZ GAINTZA)
“Orain lau urte hasi ginen etapako marko pedagogikoa lantzen. Zer pauso eman ditugun, nola garatu dugun, nola antolatu garen, zer premia ikusten ditugun eta zer oztopo. 0-3 ziklokoak baztertuak sentitu izan dira, baina, egin dugun lanari esker, etapa izaera zein sentipena lortu ditugu. Gaur egun etapako irakasleak elkarrekin ari gara pausoak ematen, astean birritan elkarrekin biltzen gara, lau orduz”.
- LASKORAIN IKASTOLA
Ahozkotasunaren proiektua
(LIERNI CARRERA, IÑIGO LARRAINTZA)
“Ikastolen Elkartean egindako ikastaro batetik sortu zen Ahozkotasunaren proiektua, eta nola hedatzen ari garen erakutsi dugu, zer zailtasun eta erraztasun aurkitu ditugun. Urtxintxako materiala erabiltzen dugu ikastolan, eta material horretan oinarrituta lantzen dugu ahozkotasuna ere. Baina irakasleak bere ikuspuntua aldatu behar du, eta horretan egin dugun lana agertu dugu”.
- PAZ DE ZIGANDA IKASTOLA
Ikasleei nola hitza eman
(NEREA MARTINEZ)
“Ikastolaren kokapena egin dut hasteko. Nafarroan gara, eta hizkuntz errealitatea zein den agertu dut datuekin. Euskaldunak %15 dira. Nire gelan, 27 ikasletik bost bakarrik ditut euskaldun. Egoera horretatik abiatuta eman ditugun pausoen berri eman dut. Eta pauso nagusia irakaslearen ikuspuntua aldatzea izan da: ikasleak entzuten ikasi behar dugula ikasi dugu formazio ikastaroetan, ohituta baikeunden denboraren bi heren irakasleok hizketan jarduten”
ITZULPENAK
0-6, la etapa decisiva
Algo más de 500 enseñantes de las ikastolas repartidas por toda Euskal Herria pasaron por el Palacio Europa de Gasteiz durante las Jornadas de Pedagogía organizadas por Ikastolen Elkartea cuyo programa, como en años anteriores, ha compaginado las conferencias teóricas con la presentación de experiencias concretas.
0-6 ans, l’étape décisive
Plus de 500 enseignants d’ikastola de tout le Pays Basque ont assisté aux Journées Pédagogiques organisées par Ikastolen Elkartea au Palais Europa de Gasteiz. Comme les années précédentes, le programme a combiné conférences théoriques et présentation d’expériences concrètes.