Abel Ariznabarreta. Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna
FASE BERRI BAT, DATORREN IKASTURTETIK AURRERA
Abel Ariznabarreta. Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna
Abel Ariznabarreta. Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna
Abel Ariznabarreta. Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna
Ibilian gabiltza, dabilen harriaren moduan, goroldiorik hazi gabe. Urrats asko egin ditugu, baina hurrengoa ez da urrats soila, jauzi kualitatiboa baizik. Datorren ikasturtean, EKI proiektua martxan jarriko dugu ikastoletan. Ezagutarazten hasi garen orduko, proiektuak interes itzela piztu du ikastolen komunitatean. Jakitun gara kezka ere eragin duela zenbait gurasorengan. Normala eta naturala da aldaketa ororen aurrean kezka sortzea, bereziki aldaketek gure haurrengan eragiten badute. Baina kasu honetan ez; lasaitasun mezua igorri nahi dugu. Proiektua martxan jarri aurretik frogatu eta haren balioa egiaztatu dugu; 226 irakaslek erabili dute 23 ikastolatan.
Hori aipatu ostean, noan EKI proiektua aurkeztera. Definizio labur bat emate aldera, esan dezakegu EKIn Euskal Curriculuma garatzen dela, konpetentzietan oinarrituta eta integrazioaren pedagogiaren bitartez. Horretarako, Ikaselkarrek, Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek sortu zuten enpresak, euskal curriculuma garatzen duten ikasmaterialak gauzatu ditu. Oraingoak, 2013-14 ikasturterako eskuragarri izango direnak, DBH 1erako egokitutako ikasmaterialak dira. Urtez urte iritsiko dira beste ikasturteetarako prestatutakoak, derrigorrezko eskolaldi osoa hartuz.
Euskal Curriculuma aipatu dugu. Dagoeneko ez zaigu arrotz egiten termino hori. Iragan hamarkadan landu zen, eta 2008-09 urteetan Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma. Azken batean, pertsonaren garapen osoa (norbanako, gizartekide eta izadikide gisa) lortu ahal izateko oinarri sendoak finkatzea bilatzen du; geure-geurea den euskal kultura espezifikoaren eta kultura unibertsalaren oinarriak eskuratzea; ondorengo ikasketak egiteko eta lan munduan aritzeko prestatzea; eta bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko prestatzea. EKI proiektua, beraz, Euskal Curriculumaren garapena liratekeen ikasmaterialak dira.
Konpetentzietan oinarrituta dagoela esan dugu. Termino hori ere dagoeneko ezaguna zaigu. Europako zuzentarauek ezarri dute irakaskuntzak konpetentzietan oinarritu behar duela. Dagoeneko ez da nahikoa jakintza akademikoa eskuratzea. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak; pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten jakin behar du. EKI proiektuak lau osagai kurrikular ditu: konpetentziak landuz ikasi eta irakasten da; euskal kultur ibilbidean eta curriculum ofizialetan oinarritzen da; ikas arlo guztietan prozedura sistematizatuak errazten dira, ikasten eta egiten jakiteko; eta euskara ardatz duen hizkuntzen planteamendu integratua egin da.
EKI material berriok Integrazioaren Pedagogia hautatu dute, irakasleek errazago irakasteko, ikasleek eraginkorrago ikasteko eta gurasoek prozesu horretan esku hartzeko. Egoerei irtenbideak aurkitzen ikasi behar du ikasleak, ikasitakoa egoera berrietan baliatzeko. Benetako egoera esanguratsuen aurrean jarrita, ikasleek egoera horietan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitu behar dute; irtenbideak aurkitzen saiatu, bakarrik eta lan taldean moldatu, arazoen soluzioa erdietsi eta egoera berrietan ikasi dutena baliatu.
Goitik behera eta behetik gora
Oinarrizko gaitasunak garatu ditugu, baina ikaslearen irteera profila definituz. Zer ikasle mota prestatu nahi dugun definitzen du irteera profilak. Bertsolariak amaiera pentsatzen du lehenbizi, eta horren arabera eraikitzen ditu gaiari jarritako bertsoak. EKI proiektuan antzeko formula erabili da. Azken helburua planteatu dugu: ikaslearen irteera profila; hain juxtu ere, helburu hori gauzatzeko hezkuntza prozesu osoa eraikitzeko gero. Ikaslearen irteera profila iparra izanik, praktikara ekartzeko erronka euskal ikuspegitik egiten dute EKIren ikasmaterialek.
Zerotik hasita, baina ez hutsetik
EKI proiektuarekin ikastolok aitzindari gara berriro ere. Izan ere, Europako lurraldeetan ez bezala, non lehengo ikasmaterialak konpetentzietan oinarritutako eredura egokitu egin baitituzte, guk eginik genituen ikasmaterialak baztertu, eta zerotik hastea erabaki dugu.
Zerotik hasi, bai. Eta papera eta digitala konbinatuta; nor bere aldetik erabili ahal izateko, baina baita biak batera erabiltzeko ere. EKI proiektuak, halaber, XXI. mendeko hezkuntza-erreformaren osagai nagusiak ditu: bizitza osorako konpetentzietan oinarrituta dago, eleaniztasuna integratzen du eta IKT informazio zein komunikazio teknologiak erabiltzen ditu.
Baina ez da hutsetik abiatu. Ikasmaterialgintzan gureak ditugun bi ezaugarriei, berrikuntzari eta euskalduntasunari, eusten diegu, batetik; eta, bestetik, garatutako proiektuen –Ikastola Liburutegia, Saioka, Eleanitz-English, Urtxintxa, Txanela…‑ esperientzia, ibilbide luze eta oparoa, daramagu motxilan.
Ikasmaterial on bat edukitzea bezain garrantzitsua da, ordea, horiek behar bezala erabiltzea; are, hezkuntza paradigma berri baten aurrean egonik. Gure irakasleak trebatzeko lan saioak hasiak ditugu; apiril honetan bertan sakonduko ditugu saio horiek, eta geroago, ikasmaterial hauek gelan ezartzerakoan ere, irakasleentzako erabilpen ikastaroak aurreikusita ditugu.
ITZULPENAK
UNA NUEVA FASE
Abel Arzinabarreta responsable pedagógico de Ikastolen Elkartea resume con ilusión el proyecto EKI que ya ha sido experimentado y evaluado por más de 225 profesores en 23 ikastolas.
Ikaselkar, la empresa formada por Ikastolen Elkartea y Elkar, tiene ya preparado el nuevo material escolar de 1º de la ESO, para el curso [escolar] 2013-2014. En el marco del Euskal Curriculum que desarrolla una educación basada en competencias definiendo el perfil de salida del alumno/-a al finalizar la educación obligatoria, EKI opta por un enfoque metodológico: la pedagogía de la integración.
Se han organizado, a partir de abril, cursos especiales para la preparación del profesorado. Los tiempos cambian, y también la manera de aprender. El reto es de todos.
Une nouvelle phase
Abel Arzinabarreta, responsable pédagogique Ikastolen Elkartea, résume avec enthousiasme le projet EKI développé dans 23 ikastola par plus de 225 enseignants. Ikaselkar, l’entreprise créée par Ikastolen Elkartea et Elkar, a préparé pour 2013-2014 ce nouveau matériel pour le Secondaire dans le cadre du Curriculum Basque basé sur les compétences à acquérir par les élèves en fin de cycle. EKI est axé sur la pédagogie de l’intégration. Dès avril des séances de formation à ce nouveau matériel seront proposées aux enseignants. Les temps changent, la manière d’apprendre également. Tout le monde doit relever le défi.