Irantzu Anunzibai. Dietista eta Beasaingo Andramendi Ikastolako gurasoa
LO ORDUEN ETA OBESITATEAREN ARTEKO ERLAZIO BITXIA
Obesitate hitza aipatzen dugunean, burura etortzen zaizkigun lehen prebentzio neurriak elikadura eta ariketa fisiko egokiak dira. Baina garrantzitsua da jakitea gure seme alaben deskantsuak ere uste baino indar gehiago duela. Izan ere bost ordu edo gutxiago lo egiten duten umeek bikoizturik dute gerora obesitatea pairatzeko arriskua.
Adituek buruturiko ikerketei esker jakin da atseden ez egoki batek gosea erregulatzen duten hormonengan alterazio bat eragin dezakeela, honen ondorioz organismoan gose sentsazioa areagotzen delarik. Gainera alterazio honek gantzetan eta azukreetan (gozokiak, txokolatea...) aberatsak diren elikagaiak jatera ere bultzatzen gaitu. Jaki hauen kontsumo altuak obesitatea eragin dezakete.
Kontutan izan honen guztiaren ondorioak luzera ager daitezkeela; horregatik da garrantzitsua prebentzioa bizitzako lehen urteetan hastea.
Beraz, errespetatu ditzagun gomendatzen diren lo orduak (7-8 ordu), beti ere elikadura on eta ariketa fisikoaren laguntzaz. Horrela, gerora obesitatea izateko arriskua gutxituko dugu eta gainera gure seme alabek errendimendu bikaina izango dute eguneroko ekintzak burutzerako garaian.