Elkarrizketa
CRISTINA URIARTE
"Adostasun zabala lortzen saiatu behar dugu Hezkuntza Legea aurrera ateratzeko"
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte Toledok (Hondarribia, 1961) hezkuntzari lotutako ibilbide profesionala dauka. Kimika Zientzietan doktorea da eta EHUko Donostiako Kimikako fakultatean eskolak eman ditu sailburu izendatu duten arte. EHUren baitan, beste hainbat ardura ere izan ditu: besteak beste, Gipuzkoako errektoreordea izan da. Hezkuntza Sailean hasi berri duen agintaldian izango dituen lehentasunei buruz mintzatu gara Uriarterekin.
Taldea osatu eta lanean hasi zareten honetan, zeintzuk dira zuen asmoak hezkuntza alorrari dagokionean? Zein egitasmok izango dute lehentasuna?
Hezkuntza sistema bateratzaile baten alde joko dugu, anitza, eleaniztuna, euskara ardatz nagusi izango duena. Ikasleak sistemaren erdian kokatuko ditugu, eta aldi berean irakasleen izen ona indartzeko asmoa ere badugu, azken urteotan galdutako errespetua berreskuratzeko beharra dagoelako.
Lanbide Heziketan, eredu berri baterantz abiatuko gara, gaur egun gure gazteak modu egokian hezteko helburuak horretara behartzen gaituelako. Gure enpresek lehiakortasunean dute kanpoko beste enpresekiko abantaila nagusia, eta horrek eskulan kualifikatuaren beharra esan nahi du. Orain ondo prestatuta ateratzen dira Lanbide Heziketatik, baina are eta hobeto prestatu behar ditugu.
Unibertsitatearekin ere antzerako zerbait gertatzen da. Ikerkuntza bultzatzen jarraituko dugu eta gure ikasleen goi maila bermatzen.
Krisiak, egoera ekonomikoak, zer eragin izango du zuen Sailean? Eta nola kudeatuko duzue ahalik eta eragin txikiena izan dezan?
Gaur egun bizi dugun krisira egokitu beharrean gaude. Gure Sailak prestatutako aurrekontuek hezkuntza goi mailan mantentzen lagunduko diguten partidak lehenetsi ditu. Funtsezkoa eta nahitaezkoa zer den bereizi dugu eta lehentasunak finkatu ditugu. Gure lehentasunak ikasleak, irakasleak, masifikatu gabeko ikasgelak, jantokiak, hezkuntza berezia eta abar dira. Arlo horietan krisiak ez digu minik egingo.
Zer asmo duzue hezkuntza komunitatearekiko?
Hezkuntza komunitateak funtsezko zeregina du gure funtzionamenduan. Norberak bere ikuspuntutik, sistemaren dohainak eta arazoak lehen lerrotik ezagutzen ditu, beste inork baino hobeto. Zentzuzkoena, beraz, komunitatearen esperientzia hori oinarri gisa hartzea da. Etengabe elkarrizketan egon nahi dugu hezkuntza komunitatearekin, akordio zabalak lortu nahi ditugu.
Ikastolei dagokienean zer harreman mota landu nahi duzue? Ikastolen ekarpenen inguruan zer espero duzue? Nolako hartu-emana, kolaborazioa, itxaroten duzue?
Azken urte hauetan, azken hamarkadetan, Ikastolek berebiziko lana egin dute. Arrakasta horren oinarrian euren lan egiteko modua dago, bai eta Eusko Jaurlaritzarekin izan duten sintonia ere. Ondo ezagutzen dute zein behar dugun, eta une oro aldaketetara egokitzen badakitela erakutsi dute. Eusko Jaurlaritzatik sintonia horri eutsi nahi diogu, ahal dugun heinean laguntza emanez. Orain arte beti aurkitu izan dugu oreka batzuen eskaeren eta besteen ahalbideen artean. Harreman on horri eutsiko diogula espero dugu.
Aipatu dezagun LOMCE legea. Hezkuntza eragile guztiek Wert ministroaren egitasmoaren aurka egin dute. Eusko Jaurlaritzatik ere eskumenen defentsa egingo duela iragarri duzue. Dena den, bitariko harremanak defenditzen dituzue Hezkuntza Ministerioarekin. Zer espero dezakegu Jaurlaritzatik egoera honen aurrean?
Wert ministroaren lege-aurreproiektua ez da hezkuntzako eragileen gustukoa, eta Eusko Jaurlaritzaren gustukoa ere ez. Are gehiago, erabat kontra gaude. Hala ere, negoziazio mahaitik alde egitea akatsa izango litzatekeela uste dugu. Hori egingo bagenu ere, aurreproiektuak Parlamentuko tramitea berdin-berdin jarraituko luke. Testuak tramitazioan jarraitzen duen bitartean, hor egon behar dugu guk, gure interesak defendatzeko. Gernikako Estatutuak ematen dizkigun eskumenen kontrako erasoa da aurreproiektu hori, euskarari ez dio ematen merezi duen lekua, Euskadin dagoeneko gaindituta ditugun maila akademikoak lortzeaz hitz egiten du, ikastetxeen autonomia zalantzan jartzen du... Mahai horretan geu ez bagaude, kexak agertzeko, aldaketak exijitzeko, beste inork ez du egingo gure ordez. Azkenean, legea gure gustukoa ez bada, ez zalantzarik izan Eusko Jaurlaritzak zorrotz jokatuko duela. Ez dugu onartuko hainbeste urtetako lan ona alferrik galduko duen legerik. Gero ere izango da erantzun irmoagoa emateko aukera.
Hezkuntza legearen oinarriak finkatzeko asmoa azaldu duzu. Legegintzaldi honetan hezkuntza legea onartzeko moduan ikusten duzu?
Zuhurtasunez jokatzea komeni da. Halako gai mamitsua duen legea aurrera ateratzeko, lehenik hezkuntza komunitateak jarrerak hurbiltzea lortu behar da. Adostasun zabalik ez badago ezin da Hezkuntza Lege bat atera, eta beraz, adostasun horiek lortzen ahalegindu behar dugu. Adostasun hori irakasleen artean, familien artean, sindikatuen baitan, alderdi politikoetan… aurkitu behar da. Jarrerak hurbiltzen hastea lortzen badugu, eta horretan saiatuko gara, goragoko helburuei begira jar gaitezke.
Hiru alderdi nagusiren hauteskunde kanpainako programetan ageri da hezkuntza legea onartzeko egitasmoa. Alde horretatik badago hasteko bidea.
Egia da, bai, zenbait alderdiren nahia dela Hezkuntza lege bat aurrera eramatea. Arazoa, alderdi bakoitzak proposatzen duen edukia aztertzen dugunean agertzen da. Alderdi bakoitzak aspektu batzuk lehenesten ditu, eta ez beste batzuk, denak ere hezkuntza sistemarentzat onena lortu nahian. Desberdintasun horiek dira leundu beharrekoak elkarrizketaren, akordioaren eta elkar-ulertzearen bidez. Gure erantzukizuna da hurbilketa hori sustatzea.
Ikastolok aspaldi eskatzen ari garen egitasmoa da hori; besteak beste, LOMCE bezalako egitasmoen aurrean legezko defentsa edukitzeko. Zein zeregin izango du edo eskaintzen diozu hezkuntza komunitateari? Elkarlanerako aukera ikusten duzu ikastolekin?
Zalantzarik gabe, bai. Azkenean denok nahi dugu gauza bera. Gure hezkuntza sistema babestu nahian gabiltza denok, hobetu beharreko aldeak hobetu nahian. Hezkuntza komunitateak oso garbi esan du LOMCEri buruz zer iritzi duen. Eta berriz diot, iritzi hori geure egiten dugu. Ziur naiz, norberak bere lan eremutik, kalitatezko hezkuntzaren aldeko defentsa aktiboa egingo duela. Harreman bizia izango dugu beraiekin. Denok irtengo gara irabazle.
Euskal Curriculumaren bidean, zein urrats jorratzeko asmoa du zuen Sailak legegintzaldi honetan? Nola jorratuko du?
Curriculuma lan tresna bat da, eskolak nola eman, zein metodologiarekin, eta edukiak zeintzuk izango diren erabakitzeko. Laneko elementu garrantzitsua da, ebaluaketarekin batera. Elementu irekia da, une oro elikatu behar duguna. Curriculumaren euskal izaerak arduratzen gaitu, beti ere testuinguru europarrean gaudela kontutan izanda. Beste herrialde batzuetan arlo honetan egin dituzten aurrerapausoak ezagutu nahi ditugu. Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean egingo dugu bidea, Ikastolak tartean direla, baina baita Europako erakundeekin ere.
Ebaluazioa, hobekuntza, bikaintasuna neurtzeko asmoa agertu duzue. Zer egiteko asmoa duzue ikastetxeetako ebaluazioa ezagutu ostean? Ranking publikoak egiteko asmorik baduzue?
Ez, ez dugu ranking publikorik bultzatuko. Jasotako emaitzek helburu garbia izango dute: hobekuntzarako erabiltzea, beti ere emaitza akademikoen hobekuntza buruan hartuta. Bultzatuko dugun berrikuntzetako bat, euskal hezkuntzaren adierazleen sistema osatzea izango da. Emaitza onak lortzeko, bestelako zein praktikak duen eragina ikusiko dugu. Analisi fasean gaude orain.
Hezkuntza eleaniztuna duzue helburu; xede hori nola gauzatzeko asmoa duzue?
Hasteko, dauden esperientzia eleaniztun guztiak ebaluatu nahi ditugu, Hezkuntza Marko Hirueleduna barne. Ikasleek hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntzetan dituzten gaitasunak hobetzeko proposamenak egingo ditugu, ingelesean batez ere. Irakasleen formazio linguistikoa ere hobetu nahi dugu, eta horrekin batera irakasle horiei eskatuko zaien perfila ere definitu beharrean gaude.
Hala ere, egungo hizkuntz ereduei eusteko konpromisoa berretsi duzue. Baina nola uztartu hezkuntza eleaniztuna eta hizkuntz ereduen aukeraketa librea?
Gaur egun egiten den moduan. Familiek ikastetxea eta hizkuntza eredua aukeratu dezakete, eta ondoren ikastetxeek euren inguruko errealitatera moldatu beharko dute, beharretara egokitu, markatutako maila linguistikoetara iristeko.
Eskola 2.0 egitasmoa behin-behinean bederen geratzeko asmoa azaldu duzue. Arrazoi ekonomiko hutsen ondorioa da ala beste faktore batzuek ere eragin dute hartutako erabakian?
Ezin da ukatu egoera ekonomikoa oso presente dagoela aurrekontuetan. Nabarmena da. Baina bestetik, dagoeneko ordenagailuak geletan daudela ere ukaezina da. Orain ahalegina, ordenagailu horiei ahalik eta etekin handiena ateratzera bideratu behar da. Lehendik daukaguna baliatzeko unea da orain, eta horixe egin behar da.
Ikastolen hurrengo jaia Herri Urrats dugu. Senperen ikusiko dugu elkar?
Bai, hantxe izango naiz. Euskarak guztion bultzada behar du. Iparraldean are gehiago. Halako egunak, lortutako diru-laguntzaz gain, euskararen eta gure kulturaren alde egiteko irrikaz dauden milaka pertsonaren topagune dira.
Gaiari helduta, Seaskako ikastolek Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza edukiko dute?
Eusko Jaurlaritzak, Iparraldean euskarari bultzada emateko nahiari gogotsu eusten dio. Egia da Frantziako legediak laguntza hori mugatu egiten duela, eta ezin dugu jo ezarritako arau horien kontra. Hala ere, gure ahalen neurrian, euskarari laguntzen jarraituko dugu. Ez diegu uko egingo euskararen beharrizanei.
ITZULPENAK
Mantendra la Educación en alto nivel
Charlamos con la nueva Consejera de Educación, Política Lingüística y Cultura, Cristina Uriarte Toledo, sobre las prioridades y los retos que tendrá que abordar su recién estrenado equipo, en una coyuntura de crísis económica y de presupuestos reducidos. Uriarte asegura, que con las prioridades marcadas por su equipo, mantendrán la Educación en alto nivel. Se muestra prudente a la hora de afirmar si se aprobará una ley de educación propia en esta legislatura; para ello, dice, hay que procurar conseguir un consenso amplio en la comunidad educativa.
Maintien d’un enseignement de qualité
Nous nous sommes entretenus avec Cristina Uriarte Toledo, nouvelle Conseillère de l’Education, Politique Linguistique et Culture, sur les priorités et les défis que devra relever son équipe dans une conjoncture de crise économique et de réduction des budgets. Elle nous a assuré qu’un enseignement de qualité restait parmi les priorités mais est restée prudente quant à l’adoption d’une nouvelle loi sur l’Education. Elle pense qu’il est nécessaire de trouver un consensus large entre les acteurs de la communauté éducative.