FRANCISCO LONGO
“Sare biek tratu berdinagoa jaso behar lukete”
Ikastolek antolatu zuten gogoeta eguna ezin zitekeen hobeto hasi, Francisco Longok bere hitzaldian aurreratu zituen irizpide eta gogoeta asko Ikastolen Elkarteak behin eta berriz egiten dituenen antzekoak zirelako. Erabili zuen tonu probokatzailea ere gustatu egin zitzaien entzuleei.
Francisco Longo ESADE institutuan irakasle eta idazkaria da, giza baliabideetan, erakundeen azterketan eta diseinuan aditua. Administrazio eta gobernu asko aholkatu ditu, Euskal Herriko zenbait horien artean. Nazio Batuetan Administrazio publikoari buruzko Adituen Batzordeko kide ere bada. Bere hitzaldiarekin zabaldu ziren Topaketak.
Hezkuntza zerbitzu publiko gisa definitzen ari zinela, hezkuntza sistema osatzen duten bi sareek ez dutela tratu berdina jasotzen esan duzu; ez dagoela biekiko ekitaterik. Laburtuko al zenuke gai horren inguruan esan duzuna?
Hezkuntzaren zerbitzu publikoa, diru publikoarekin finantzatzen den eta helburu publikoen alde lan egiten duten baliabide zein erakunde multzo gisa definitu dut. Gure artean zerbitzu hori sare bikoitz baten bidez kudeatzen da. Sare bati publikoa deitzen diogu, eta bigarrenari kontzertatua. Banaketa hori ez da batere zuzena. Nik nahiago nuke sare publiko bati buruz hitz egitea: ekimen publikoaren bidez sortutako ikastetxeez eta ekimen sozialaren bidez osatutakoez. Baina, elkar errazago ulertzeko jarrai dezagun sare bikoitzaren terminologiarekin. Arazoa ez da sarea bikoitza izatea, edo sare batean era askotako zentroak egotea, hori hain zuzen ere demokrazia aurreratuen ezaugarria baita. Arazoa da sare bi horiek irizpide ezberdinekin kudeatzen direla, eta batzuetan irizpide kontrakoekin ere bai. Diferentzia handiak daude autonomiari dagokionean. Sare kontzertatuan autonomia onartzen da, sare publikoan ez. Baina diferentziarik okerrena da sareek tratu ezberdina jasotzen dutela, ez baitago berdintasunik biekiko tratuan.
Hitzaldiaren une batean hezkuntza sistemak administrazioaren zama gehiegizkoa jasaten duela esan duzu.
Bi eredu kontrajarri daude auzi honen inguruan: batzuek uste dute Estatuak askatasun osoa eman behar duela zentroak sortzeko orduan, eta guztiak finantzatu behar dituela. Jarrera horren arabera Estatuak ordaindu eta isildu egin behar du. Beste batzuren arabera, Estatuak sare bakar bat sortu behar luke eta funtzionarioz hornitu. Gure sistema bi ereduen nahasketa da, baina begi bistakoa da administrazioaren zama gehiegizkoa jasaten duela. Batzuk bagara pentsatzen dugunok udalen ahalmena eta indarra gehiago baliatu beharko liratekeela. Egia da udaletxe txikiegi asko dugula Estatu espainiarrean, oro har, eta Euskal Herrian bertan ere bai. Zenbat eta udaletxe txikiagoa, orduan eta ahalmen gutxiago zerbitzu publikoak kudeatzeko. Baina abantaila handiak ere badituzte egiteko horretarako, eta lehen abantaila gertutasunarena da. Herrian dauden indarrak baliatzeko bidea egiten dute. Nik argitalpen batean, Kataluniarako egin nuen zirriborro batean, esaten nuen hezkuntza-aginteari dagokiola finantziazioa, eta aginte horrek egin behar dituela, halaber, plangintza eta ikuskaritza. Baina lekuan lekuko erakundeek har dezakete beren gain hezkuntzaren egitekoa. Eredu horrek balio dezake Euskal Herrirako ere. Suedian, adibide bat jartze aldera, gastu publikoaren %70 udalen esku dago. Ez da, noski, gure kasua. Hezkuntza sistemaren zati handi bat erakunde lokalen esku jarriz gero, autonomian irabaziko lukete. Titulartasuna ez litzateke publikoaren eta kontzertatuaren arteko antinomia izango. Ekimen estatalez sortutako ikastetxeak eta ekimen sozialez sortutakoak katearen muturrak izango lirateke, baina bi mutur horien artean modu askotako ikastetxeak aurkituko genituzke: zentro mistoak, esate baterako, edo erakunde jakin batzuen bidez kudeatutako zentro publikoak. Brasildar aditu baten hitzetan esateko, “Estatuarena ez den titulartasun publikoa” izango lukete ikastetxe horiek, nahiz eta guztiak diru publikoarekin finantzatuak izango liratekeen.
Ba al dago hezkuntza zerbitzua modu honetan ulertzen duen herrialderik?
Ez dago ezer asmatu beharrik. Norvegian, esate baterako, gizarte zerbitzuen ehuneko ehun hirugarren sektoreko enpresen bidez ematen dira, baina diru publikoarekin finantzatzen dira. Diferentzia nagusia da zerbitzu horiek funtzionarioen bidez eman beharrean enplegatuen bidez ematen direla.
Zein izango litzateke indarrean dugun sistemarentzat irtenbidea?
Publikoa eta kontzertatua desegin, eta multzo konplexu batean integratu beharko genituzke; multzo horretan ez dago zergatik kaosik egon beharrik, era askotako tipologia baizik. Jokorako arau garbiak izanez gero, ez legoke arriskurik. Ebaluazio mekanismo garbiak jarri beharko lirateke, noski, zentroek egiten duten lana egin den inbertsioen araberakoa izan dadin.
Ikastetxeen autonomiari eskaini diozu hitzaldiaren zati nagusia. Kontzeptu hori giltzarria al da?
Ikastetxe batek zenbat eta autonomia gehiago izan, orduan eta emaitza hobeak lortzen ditu. Ikerketa enpirikoek hala diote; baita gure pertzepzioak ere. Defini dezagun autonomia zer den. Niretzako zentroaren autonomiak bost osagarri hauek ditu: autonomiak esan nahi du ikastetxe batek bere hezkuntza proiektu propioa duela; autonomiak esan nahi du ikastetxeak zuzendaritza profesionala duela, kudeatzeko eta gidatzeko gai dena; autonomiak esan nahi du emaitzak ebaluatu eta kontrolatzeko sistema garden bat duela, ez baitago autonomia arduratsurik ebaluaziorik gabe eta, azkenik, autonomiak suposatzen du gaurko egoera hobetuko duen irakasleen estatusa.
Francisco Longok tarte luzea eskaini zien bost osagarri hauetako bakoitzari. Ikastetxeen hezkuntza proiektuaz edo zuzendariaren figuraz esan zituenak jakin-mina piztu zuten. Katalunian garatu zen CEPEC (Colectivo de Escuelas por la Escuela Pública en Cataluña) kooperatiba mugimenduari buruz ere gauza jakingarriak esan zituen.