IKASTOLA 202 > elkarrizketak > JUAN MANUEL ESCUDERO

JUAN MANUEL ESCUDERO

“LOMCE, politika eskuindarren adierazpena da”

Juan Manuel Escudero, Murtziako Unibersitateko katedraduna, aditua da curriculum eta hezkuntza erreformaren inguruko gaietan. Gehiagotan izana da ikastolek antolatutako foroetan. Hitzaldiaren lehen zatian LOMCEri buruzko ikuspegi kritikoa agertu zuen, eta bigarrenean, hezkuntza sistema benetan hobetzeko egin beharreko aldakuntzak zerrendatu zituen.

 “Zein dira LOMCErekiko ditudan desadostasunak?” galdetu, eta berehala heldu zion gaiari. “LOMCEn eskola porrotaz hitz egiten da asko, baina porrota neurtzeko orduan emaitzak bakarrik hartzen ditu kontuan, eta hezkuntzaz zerbait dakien edonork ikusiko du porrota emaitzetara mugatzea ez dela zuzena. Bertan esaten denaren arabera, erruduna subjektua bera da, biktima bera bihurtzen baita, alegia, errudun”, hasi zen Escudero.
“Bestalde, lege proiektuak planteatzen duen bikaintasuna esklusioaren gainean eraikitzen da –jarraitu zuen-. Ebaluazioari buruz ematen duen ikuspegia ere murritza da erabat, ikasleak sailkatu eta kontrolatzera mugatzen delako. Ikasleak estandarizatu eta bideratzea besterik ez du helburu. Oraindainokoan neoliberalismoa lotsati antzean agertzen zen gure artean hezkuntzaren arloan; lege proiektu honetan, ordea, mozorroa kendu du”.

Curriculumaren arloan legetasmoak duen ikuspegia aztertu zuen segidan. Lege proiektu honetan curriculuma diziplinei lotua dagoela erabat esan zuen, eta hierarkikoa dela. “Alde horretatik begiratuta, Europako Batasunetik eman diren irizpideen kontrakoa da ikuspegia, akademizista izanik ezagutzan bakarrik oinarritzen delako. Curriculuma zailtasunak gaintzeko antolatzen den lehiaketa gisa ulertzen du”, esan zuen.
Gaur egun zerbait argi badago, hezkuntza hobetzeko irakasleen formazioak duen garrantzia  da, baina horretaz ez du aipamenik ere egiten lege proiektuak. “Badaude zenbait puntu iraganera garamatzatenak ere –jarraitu zuen-, etika zibikoaren eta moral erlijiosoaren artean ezarri nahi duen kontrakarra, esate baterako”.

Ikastetxeetako gobernuari buruzko ikuspegi goitik beherakoa, zentroen arteko lehia, eta konpetentziak zein curriculumak zentralizatzeko borondatea ere aipatu zituen; eta gai horietako bakoitzaren inguruan berak duen ikuspegia ere agertu zuen Escuderok. “Hitz batean esateko, politika eskuindarren espresioa da lege proiektu hau”, esan zuen.

Galderen txandan,  halako kontrakarra duen lege proiektu baten etorkizunaz galdetu zion entzule batek. “Beste herrialde batzuetan inspiratu dira. AEBetan, esate baterako, antzeko erreformak gauzatu dituzte, eta horretarako sektore neoliberalak eta botere faktiko erlijiosoak elkartu ziren. Antzeko zerbait ari da gertatzen hemen”, esan zuen. 

 

ikastola 202
2013 Otsaila
202