IKASTOLA 202 > erreportajeak > HEZKUNTZA SISTEMA EGONKORTASUNEZ EGITURATZEA

ikastolen topaketak

HEZKUNTZA SISTEMA EGONKORTASUNEZ EGITURATZEA

Eskola Itun eta Eskola Lege berri bat izan dira azken urteotan Ikastolen Elkarteak, behin eta berriz, ahotan ibili duen aldarria; eta horixe bera izan zen, urtarrilaren 31n, Bilbon egin zen Topaketak 2013 ekitaldiaren leit motiv-a ere. Agurrean Koldo Tellitu EHIko lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua mintzatu ziren; Francisco Longo eta Juan Manuel Escudero adituak mintzatu ziren ondoren, bigarren hau LOMCEren kritika egiteko; eta, arratsaldez, alderdi politikoetako ordezkariak mintzatu ziren EAEn legealdi berriak zabaldu dituen aukerei buruz.

Agurreko hitzetan Koldo Tellituk erronkaz eta aukerez betetako legealdi baten aurrean gaudela gogoratu zuen, eta horietako batzuk aipatu zituen: konpetentzietan oinarritutako euskal curriculumren garapena, euskara ardatz duen eleaniztasun eredu berria adostea eta bultzatzea, ikastolako ikasle guztien emaitzak hobetzea, eta hezkuntza sistema egonkortasunez egituratzea. Egiteko hauek nahikoa ez, eta Madrilgo Gobernuak LOMCE aurrelegetasmoa martxan jarri izanaren arriskuak ere aipatu zituen. “Gai horietako batzuk aztertzeko berreskuratu ditugu lozorroan genituen Topaketak”, esan zuen, eta hainbat ekimenetan Hezkuntza saileko arduradunekin kolaboratzeko borondatea agertu zuen.

Cristina Uriarte sailburuak, bere aldetik, ikastoletako kideen artean eroso sentitzen zela adierazi ondoren, euskal hezkuntzan egin den bidea goraipatzekoa zela esan, eta bide horretan ikastolek egin duten lana nabarmendu zuen. “Baina ezin dugu dugunarekin konformatu”, esan zuen. Hezkuntzak gaur dituen erronka zenbait aipatu zituen; horren harira, LOMCEren aurrean irmotasuna erakusteko borondatea agertu zuen. “Amore eman gabe, buru-belarri saiatuko da Jaurlaritza hainbeste ahaleginez altxatutako gure hezkuntza sistema defendatzen”, esan zuen.

 

ikastola 202
2013 Otsaila
202