Euskal curriculuma garatzen duten ikasmaterial berriak
EKI, KONPETENTZIETAN OINARRITUTAKO LEHEN MATERIAL DIDAKTIKOAK MERKATUAN
Ikaselkarrek, material didaktikoak egin, kaleratu eta banatzeko Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek sortu zuten enpresak, apirilean hasi eta ikasturtea bukatu arteko plangintza prestatua du EKI proiektuko DBH1i dagozkion ikasmaterialak ezagutzera emateko.
Apirilaren erditik aurrera “Euskal Curriculumaren ikasmaterialen markoa” (Mikele Aldasoro, Xabier Garagorri eta Mikel Arrizabalaga) hitzaldiarekin hasi, eta arloka irakasleentzako sei aurkezpen saio egingo dira Gasteizen, eta bakoitzean arlo horretan materialak prestatzen aritu diren irakasle eta adituek hitz egingo dute. Agerraldi hauek irekiak izango dira. Ondoren, datorren ikasturte hasieran, material hauek erosi dituzten ikastetxeetako irakasleentzat erabilpen ikastaroak antolatuko dituzte, Mikel Arrizabalaga edizio zuzendariak adierazi zuenez.
Zer da EKI proiektua?
“Europan barrena lehendik zeuden ikasmaterialak egokitu egin dituzte konpetentzietan oinarritutako eredura. Guk, ordea, eginik genituen ikasmaterialak utzi, eta zerotik hastea erabaki dugu. Euskal Curriculumaren garapenerako jaio den lehen ikasmateriala da, eta aldi berean, curriculum horrek agintzen zuen moduan, konpetentzietan oinarritutako eredua jarri dugu martxan. Ikasmaterial hauek badute hirugarren ezaugarri bat ere, Integrazioaren pedagogia bultzatzen dutela, hau da, ikasleak benetako egoera esanguratsuen aurrean jartzen dituela, eta irtenbideak aurkitzen ikasten dutela, gelan ikasitakoa gero egoera berrietan baliatzeko”, esan zuen J. Iñaki Etxezarreta sorkuntza zuzendariak.
Europako aditu zenbaitek eredutzat jo dute Euskal Herrian gauzatzen ari diren proiektu hau eta, diotenez, lehena da. Ikasmaterial hauek egiten hasi baino lehen, oinarrizko hezkuntza osoari buruzko marko teoriko sendo bat landu behar izan dute.
Proiektuaren izena, EKI, iturritzat dituen hiru kontzeptuen lehen letrek osatzen dute: Euskal curriculuma, Konpetentzietan oinarritua, Integrazioaren pedagogiaz.
Ikasmaterialak paperean eta digitalean argitaratuko dira.