Antton Irusta Bilboko Urretxindorra Ikastolako irakaslea
"IPUIN BAT KONTATU, AMA (EDO AITA, AMONA, AITONA)"
Mundu guztiko neska-mutikoek egiten dute eskaera hau gauero, loaren eta ametsen bidaia beti berri eta zirraragarriari hasiera eman aurretik. Izan ere, ipuinek behar-beharrezkoa duten bitamina eskaintzen diete. Bitamina honek energia ematen die, beren barne-indarra berritzeko, beren kezka eta larrialdiak gainditzeko, eta datozkien zailtasunei adorez aurre egiteko. "B.i." bitamina da, "betiko ipuinen" bitamina, noski.
Baina gero eta guraso gutxiago dira beren haurren erregu honi erantzuten diotenak. Aitzakia desberdinak ipintzen dituzte horretarako: ez dutela ipuinik ezagutzen, ez dakitela ondo kontatzen, oso nekatuta daudela edota telebista emanaldiren bat ikusi nahi dutela. Aitzakiak alde guztietatik, baina esan behar da ipuinik onenak eta osasungarrienak gurasoek kontatutakoak direla. Hori egitean, beren umeei hazkunderako eta bizitzarako bitaminarik jatorrena eta ezinbestekoena ematen baitiete, hala nola, maitasunaren bitamina. Bitamina hori gabe, umeak ahul eta kaxkar haziko lirateke barrendik. Beren barne-izaera, kanpotik ikusten ez dena, baina beren jokaeran nabaritzen dena, ukituta eta motelduta geratuko litzateke. Haur bati ipuin bat kontatzea, beretaz arduratzen zarela eta bera benetan maite duzula esatea da.
Beren seme-alabei ipuin bat kontatu nahi bai, baina ez dakiten gurasoei gomendio sinple bat egin dakieke: konta ezazue ipuina maitasunez, gogo eta asmorik sutsuenez, horixe baita teknikarik onena.
Gurasoek eta andereño-irakasleek haurrei ipuinak kontatzeko ilusioa eta poza berreskuratzen dutenean, egunsentia itxaropentsuago esnatuko da umeen mundu zoragarrian.
Zergatik kontatu ipuinak
Gizakiak lurrean betidanik izan du kontakizunak kontatzeko beharra. Kontatzea zera baita: adierazteko, maitatzeko, jakinarazteko eta besteekin elkarbanatzeko era bat.
Etxean batez ere, narrazioak familiako kideen arteko loturak estutzen laguntzen digu, etxeko ahozko ohitura lantzen eta aberasten du, elkarrizketarako gaiak ematen dizkigu.
Seme-alabei ondorengo gauzetan laguntzen die: aditasunez entzuten ikasten, kontzentrazioa lantzen, ahozko ulermena bultzatzen, hiztegia aberasten, sentiberatasun estetikoa eta irudimena garatzen, luzaroagoan elkarrekin egoten eta elkar hobeto ezagutzen.
Zer egin umeak ipuinetara zaletzeko
Ez dago misterio handirik: ezagutzen ditugun istorioak kontatzea, kontatzea eta kontatzea; gure gurasoek eta gure aiton-amonek egiten zuten moduan, gure istorio propioak kontatzea. Era horretara haurrak entzuten ikasten du, eta entzuten ikastearekin batera, kontzentrazioa lantzen ere ikasten du.
Zer egin ipuina ondo aukeratzeko
Nire ustez, hiru gauza dira funtsezkoak ipuinak kontatzeko orduan:
Lehena, istorio bat edukitzea; zeure burua identifikatzen duzun istorio horren bitartez gustura sentitzen zara, emozionatzen zaituen istorioa baituzu.
Bigarrena, istorio hori kontatzeko gogoa izatea; konta ezazu gogo handiz, eta nabarituko da.
Hirugarrena, istorio hori kontatzeko momenturik egokiena bilatzea. Istorioa hasi eta momenturik egokiena ez baldin bada, agian munduko ipuinik zoragarriena kontatuko duzu, baina momentu horretan ipuinik kaxkarrena izango da.
Ipuinaren dohaina: afektua
Ipuinek afektuaren dohaina eskaintzen dute. Denok, gizon zein emakumeok, edozein adinetan “A” bitamina behar dugu, “A” afektuarena, estimuarena baita. Afektua bitaminarik beharrezkoena da bizi ahal izateko. Maitasunaren beharra dugu, maitatuak izatea nahi dugu. Umetxo bati ipuin bat kontatzean zera diotsogu: “Begira, ipuintxo hau estima handiz kontatzera noakizu, bihotz-bihotzez gainera”. Eta kontatzera goazenean zera esaten ari gara: “Kontatzen dizut estimatzen zaitudalako, maite zaitudalako, baloratzen zaitudalako”.
Nortzuk izango dira kontalaririk bikainenak? Umeen maila afektibotik hur-hur daudenak: gurasoak.
Zeintzuk dira, bada, hurbilen ditugun ipuinak? Pentsatzen hasten bagara, zalantzarik gabe, kili-kili egin ziguten ipuinak dira, pentsarazi eta sentiarazi zigutenak.
“Haiek han eta gu hemen,
gure ipuinak Flandesen eta Parisen.
Gure txepetxak bizkarrean hezurra,
eta kontatutako guztia, egia ala gezurra.”
Herri ipuinen amaiera