Deigarria. Uztaritzen
ETXEKO OINETAKOEKIN IKASTOLAN
Orain zazpi urte ikastola berria egin zutenean hasi ziren Uztaritzen ikasleak ikastolan oinetakoak aldatzen. “Alde batetik ikastola barrua gutxiago zikintzen da, eta bestetik goxoago egoten dira gelan xapinekin, hau da, etxeko zapatilekin. Bidenabar, umeek oinetakoak jartzen eta kentzen ikasten dute. Gurasoei esaten diegu lokarririk gabeko oinetakoekin bidaltzeko; horrela, txiki-txikitatik euren kasa moldatzen dira janzten, jasotzen eta nork bereak zaintzen”, esan zigun Lucile Darrigrand zuzendariak. Uztaritzeko ikastolak 110 ikasle ditu. Argazkiko oinetakoak ama ikastolakoak dira. Deigarriak dira apala, aulkitxoa eta norberaren espazioa. Seaskako ikastola gehiagotan ere ba omen da ohitura hau.