Iñaki Eizmendi Arsuaga. Gizarte hezitzailea
SEME-ALABEK EUSKARA ABERATSA IZAN DEZATEN… JOLASTU EUSKARAREKIN!
Iñaki Eizmendi Arsuaga. Gizarte hezitzailea
Iñaki Eizmendi Arsuaga
Gizarte Hezitzailea
Ziur zuen seme-alabek euskara ondo ikastea eta euskara aberatsa izatea nahi duzuela. Are gehiago, seguruenik zuen seme-alabek lagunartean eta beste hainbat harremanetan euskaraz egitea nahi duzue.
Norabide horretan irakasleek ahalegin handia egingo dute, baina oinarriak etxetik jartzen hastera gonbidatzen zaituztet. Oinarri horietako bat hizkuntza-aberastasunarena da. Hau da: seme-alabek euskara aberatsa izatea nahi badugu ezin diogu ardura guztia ikastolari utzi.
Euskara aberatsa? Zertaz ari gara?
Esaldiak ondo osatzea, adierazi nahi duena modu ezberdinetan adierazteko gai izatea, egoera formaletara eta informaletara egokitzea, tonua erabiltzen jakitea, argumentuak aukeratzen eta antolatzen jakitea…Euskara aberatsa izatea ez da soilik hiztegi aberatsa izatea edo zuzen hitz egitea, askoz gehiago da: pentsatzen eta sentitzen duena hitzez adierazten dakien pertsona da hiztun ona. Hiztun ona komunikatzaile ona da. Horretaz ari gara.
Guraso berritsuok, jolastu euskararekin!
Antzematen al duzue alderik bi egoera hauen artean?
Egun on! Zer moduz lo egin duzu? Zer daukazu gaur ikastolan? Ni ere gaur lanpetuta ibiliko naiz, goizean... eta gero… Gainera, erosketak ere egin behar ditut. Falta den zerbait bururatzen zaizu? Bion artean egingo dugu zerrenda. Ea ba… Gosariko gauzak, garbiketako gauzak,… Nik buruan ditudanak dira… Gosaldu ondoren idatziko duzu zuk zerrenda?...
Egun on! Ondo lo egin duzu? Tori gosaria. Gero dena jaso. Eta azkar prestatu! (Telebista piztu du. Kitto.).
Seme-alabei gaitasun komunikatiboak garatzen laguntzeko ez dugu EGA titulutik behar, ezta bestelako ikasketa edo prestaketa berezirik ez. Hori baino askoz sinpleagoa eta atseginagoa da: nahikoa da guraso berritsuak izatea.
Guraso berritsu izatea jarrera bat da: seme-alabekin asko hitz egitea (elkarrizketa asko sortzea eta bideratzea), asko abestea, ipuinak kontatzeko ohitura izatea, beste helduekin elkarrizketetan haurrari hizketan uztea...
Guraso berritsuaren jarrera eta jokabidea horixe da: euskararekin jolasteko gogo eta ahalegina. Modu askotara egin daiteke, kontua da egiten ditugun edo egin izan ditugun horiei garrantzia ematea eta horietan konstanteak izatea.
Oso erraza da, benetan.
Zenbat aldiz etorri dira ikastolatik ipuin batekin?
Guri kontatu behar omen digute! Ondo da. Hasi gaitezen:
Ipuina kontatu aurretik galderak egingo dizkiot: Ipuina ikastolan irakurri duzue? Nork irakurri du? Eta irakurri aurretik zerbait kontatu dizue? Zer gustatu zaizu? Nola nahi duzu jartzea? Ni lurrean eserita eta…
Kontatu dezala ipuina. Utzi lasai kontatzen.
Ondoren liburua hartuko dugu eta marrazkietan agertzen dena begiratuko dugu (ahal dela ipuinean kontatzen duenarekin lotuta, baina ez da beharrezkoa): Ara! Begira nolako itxura duen honek! Puztu puztua dagoela ematen du. Zergatik izango da? Ba nik uste dut…
Ondoren nik irakurriko dut ipuina, baina testuekin jolastuz: Utziko didazu niri kontatzen? Eta zerbait aldatzen badugu? Tonuarekin jolasten badugu? Adibidez: barrez kontatuko dugu, edo haserre… Proposamen hau ez bazaio gustatzen beste ipuin bat asmatuko dugu, edo beste bat irakurri…Eta txotxongiloekin antzezten badugu?…
Hau adibide bat besterik ez da eta ez dugu beti horrela jokatu behar. Aukera ikusten dugunean euskararekin jolasten ahalegintzeko jarrera baldin badugu, erraz egingo dugu eta ondo pasako dugu. Batzuetan ipuinekin izango da, besteetan abestiekin, egunean zehar sortzen diren egoerekin…
Jolastea zuzentzea baino hobea, ziur!
Testuinguruaren eraginez seme-alabek gauza batzuk gaizki erabiltzen hastea oso ohikoa izaten da, eta batzuetan gure belarriari min egiten diotenak izaten dira. Nik ez dizuet esango ez zuzentzeko, zuzentzeko moduak ere oso ezberdinak izan daitezke gainera. Baina argi eduki askoz hobea eta eraginkorragoa dela euskararekin jolastea eta euskara aberatsa eskaintzeko ahalegina egitea gaizki erabiltzen dituenak behin eta berriz zuzentzea baino. Euskara aberatsa eskainita beraiek egingo dute bidea eta gero eta zuzenagoa eta egokiagoa izango da hizkera.
Proposamen eta adibide gehiago nahi dituzue?
Guraso berritsu moduan jokatzeko ideia eta aholku gehiago nahi badituzue, ikusi dokumentu hau: euskaraz - gazteleraz
Elebitasunari buruz eta hizkuntza-ohiturei buruz informazio nahi baduzue, ikusi web gune hau: www.emangiltza.com