IKASTOLA 235 > elkarrizketak > Euskararekin bat egin, emozioen eta sentipenen bitartez

Pulunpa egitasmoa

Euskararekin bat egin, emozioen eta sentipenen bitartez

Lehen fasean, zortzi ikastola

Euskararekiko atxikimendua indartzeko programa berriaren lehen ekitaldian

Ikasturte hasierarekin batera, egitasmo berri bat abian jarri du martxan Ikastolen Elkarteak, ikastolentzako. Pulunpa egitasmoa da, astebeteko iraupenekoa, eta ikasleen euskararekiko atxikimendua indartzea helburu duen programa bat da. Arrakastaz burutu da egitasmoa zortzi ikastolatan.

Pulunpa egitasmoak garai batean murgiltze astea zenari hartu dio lekua, baina hura baino sakonagoa da helburuetan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleentzat zuzendua dago. Emozioetan oinarritutako proiektu bat da, ikasleen arteko harremana euskaraz izan dadin, beraiek hautu hori egiterakoan emozioen bidez euskararekin, eta euskal kulturarekin eta euskaltzaletasunarekin atxikimendua garatu dezaten, eta ikus dezaten euskara beren garapen pertsonalerako oinarrizko elementu izan daitekeela. Helburu horiekin programatu da egitasmo berri hau. Aisiola begirale eskolako hezitzaileek dinamizatu dute.

Duela bi ikasturte alarmak piztu ziren, kanpo ebaluazio emaitzek erakutsi zutenean ikasleen euskararen erabilerak eta kalitateak behera egin zutela. Emaitzen arrazoiak ezagutu, eta egoera iraultzeko plan bat diseinatu beharra zegoela ikusi zen, eta horri ekin zion Ikastolen Elkarteak, Huhezi-rekin elkarlanean. Ikasturte horretan proiektu bat diseinatu zuten, eta iazko ikasturtean martxan jarri zuten bederatzi ikastolatan. Horrekin batera, ikasleen euskararekiko atxikimendua indartzeko programa bat ere behar zela ikusi zuten, eta horri erantzunez iaz garatu zuten Pulunpa egitasmoa, eta aurten eman ditu lehen urratsak.

Aste osoko programazioaren bitartez, Pulunpa egitasmoaren bitartez lortu nahi izan diren helburu orokorrak hauek dira: 
-Ikasleen arteko harreman-hizkuntza euskara izateko egoerak eskaintzea.
-Euskara, euskal kultura eta euskaltzaletasunaren unibertsoarekiko atxikimendua indartzea.
-Ikasleak, emozio eta sentipenen bitartez, euskararekin konektatzea.
-Euskara ikasleen garapen pertsonalerako oinarrizko elementua izaten laguntzea. 

Horretarako, Pulunpa egitasmoko hezitzaileek emozioak eta sentipenen mundua izan dute oinarri, egitasmoan parte hartutako ikasleekin batera, euskaraz gozatzeko, hizkuntza-erregistro ez formalean aritzeko, gaur egungo zein iraganeko euskal kulturaren ezagupenak sendotzeko eta gure hizkuntzaren biziberritzean egin den lana ezagutarazteko. Baina ez hori bakarrik, aste horretan, ikasleek sexuaz hitz egin dute, abestu, jolastu, antzerkia egin, emozionatu dira, parra egin dute, negar egin dute; azken finean, euskaraz eta euskararen bitartez sentitu egin dute. 

Kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen dituen Basque Centre on Cognition, Brain and Language zentroak 2015ean aurrera eramandako ikerketatik ateratako ondorioetan horrela irakur dezakegu: “Gure ondorioa da erlazio estua dagoela hizkuntza bakoitzaren, hizkuntza bakoitza ikasi den testuinguruaren eta emozioen prozesaketaren artean”. Hori kontuan izanda, sinetsita gaude euskararen arnasgune izan nahi duen ikastolak emozioz eta sentipenez beteriko testuingurua eskaini behar diela ikasleei. Hori da, hain  zuzen ere, Pulunpa egitasmoaren xedea. 

Hauek dira lehenengo esperientzia honetan parte hartu duten zortzi ikastolak: Altsasuko Iñigo Aritza, Iruñeko Jaso, Amurrioko Aresketa, Balmasedako Zubi Zaharra, Bilboko Urretxindorra, Leioako Betiko, Sopelako Ander Deuna eta Bermeoko Eleizalde. Programa honetan parte hartu duten guztiek, bai ikasleek eta baita hezitzaileek ere, oso esperientzia aberasgarritzat jo dute ekimena.

Aurten lehenbiziko urratsa egin du Pulunpa egitasmoak. Hurrengo urratsak datorren ikasturtean egingo ditu, helburua egitasmoa ikastola guztietara hedatzea baita, ikasleen artean euskaraz bizitzeak duen garrantzia mamitzen joan dadin.

Pulunpa egitasmoko hezitzaileek emozioak eta sentipenen mundua izan dute oinarri, egitasmoan parte hartutako ikasleekin batera, euskaraz gozatzeko, hizkuntza-erregistro ez formalean aritzeko, gaur egungo zein iraganeko euskal kulturaren ezagupenak sendotzeko eta gure hizkuntzaren biziberritzean egin den lana ezagutarazteko

ikastola 235
2019 Urria
235