Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza
Irakurketa eta idazketa, prozesu etengabeak
Irakurketa eta idazketa, etenik ez duten bi prozesu direla aintzat hartuta
700 irakasletik gora ari dira haurren ikasketa prozesuan gakoa diren eginkizun hauetan sakontzen
Ikastolak azken urteotan aurrera eramaten ari diren eraldaketa pedagogikoaren baitan, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako zubian irakurketa eta idazketa prozesuen hastapenaren gainean sakontzeko prestakuntza egitasmo mamitsu bat abiatu du Ikastolen Elkarteak, irakurketa eta idazketa, etenik ez duten bi prozesu direla aintzat hartuta.
Irakurtzea ekintza zabala da: ez da soilik letrak, hitzak edo testuak irakurtzea; munduari, paisaiari edo objetktuei begiratzean ere irakurtzen dugu; usaintzean, entzutean, ukitzean… ere bai. Ulertzen ez dituen arren, haurra laster hasiko da, ordea, letrak ikusten eta haiei begiratzen. Haur Hezkuntzan irakasleak liburu bat irekitzen duen unetik, ilustrazio ederren ondoan agertzen dira. Irakasleak letra haiei begira kontatzen dio ipuina. Zeinu horien atzean, hitzak eta esaldiak daudela ohartzen hasiko da. Lehen letrak identifikatuko ditu, gero hitzak, gero esaldiak. Puntuazio-markak ere identifikatuko ditu. Letrak, silabak, hitzak eta esaldiak marrazten eta idazten hasiko da. Bizitza osoan garatzen joango den bidaia hasiko du. Hasi, hasten diren prozesuak baitira irakurketarena eta idazketarena, baina amaierarik ez dutenak, etenik ez dutenak.
EKI proiektuaren bitartez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako goi mailetan emaniko eraldaketarekin batera, Haur Hezkuntzan hIZAN proiektuaren bitartez garatzen doana abian jarria dago, eta HHtik Lehen Hezkuntzarako bidean, zubi horretan, ere esku hartzen hasi dira ikastolak. Hor kokatzen da irakurketa eta idazketa prozesuen hastapena, eta horri begira jarri da martxan prestakuntza egitasmo hau.
Ikuspegi kurrikularretik garrantzi berezia duen egitasmoa da, eta lanketa honetatik materialetan ere eragin nahi da, Lehen Hezkuntzako lehen zikloari begira. Irakurketa eta idazketa, ikasleari bere ibilbide guztian eragingo dioten prozesuak izanik, gozamena eragitea ere lortu nahi da. Haur batek prozesu hauetan gozamena lortzen badu, gozatzen baldin badu irakurketarekin eta idazketarekin, bizitza osorako gozamena izango da.
Horregatik, irakaskuntza metodologian bezala, ikasleari irakurtzeko aukerak biderkatzean ere eragin nahi da. Horretarako proposatzen da, esaterako, haurrak liburuak eskura izatea nahi duenean har ditzan eta murgil dadin haietan. Irakurtzeko eta kontzentratzeko giroa sortuko duten espazioak antolatzea ere gakoa da honetan.
Eta etxean ere bai. Irakurtzeko zaletasuna etxetik ere landu daitekeelako. Ohikoa da, haurra irakurtzen ikasten hasten denean, gurasoak alboan egotea haiekin, eta elkarrekin irakurtzea. Haurra bere kasa moldatzen hasten denean, berriz, urritu egiten da akonpainamendu hori. Baina etapa horretan haurraren alboan jarraitzeak garrantzi handia dauka, bakarrik utziz gero uler baitezake dagoeneko helduarentzat, gurasoarentzat, ez dela interesgarria irakurtzea, eta horrek helburutik, gozamena lortzetik, urruntzera bultza dezake haurra.
Saio orokorretik mintegira
Irailean Alvaro Beñaran eta Nora Salbotx adituen ekarpenak jaso dituzte irakasleek, aretoak mukuru izan diren saioetan. Beñaran pedagogia terapeutikoan eta psikomotrizitatean aditua da, eta irailean emandako saioan haurraren garapenari buruz jardun zen. Nora Salbotx, berriz, urteetan irakasleen prestakuntzan aritu da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta eskola irakasle da egun. Haren bitartez, irakurketa eta idazketa prozesuen hastapenean sakondu zuten irakasleek.
Saio orokorrak izan dira, 700 irakasletik gora parte hartu dute, helburua baitzen guztiak jabetzea zein norabidetan egin nahi den eraldaketa, eta guztiek sakontzea saio hauetan erabili diren kontzeptu eta terminologietan. Saio hauetan irakasleek erantzun dituzten galdetegien bitartez, ikastola bakoitzaren beharrak identifikatu dira, eta horiek aintzat hartuta, mintegi bat sortu da, galdera, kezka eta behar horiei erantzuteko. Mintegia Montserrat Fons adituak, Bartzelonako Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktoreak, abiatuko du, urriaren 16an eta 17an egingo dituen saioetan. Eta horren ostean, Ikastolen Elkarteko aditu taldeak emango dio jarraipena mintegiari.
Eredu berri bat
Irakasleen ahalduntzeari eta hobekuntzari begira prestakuntzak duen garrantzia begi bistakoa da. Ikastolen Elkarteak urteak daramatza ikastoletako irakasleak prestatzen, eta milaka irakaslek hartu dute parte ikastaro, mintegi eta bestelako saioetan. Prestakuntza saioek dedikazioaz gain gelak utzi behar izatea ere ekartzen dute, eta ez da beti samurra izaten hori egin ahal izatea. Ehunka lagun eroso eta saioak behar bezala jarraitzeko moduan egoteko azpiegiturak aurkitzea ere ez da lan erraza izaten. Baina era berean, eraldaketa pedagogikoa gelaratzea lortu nahi bada, ezinbestekoa da prestakuntza saio hauetako lana.
Gauzak horrela, prestakuntza eredu berri bat jarri nahi da martxan. Dagoeneko urrats batzuk egin dira, eta urrats horietan sakondu nahi da. Horrela, konbinatu egin nahi dira formula desberdinak: prestakuntza saio orokorrak, ikastola bakoitzeko ordezkari banarekin osatutakoak eta baita online saioak ere. Bigarren eredua aurrera eramateko, ikastola bakoitzean erreferente figura bat sortu da. Erreferente hauek Ikastolen Elkarteak antolatutako saioetan parte hartuko dute eta bakoitzak bere ikastolako errealitate eta beharretara egokituz. Adituengandik jaso, erreferenteekin landu, hausnartu eta guztia ikastolaratu.
Irakurketa haurtzaroan hasten den zaletasuna da
Pedagogoek diote irakurketaz gozatzen ikasi egiten dela eta, horrenbestez, irakatsi egin daitekeela. Horretarako, funtsezkoa da familia. Jarduera guztiek bezala, irakurketak konstantzia behar du ohitura bihurtuko bada. Sekula ez da irakurtzera behartu behar, baina eguneroko kontu bihur daiteke. Aisialdiko zati bihurtzea da kontua.
-Liburuak eskura jarri
-Liburu-dendak bisitatu
-Eguneroko ohitura konpartitua izan
-Liburutegiko bazkide izan
Irakurketa, idazketa eta ulermena, ikasleari bere ibilbide guztian eragingo dion prozesu bat izanik, gozamena eragitea ere lortu nahi da.
Garrantzitsua da haurrak liburuak eskura izatea nahi duenean har ditzan eta murgil dadin haietan. Irakurtzeko eta kontzentratzeko giroa sortuko duten espazioak antolatzea ere gakoa da