ERRIGORA
Baratza sukaldera eta euskara plazara
Urriaren 30etik azaroaren 20ra
Aurtengoan berritasunez josita dator Errigora.
Urriaren 30etik azaroaren 20ra, aurtengoan berritasunez josita dator Errigoraren «Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka» kanpaina: diru-ekarpenaren zati bat Nafarroa hegoalde eta erdialdeko plazetara euskara ateratzea xede izango duen ekimen berri bat sortzeko erabiliko da eta, biren ordez, hiru saski izango dira aukeran.
«Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka» kanpainaren 7. edizioa ate joka dugu dagoeneko. Arin erraten da, baina, atzera begiratuta, nork bere alea jarrita guztion artean osatu dugun hareatza zabal ageri zaigu begi parean. Ia 80.000 saski eraman ditugu Nafarroa hegoaldeko baratzetik Euskal Herriko txoko guztietako sukaldeetara eta, bueltan, ia 1.000.000€ bideratu dugu Euskal Herriko txoko guztietatik Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Ekoizle mordoa, ehunka boluntario eta milaka kontsumitzaile arduratsuren arteko auzolan erraldoia; euskara eta elikadura-burujabetza ardatz hartuta, eremu eta jatorri anitzetako pertsonen topaleku bilakatu da Errigora.
Nafarroa hegoalde eta erdialdearen errealitate linguistikoa ez da goitik behera aldatu, baina euskalgintzaren dinamikak bizirik mantentze hutsa ez da gutxi, hizkuntza-eskubideei dagokienez hamarkadetan administrazioak zonaldeari eskaini dion gutxiespen tratua kontuan izanik. Ikastolak bertako herritarrak euskalduntzeko ezinbesteko tresna izan arren, oso zaila da behar luketen adina diru biltzea, baina Vianako Erentzun, Lodosako Ibaialde eta Tuterako Argiari ere ekarpen polita egin zaie. AEK-k jaso duen dirua beketarako erabili dute, eta %70 igo dira matrikulazioak eskualdean.
Aurtengoan, Erromatarrek Ager Vasconum deitu zuten eremuan —Nafarroa hegoalde eta erdialdea— euskara bultzatzeko eta laguntzeko beste urrats bat eman nahi du Errigorak. Zonaldeko euskalgintzaren ardatz diren proiektuok laguntzen jarraitzeaz gain, diru-ekarpenaren zatitxo bat eragin biderkatzailea izan nahi duen ekimen berri bat abiatzera zuzenduko da: Agerraldia. Bide praktikoa eta eraginkorra eginen duen ekimena izango da, bertako euskaldunak eta euskaltzaleak protagonista eta sustatzaile izanen dituena, saretzean eta elkarlanean oinarritua, eta emaitza gisa jarduera eta ekintza zehatzak ekarriko dituena, euskararen ezagutza zabaltzeko, erabilera handitzeko eta aldeko jarrerak indartzeko.
Zaila da bertako ikastolak eta, oro har, bertako euskalgintza laguntzeko modu goxoagorik imajinatzea: produktu bikainez gozatu eta %25 euskarari eman. Saski beltza eska dezakezu betiko tankerakoa nahi baduzu (50 euroan); berdea ekologikoa maite baduzu (60 euroan); aurten zerbait berezia nahi baduzu edo norbaiti gabon-opari bat egiteko, zuria (70 euroan). Ezin baduzu erabaki, eskatu bi edo hiru; hori gehiago emango diozu euskarari. «Ekintza txikiekin helburu handiak», Errigoraren oihuak dioen bezala.