IKASTOLA 235 > iritziak > Lan Hitzarmen berria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan

Lan arloa

Lan Hitzarmen berria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan

Irailaren 30ean izenpetu zuten Ikastolen Etxean

Ikastolen Elkarteko ordezkariek eta gehiengo sindikalak (LAB)

 

 

 Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolek Lan Hitzarmen berria adostu eta sinatu zuten, irailaren 30ean, Ikastolen Donostiako Etxean egin zen negoziazio mahaiaren azken bileran. Lan Hitzarmena 2018 eta 2019 urteei dagokiena da, eta Ikastolen Elkarteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 59 ikastolei eragiten die.

Ikastolen Elkarteak eta gehiengo sindikalak (LAB sindikatua da, ordezkarien %75 biltzen duena) duela zenbait egun izenpetu duten hitzarmenak ikastoletako langileen lan baldintzetan hobekuntzak ekarriko ditu, eta, aldi berean, ikastolek euren proiektua aurrera ateratzeko mesedegarria izango da, irakasle eta langileak baitira hezkuntza proiektuaren zutabe nagusiak.

Iragan abenduan bi aldeek hitzartu zuten Lan Akordioaren ondotik dator Lan Hitzarmenaren izenpetzea. Orduko akordioak ezaugarri hauek zituen, besteak beste: hainbat hezkuntza ataletan diagnostiko partekatua jasotzeaz gain, langileentzat hobekuntzak zituen, bereziki 0-3 zikloko langileentzat, zerbitzuetako langileentzat eta Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat; soldata altxaketak jasotzen zituen lan hitzarmeneko lan kategoria guztietan, baita DBHko 1. zikloko soldata homologazioa ere; eta lanpostuak mantentzeko tresna egokia zen. “Askotan esan dugu, baina askotan esateak ez dio baliorik kentzen, ikastolen helburua dela gure langileek ahalik eta lan baldintza onenak izatea, muga ikastolen bideragarritasuna izanik. Muga horretan jardun dugu oraingoan ere”, adierazi zuen Ikastolen Elkarteak orduan.

Irailean izenpetu duten Lan Hitzarmenean, berriz, abenduan sinatutako Lan Akordioan hitzartutako puntuak biltzeaz gainera, atal nagusiak eguneratu eta berritu dira. Halaber, ikastola guztietan berdintasun planak bultzatzeko konpromisoa ere martxan jarri dute. Jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz ikastoletan gelak itxi beharko balira, ikastolek borondate irmoa dute, orain arte egin bezala, lanpostuei eusteko, eta hitzarmen honetan xede horretarako lan batzorde berezi bat osatzea ere aurreikusi da.

2018ko urte hasieran hasi zituzten elkarrizketak negoziazio mahaian, Lan Hitzarmen berria egiteko. Urte oso hori puntuz puntu negoziatzen aritu ziren, abenduan Lan Akordioa izenpetu zuten arte. Akordio horretan, aldeek ikasturte amaiera bitarteko epea ere eman zieten euren buruei Lan Hitzarmen berria adosteko. Epea amaituta akordiorik lortu ez bazuten ere, elkarrizketak giro oenean eta akordioa erdiesteko borondatearekin egin zituzten, eta, orain, oporren bueltan, izenpetu dute Lan Hitzarmena.

2009tik lehen Lan Hitzarmena

2009an izenpetu zen azken Lan Hitzarmena ikastoletan. Hamar urte igaro dira, beraz, ikastolek Lan Hitzarmen berri bat edukitzeko. Horregatik balio berezia du aldeek irailaren 30ean izenpetutako hitzarmenak.

Lan Hitzarmen hau adosteko “aldeek erakutsi duten borondatea” azpimarratu du Ikastolen Elkarteak: “Prozesua luzea izan da. Ia urtebete behar izan zen Lan Akordioa adosteko, eta zortzi hilabete gehiago behar izan dira Lan Hitzarmen berria egiteko. Denbora honetan guztian, ordea, akordiorako borondatea izan da bi aldeetan. Inguruko kanpo faktoreek helburuan eraginik ez izateko erakutsitako jarrera ere txalogarria izan da”, azaldu zuen Ikastolen Elkarteak, Lan Hitzarmenaren izenpetzea baloratzeko argitara eman zuen prentsa oharrean.

Ikastolen 2019-20 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian azpimarratu zuten bezala, irakasleek eta langileek osaturiko lan taldea gakoa da ikastolen hezkuntza proiektuaren erronkak aurrera ateratzeko. “Haientzako lan baldintzarik onenak nahi ditugu ikastolok. Lan Hitzarmen honekin urrats garrantzitsuak egin dira lan baldintza horiek hobetzeko, eta bidea garbitu da ikastolek hurrengo urteetan izango dituzten erronkei hobe erantzun ahal izateko”.

 

ENTRESAKA

Lan Hitzarmen hau adosteko “aldeek erakutsi duten borondatea” azpimarratu du Ikastolen Elkarteak: “Prozesua luzea izan da. Ia urtebete behar izan zen Lan Akordioa adosteko, eta zortzi hilabete gehiago behar izan dira Lan Hitzarmen berria egiteko. Denbora honetan guztian, ordea, akordiorako borondatea izan da bi aldeetan. Inguruko kanpo faktoreek helburuan eraginik ez izateko erakutsitako jarreran.

ikastola 235
2019 Urria
235