Ikastolen 2019-20 Ikasturtean Hasiera Ekitaldia
Ikastolen omenaldia Seaskako lehendakari ohiei
Seaskaren 50. urteurrena ospatzeko tartea ere izan zen
Seaskako lehendakari ohiei omenaldia egin zitzaien.
Ikastolen Ikasturtearen Hasiera Ekitaldiaren baitan, Seaskaren 50. urteurrena ospatzeko tartea ere izan zen. Ikastolen Elkartetik Ipar Euskal Herriko ikastolen komunitate osoari mende erdi honetako ibilibidea errekonozitu nahi izan zitzaion, eta guztien izenean Seaskako abentura abiatu eta gaur arte iraunarazi duten Seaskako lehendakari ohiei omenaldi bat egin zitzaien.
Seaskako egungo lehendakari Peio Jorajuriaren eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren eskutik egin zen omenaldia. Lehendakari ohi guztiek ez zuten omenaldira joaterik izan, bi zenduta baitaude (Jean-Pierre Seilliez eta Jean-Louis Maitia), beste bat gaixorik zen (Jean Berria) eta beste bi lanean ari baitziren egun horretan (Itxaro Borda eta Filgi Claverie). Gainontzekoak, bai, bertaratu ziren.
Hau da Seaskako lehendakari izandakoen zerrenda : Argitxu Noblia (1969-79), Jean-Pierre Seilliez (1979), Jean-Louis Maitia (1980-83 eta 1987-92), Mailux Zaldunbide (1983-85), Jean Berria (1985-86) Gexan Alfaro (1986-87), Phillippe Goyetche (1992-97), Mari-Jo Anetas (1997-99), Itxaro Borda (1999-2000), Mixel Etxeberri (2000-03), Filgi Claverie (2003-04), Ixabel Charriton (2004-08) eta Paxkal Indo (2008-2019).
«Euskal Herriko historiaren orri inportant anitz idatzi dituzue. Seaskaren baitan bistan dena, baina Seaskatik kanpo ere, euskararen, euskal kulturaren eta herrigintzan erreferentzia nagusi baitzarate. IparEuskal Herrian euskara oraino bizi bada zuei esker da hein handi batean», esan zien Jorajuriak omenduei.
«Zuen bitartez, mende erdi batez Seaskako administrazio kontseiluetan, ikastoletan ardurak hartu dituzten burasoak eskertu nahi ditugu ere. Zuen bitartez, ikastoletan euskararen alde aritu diren irakasleak eta langileak ere eskertu nahi ditugu, baita Seaskako zerbitzuetako langileak ere », gaineratu zuen Seaskako lehendakarik.
«Seaskako lehendakaritzaren lekukoa eskuz esku pasatu duzue, eta zuei esker Seaska egitura militante egon da, eta izaten segituko du», amaitu zuen.
Azken ekitaldia urrian
Seaskaren 50. Urteurrena dela-eta, hainbat ekitaldi ospatu dira aurten. Eta oraindik beste bat geratzen, heldu den urriaren 18 eta 19an Jardunaldi pedagogikoak antolatuko baititu Seaskak Frantziar Estatuko beste sareekin batera Eskolim eta ISLRF egituren baitan: Diwan, Bressola, ABCM eta Calandretarekin.
Bernat Etxepare Lizeoaren bigarren inaugurazioa
Duela bi urte ireki zituen ateak Baionako Bernat Etxepare Lizeoaren eraikin berriak. 270 ikaslerekin hasi zuen ibilbidea, eta egun 370 ditu. Guztiak hartu ahal izateko eraikina hazi egin behar izan dute. Uda honetan amaitu dituzte eraikin berriari erantsi dioten beste eraikina egiteko lanak, eta Ikastolen aurtengo Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian inauguratu zuten. Lizeo berriaren garrantzia azpimarratzekoa da. Duela bi ikasturte arte, Seaskako kolegioetako ikasketak amaitutako ikasleen erdiak hartzen zituen Baionako lizeoak. Gaur egun, eraikin berri eta handituarekin, ikasleen lautatik hiru hartzen ditu. Ekitaldian esan zen bezala, urrats kualitatibo ikaragarria da hori. Lehen mailan euskara ikasten delako, kolegioan euskaran sakontzen delako, baina lizeoan euskaraz gozatzen delako. Ipar Euskal Herriko biharko arlo guztietako profesional euskaldun gehien gehienak, Lizeotik pasatakoak izango dira.