IKASTOLA 230 > ikastolak > Haur Hezkuntzako eraikin berrituaren ateak zabalik ditu

Baztan Ikastola, Elizondo

Haur Hezkuntzako eraikin berrituaren ateak zabalik ditu

2015eko Nafarroa Oinezaren ondorioz

Irabaziei esker berritutako eraikinaren inaugurazio ekitaldia egin da

2015ean bailaran ospatutako Nafarroa Oinezko irabaziei esker berritutako eraikinaren inaugurazio ekitaldia irailaren 15ean egin zen. Jende andana bildu zen erabat berritu eta itxuraldatu den ikastetxearen irekiera ospakizunean. Ikasleak, gurasoak, ikasle eta guraso ohiak, irakasleak eta irakasle ohiak, denak han zeuden, baita Baztan Ikastolaren hainbat sortzaile ere, gaur egun beren bilobak ikastolako ikasle direnak, batzuk. Agintariak eta erakunde desberdinetako ordezkariak ere bertan ziren, esate baterako, Baztango Udaleko hainbat zinegotzi, Joseba Otondo alkatea (Baztan Ikastolako ikasle ohia) buru zutela. Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria, Josu Reparaz, eta lehendakaria, Mikel Asiain; Ikastolen Elkarteko zuzendaria, Jose Luis Sukia, ere bertan ziren; baita Euskaltzaindiako kide Sagrario Aleman ere. Baztan Ikastolako Haur Hezkuntzako irakasle Iosune Ortegaren eta Guraso Elkarteko lehendakari Maria Lizardiren esker hitzak entzun zituzten bertaratutako guztiek aurrena, eta txistuaren doinupean aurreskua eta zortziko herrikoia dantzatu eta gero, eraikinera sartu ziren apirilean abiatutako obra-lanen emaitzaz gozatzera. Pauso sendoa eman du Baztan Ikastolak egin den berritze lanarekin, izan ere, soilik ez dute berrantolaketa arkitektonikoa egin, pedagogiaren aldetik ere ilusioz bete dituen proiektu berri eta garrantzitsu bat abiatu baitute, Haur Hezkuntzako eraikinaren espazioak beren lan egiteko modu berrira egokituz. Espazioak eta Konfidantzaren Pedagogia izeneko eredu berritzaileak bat egin dute. Argitasuna, hormik gabeko espazio zabalak, haurrek goxo eta lasai egoteko guneak, eskalatzeko rokodromoa, bakarkako lanen zein kooperatiboetan ariteko espazioak sortu dituzte eraikin zaharberrituan. Helburu bakarrarekin: haurrak konfidantzan heztea. Umeak bere gaitasunak garatu eta zailtasunak kudeatzeko beharrezkoa du konfidantza bere buruarengan, bertzeengan eta bere inguruarengan. Baztan Ikastolan oso argi dute hori eta haurraren garapena ahalik eta hoberen sustatzeko baliabideak lortu eta espazioak egokitu behar zirela. Lan itzela egin da. Zahar-zaharra zen eraikina goitik behera berritzeko profesionalak eta auzolanak bat egin dute, Baztanen ohi den modura. Irakasleekin batera familiak inplikatu dira, eta hor dago emaitza bikaina. Ideiak, beharrak, planoak, irtenbideak mahai gainean jarri, eta erabaki zuzenak hartzeko aukera izan dute. Barrutik dena berri, kanpotik dena txukun, margotu berri. Urteetako ahaleginak merezi izan du.

ikastola 230
2018 Urria
230