IKASTOLA 229 > ikastolak > Elkartasuna da ikastolako balio erantsia

Paz de Ziganda Ikastola, Atarrabia

Elkartasuna da ikastolako balio erantsia

Duela bost urte Jira Bira taldea sortu genuen, bereziki solidaritatea lantzeko

Elkartasunean sakontzea era praktiko batean, familiak ere inplikatuz

Betidanik izan ditu ikastolak egitasmo solidarioak esku artean. Urteak dira Kongo Errepublikan dagoen Djuman herrian eskola, Osasun Etxea eta beste egiten parte hartu zuela. Duela bost urte Jira Bira taldea sortu zuten bereziki solidaritatea lantzeko guraso eta ikasleekin batera. Hori horrela hainbat erakunderekin daude harremanetan, hala nola Medicus Mundi, Paris 365 eta ANFAS-ekin. DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako mintzaldiz gain, erabaki zen ikastolako kide guztien inplikazio zuzena eskatzen zuen proiektu batean parte hartzea, Paris 365 erakundearekin hain zuzen.

“Proiektu honen helburua bikoitza da, batetik beharra duen jendeari laguntzea; eta bestetik, gure ikasleekin elkartasuna lantzea era praktiko batean, familian ere lanketa hori bultzatuz”.

Parte hartze hori maila ezberdinetan gauzatzen da. Batxilergoko ikasleekin, heldu baten laguntzarekin, Paris 365 jantokian bazkariak zerbitzatzen, larunbat  eguerdiro bi orduko lana eginez. Bilketa solidarioak antolatzen. Paris 365 erakundeak, hainbat ekintzen artean, janaria banatzen du behar handia eta umeak dituzten familien artean. Hartara saihesten dute haurrak jantoki sozialetara joatea. “Gure ikastola bete-betean dago horretan inplikatua, hilabetean behin behar diren elikagaiak biltzen. Ekainean eta abenduan bilketa erraldoiak egiten dira, batean udako despentsa betea uzteko, eta bestea, Eguberritan, gozoz osatzeko asmoarekin. Irakasleen artean ere egin izan dira bilketa bereziak fardelak jasotzeko. Paris 365k ere azokatxo bat antolatzen du, eta badu ere denda bat non bigarren eskuko gauzak saltzen diren. Behar izatekotan eskola materialaren bilketa ere egin izan dugu.

Horretaz gain Paz de Ziganda Ikastolak beste proiektu batzuetan ere hartzen du parte, errefuxiatuen alde, adibidez, jarduera puntualak antolatuz eta, Eguberrietan egiten den guraso afarian, tabernan jasotako dirua bertara igorriz.

Une honetan ikasle ohi batekin ari gara elkarlanean Ugandan gauzatzen den Langeti Project delakoan parte hartzeko asmoz. Hezkuntza integratzailea eta soziala lortzea du helburu, alderdi artistiko ezberdinak erabiliz, izan musika, literatura, pintura ala kirola.

 

ikastola 229
2018 Ekaina
229