IKASTOLA 229 > ikastolak > Ikastolak bizi duen garaia onenetakoa da, onena ez bada

Oiongo San Bizente Ikastola

Ikastolak bizi duen garaia onenetakoa da, onena ez bada

Berrogei urte dira San Bizente Ikastola sortu zela

Geldiune bat eginez erakusketa bat antolatu dugu, nondik gatozen eta zenbat kostatu zaigun gaurdaino iristea jaso nahian.

“Bizi garen gizarte honetan beti gabiltzanez presaka, erakusketa honen helburua izan da geldiune bat egitea eta ikustea nondik gatozen eta zenbat kostatu zaigun honaino iristea. Argi dago ikastola ez dagoela betidanik Oionen, lan itzela duela atzetik, lagun askoren lan izugarria”. Halaxe hasi da hizketan Arantxa Sobrino irakaslea eta erakusketaren bultzatzaile bat.

“Berrogei urte bete ditu gure ikastolak eta horren islada den erakusketa xume bezain esangurutsua antolatu nahi izan dugu. Txokoka antolatu dugu: Ikastolaren historia biltzen duena; eraikinak; estatutuak eta barne araudiak; Pedagogia eta traste zaharrak  (HH, LH eta DBH) argazkiz josita (irteerak, Euskal Kulturarekin lotutako ekintzak izan Olentzero, Santa Ageda, iñauteri…), metodologiak. Bost Araba Euskaraz bizi izan ditugu (1984, 1997, 2003, 2009 eta 2015) argituz zer den AE, eta agertuz zer lortu zen jai bakoitzarekin. Guraso Elkarteak herriari eman dion kultur ondarea (Olentzero, Prudentzio donearen danborrada); ikastolak herriko beste erakundeekin lortu dituen loturak (Irule Kultur Elkartea; abesbatza; txandrio Bertso Eskola; Oiongo gazteak, IKA eta Ttiki-Ttakarekin). Eta azkenik, barruko ikasgela bat, eguneroko errealitatearen erakuslehio dena.

Nahita ez dugu erakusketa ikastolan antolatu; herriak erdigunean duen areto batera ekarri dugu, ikastolako kide ez direnak ere sar daitezen”.

“Guraso batzuren gogorkeriaz jaio zen ikastola: euren seme-alabentzat heziketa euskalduna nahi izan zutelako, zonaldean euskara galdua baitzen hainbat mendetatik. Lehenengo andereñoa gurasoek euren poltsikotik ordaindu zuten. Eskerrak hasieratik izan genuela Ikastolen Elkarteko babesa.

1978an sortu zen San Bizente Ikastola, Arabar Errioxako lehen ikastola. 1979koak dira Bastida eta Assa. Oionen zeuden eskola zaharretan (1930-31ko eraikinean, Dictablanda garaikoa, Errepublikaren hasierakoa) gela bat “okupatu” genuen. 1960tik hutsik zegoen eraikina. Lehen urtean gela bat; bigarrenean, bi; hirugarrenean, hiru; urterik urte gela berri bat hartzen joan ginen. Honela, 1984ko lehen Araba Euskarazeko diru sarrerarekin, eraikuntza berritu genuen, baita pilota-lekua estali ere. 1997ko AE-n emaitzekin DBHko eraikin urdin berria altxatu genuen, eta lehen kreditua eskuratu. Azken berrikuntzak aurten egin ditugu kanpoko guztia aislatuz eta margotuz, leihoak berrituz  eta pertsianak jarriz (inoiz izan ez dituguna), jangela eta sukalde propioa eginez, eta patioa berrituz”.

1983an sartu zen Txaro ikastolan, euskaltegian eta ikastolan lanak betez. Oso ongi gogoratzen ditu orduko garaiak, eta poztasun handiarekin “Esan dezakegu ikastolak une honetan bizi duen garaia onenetakoa dela, onena ez bada. Zergatik? Ikastola herrian guztiz kokatuta dagoelako, ospe duen erreferente da, 300 ikasleren muga gainditu du, eta baieztatu dezakegu hilabete gutxirekin ikastolan sartzen den ikaslea, batxilergoa bukatzeko aukera duela. Hemen Haurtzaindegia, HH, LH eta DBH mailak ditugu; eta Batxilergoa egitera ikasle gehienak ASSA Ikastolara joaten dira, hemendik 8 kilometrora, autobusarekin. Ikasle emaitza onak ditugu. Zerbitzutan ere primeran goaz, oraintxe eraiki dugun sukalde eta jangelarekin ikasle erdiak ikastolan gelditzen dira bazkaltzen. HH eta LHko obra amaitutzat ematen dugu; hurrengo urratsa, eraikin urdinarekin hastea izango da, horretan ere leihoak berritu beharko baititugu, eta beste”.

Garai hotzak amaitu dira San Bizente Ikastolarako. Orain Pedagogian zentratuta daude, etorkizunari itxaropen handiarekin begira. Kalean kokatu dira, esan bezala erreferente dira, hurrengo urratsa euskara kalera ateratzea izango da! Helburua ez da batera erraza, baina saiatzen ari direla ez dago inongo zalantzarik!!

 

ikastola 229
2018 Ekaina
229