IKASTOLA 229 > ikastolak > Parisen ikasbidaian, zipriztu dira frantsesarekin

Lautada Ikastola, Agurain

Parisen ikasbidaian, zipriztu dira frantsesarekin

DBH 3 eta 4ko gazteak elkarrekin, bi urtez lanean bidaia burutzeko

Paris zuri-zuri zela, turista askok ez bezala, elurra zapaldu dute!

Oraingoz ikastola txikia da Lautada, horregatik DBH 3 eta 4koak elkarrekin egiten dute ikasbidaia. Bi urtez jardun dute dirua biltzen, gurasoekin batera lanean: tortilak eta bonboiak salduz, txosnetan lagunduz… badakitelako ez dela edozein bidaia izango! Europarako txangoa da, beste herri zein kultura bat ezagutzeko urratsa emango diena. Aukeran zuten Londres, Paris, Erroma edo Budapestera joatea; azkenean, Paris hautatu dute.

Frantsesarekin zipriztu dira turista lez: Senan bateau mouche batean ibili dira, Arc de Triomphe, Sacre Coeur, Montmartre, Galeries Lafayette, Folies Pigalle eta Le Moulin Rouge, Notre Dame, Les Tuileries, Louvre eta D’Orsay museoak bisitatu dituzte. Frantziako iraultzan sakondu dute, Marie Antoinette izan dute gogoan, baina bereziki Napoleon. Gaurko egoerak atentzioa hartu die: zenbat militar armatu kaletan, metroan. Greba giroa, bereziki SNCF edo trenaren inguruan. Eta elurra zapaldu dute, Paris zuri-zuri, turista askok ikusi gabekoa!

Gelakideen arteko harremanetan sakontzeko balio du horrelako esperientziak. Etxetik eta etxekoengandik  urrun, primerakoa da beste hizkuntza eta ohiturak dastatzeko. Baita beste modu batean gozatzeko ere, Eurodisneyra joan baitziren azken aurreko egunean!

Ikastolarako bueltan kontatu diete DBHko gaztetxoenei, 1. eta 2.mailakoei, zein bizipen goxoak izan dituzten, argazkiak partekatu dituzte eta… kutsatu egin dituzte, hemendik bi urtera haiei tokatuko baitzaie Europara joatea. Horretarako lanean hasiko dira, xoxak biltzen, interneten begiratzen zein hiritara joango diren. Ikastolak argi du kultur bidaia izango dela oinarrian.

 

ikastola 229
2018 Ekaina
229