IKASTOLA 229 > ikastolak > Azpeitiko Ikastola, Ikasberri

Zientzia Azoka Azpeitian, Iraurgi Berritzen eta Elhuyarrekin elkarlanean

Azpeitiko Ikastola, Ikasberri

Zatozte bisitatzera eta gure ikasleek egin duten lana ikustera

Ekainaren 14an, goizeko 11etan, beraz, Azpeitiko Plazara gonbidatzen zaituztegu Zientzia Azokara.

Euskal Herriko ikastola askotan bezala, Azpeitiko Ikastolan ere EKI proiektuarekin ari gara buru belarri  lanean. Kasu honetan, DBH4ko Fisika/Kimikako 3. unitatean planteatzen zaigun erronkarekin ari gara, Zientzia Azoka antolatzearena hain zuzen.

Iraurgi Berritzen erakundearekin eta Elhuyarrekin elkarlanean, ekainaren 14an, Zientzia Azoka gauzatuko dugu Azpeitiko Plazan.

Ikasleak erreakzio kimiko batean eragina duten faktoreen inguruko ikerketa bat  gauzatu eta Zientzia Azokan, lortutako emaitza eta ondorioak aurkeztuko dituzte. Lan hau aurrera eramateko, gainera, Aitziber Eleta zientzialariaren laguntza paregabea izan dugu. Aitziberrek helburu bikoitza bete du; alde batetik, zientzialarien lana, ikerketa lana, gerturatu die ikasleei honek zientzia eta teknologiaren garapenean duen garrantziarekin, eta, bestetik, ikerketa lana aurrera eramateko  laborategiko lanean neurketak nola egin beharko lituzketen azaldu die.

Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da eta ikasleak oso gustura ari dira lanean. Kontuan hartu beharra dago beraien lana herriko plazan aurkezteak motibatu egiten dituela eta biribildu egiten duela unitate osoan zehar landutakoa.

Ekainaren 14an, goizeko 11etan, beraz, Azpeitiko Plazara gonbidatzen zaituztegu Zientzia Azoka bisitatu eta gure ikasleek egin duten lana ikustera.

Zatozte gurekin ikastera!

 

ikastola 229
2018 Ekaina
229