IKASTOLA 229 > ikastolak > Izaskun Aldaz-i, Urdianetik Irunberrira joandako lehen andereñoari, MILESKER!

Arangoiti Ikastola - Irunberri, Lunbier

Izaskun Aldaz-i, Urdianetik Irunberrira joandako lehen andereñoari, MILESKER!

1980an iritsi zen Irunberrira

Sorpresaz beteriko festa antolatu diote herrian

Izaskun Aldaz andereñoak erretiroa hartuko duenez ikasturte bukaeran, sorpresaz beteriko festa antolatu diote herrian. 1980tik bizitza egin du Irunberrin. Pertsona berezia da, irakaskuntzan sinesten duen irakasle nekaezina, musika jole, sortzaile, dinamizatzaile, … hamaika bertute ditu, bat azpimarratzekoa: integratzailea da, inguruan dituen guztiak taldera erakartzen dakiena, horregatik ere jakin du Euskal kultura eta ikastola herrira erakartzea eta normalizatzea!

1980an iritsi zen Izaskun Urdianetik Urunberrira (Batuan, Irunberri-ra). Orduz geroztik bertan bizi da, inguruko bikotea egin eta bi seme-alaba izan dituzte. Ez du ordea inoiz Sakanarekin loturarik galdu han familia handia, lagun onak eta musikarekin loturak zaintzen jakin duelako (abesbatza, txaranga, txistu…).

Duela lau hilabete ikastolako kideek eta ikasle zein familia ohiek pentsatu zuten omenalditxo bat antolatzea, Izaskun bere erretretara joan aurretik. Ideia xume hori handitzen eta handitzen joan da, edonori aipatu bezain laster denek parte hartu nahi izan dutelako. Berari ezer esan gabe bolo-bolo ibili da herri osotik apirilaren 21eko jaia, sekretupean, gero eta ekarpen gehiago batuz. Hori horrela eguneko festak hiru zati izan ditu: goizeko ekitaldia herriko zinema aretoa gainezka zegoela; aperitifa herrian, bazkaria eta bazkari osteko musika eta dantza frontoian. Zenbat jende eta zenbat gozamen bildu dituen!

‘Eskerrik asko, Izaskun’ izan dira gehien errepikatu diren hitzak zinema aretoan ordubete iraun duen ekitaldi hunkigarrian. Familiako ordezkariak, abesten. Bidanek eta Adurrek ohorezko aurreskua dantzatu diote. Oroimenak han eta hemen, umorez eta graziaz gogoratuak, 38 urtetan egindako bidea emankorra izan baita. Lehen gurasoen ordezkariek hartu dute hitza, baita ondorengoak eta gaurkoak ere. Ikasleek aurkezpen lanetan eta kantuan aritu dira. Eta bertaratu ezin izan dutenek bere ekarpena egin dute bideoz, sketx modukoak! Partaide guztien zinezko eskertza izan da, halako pertsona ona izanagatik, bere ontasuna egunerokoan transmititzen jakiteagatik, gertuko irakaslea izanagatik, seme-alabak eta gurasoak euskalduntzen laguntzeagatik, ikastolarekiko pasioa kutsatzen saiatzeagatik. Ikastola sortzen lagundu du Izaskunek. Hori egiten ere asmatu du, ikastolako hormetatik haratago herria biltzen, euskal kulturarekin lotutako ohitura berriak sartzen; euskara arrotza ez, baina ahaztuta zegoen herrira ekartzen eta taldeak inplikatzen. Txalo bero-beroak, Izaskun!

Pozgarria da zu ezagutzea, hunkigarria izan da merezimenduz jaso duzun gorazarrea!
Ane, ikasle ohiak, hartuko du zure lekukoa ikastolan. Lankide taldea bizirik dago Arangoiti Ikastolan, etorkizunerako sustraiak ongi errotuta daudela jakinik, zoaz gozatzera bizitzaren etapa berri honetan!

 

ikastola 229
2018 Ekaina
229