IKASTOLA 228 > ikastolak > Mende bat atzera, inude eta artzainekin

Orereta Ikastola, Errenteria

Mende bat atzera, inude eta artzainekin

450 pertsonak hartu dute parte mozorrotuta eta denak eskertu nahi dituzte.

Ikastolako haur eta gazteek, guraso eta irakasleek osatutako konpartsa antolatu dute, 21 urtez jarraian, Raimundo Sarriegik 1869an egindako musikarekin. Donostiatik dator ohitura, Kandelario egunez ospatzen dena, inauteri bezperatan. 450 pertsonak hartu dute parte mozorrotuta: irudikatutako alkatea emaztearekin, udal idazkaria, kardinala, apaiza akolitoekin, mikeleteak, medikua eta erizainak, puxika-saltzaileak, barkilleroak, piruleteroak, galleterak, sardinerak, arropa-garbitzaileak, margolaria, zapata-garbitzailea, lore-saltzaileak, okinak, kale-garbitzaileak eta abar.

Konpartsa honetako musika Raimundo Sarriegik 1869an egina da. Lehen emanaldia Donostian 1885eko otsailaren 2an izan zen Kandelario egunez, garai hartan jai eguna baitzen. Nahiz eta inude lanbidea oso arrunta izan sasoi hartan, gizonezkoek bakarrik esku hartu zuten orduan, emakumeei ez baitzitzaien uzten kale festetan protagonista izaten. Gizonik gizenenak inude jantzi zituzten eta meheenak, artzain. Urteroko emanaldi honek 1912. urte arte iraun zuen. Urte hartan, Kandelario egunak jai izateari utzi zion eta emanaldiak bertan behera geratu ziren. 1912 eta 1977 artean, zenbait emanaldi izan ziren Antiguan, Hernanin, Pasaian, Altzan eta abar. Azkenik 1977an, Donostiako Kresala elkarteak berrantolatu egin zuen festa koloretsu eta ikusgarri hau; eta geroztik, Inauteri tenorean, urtero eskaini ohi da.

Errenteriari dagokionez, Ereintza elkarteak plazaratu zuen 1979 eta 1980an. Geroztik ez zen emanaldirik izan, harik eta 1998an Orereta Ikastolak egiteko hori bere gain hartu zuen arte. Harrezkero ez du hutsik egin Ikastolak eta urtero-urtero, inauteri igande ondorengo igandean garai bateko jantziak eta ohiturak kaleratu ditu. Aurten ere artzainak herrira etorri dira inudeak gorteatzera, eta haur jaioberriak bedeinkatu eta txertatzera. Iragan mendeko gizartearen zenbait irudi ekarri digute gogora: alkatea emaztearekin, udal idazkaria, kardinala, apaiza akolitoekin, mikeleteak, medikua eta erizainak, puxika-saltzaileak, barkilleroak, piruleteroak, galleterak, sardinerak, arropa-garbitzaileak, margolaria, zapata-garbitzailea, lore-saltzaileak, okinak, kale-garbitzaileak eta abar.

Emankizun honetan herriko hainbat elkarte eta koadrilak parte hartu du Orereta Ikastola lagunduz, hala nola Ereintza Elkarteko Txistulari Taldea, Iraultza dantza taldea, Errenteria Musikaleko musika banda, dultzaineroak, trikitilariak, Amulleta Elkarteko Danbor Kofradia, dantzari koadrilak baserritarrez jantzita erromeri giroan, Jose Mari auto klasikoak, eta beste hainbat gazte eta heldu garai bateko jantziekin. 250 gaztek eta 200 helduk osatutako konpartsa honek, 450 partaide guztira, Errenteriako kaleak zeharkatu ditu Sarriegiren musika lagun.

GUZTIEI ESKERRIK BEROENA eman nahi die Orereta Ikastolak.

 

 

ikastola 228
2018 Apirila
228