IKASTOLA 227 > ikastolak > IBAIZABAL, harreman gertuko ikastola

Ibaizabal Ikastola, Durango

IBAIZABAL, harreman gertuko ikastola

Elkarlana eta komunikazioa ezinbesteko bihurtuta

Selektibitatea prestatzeko saio bereziak ere indartu dira.

Ibaizabalen ikasle zein gurasoekiko harremana etengabea da, elkarlana eta komunikazioa ezinbesteko bihurtuta. Irakasleak  ikasleekin batera lan egiteak eta eurengandik gertu egoteak, hala  ikasketei zentzua emateko nola gogotsu ekiteko balio die Ibaizabaleko Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleei; bereziki, ikasketekiko desmotibazioaren aurrean.

Adibidez, Ibaizabalen ikasleei ikastordu aparteko arratsaldeko saio eta errefortzuak eskaintzen zaizkie. Azken urteari begiratuta, 2016-2017 ikasturtean, 112 errefortzu ordu eskaini zitzaizkien, aurreko ikasturtean baino %28 gehiago, emaitzen hobekuntzan eraginda. Selektibitatea prestatzeko saio bereziak ere indartu dira.

Bestetik, gerora begira bizitza osorako ibilbidea bideratzeko orientazio eta tutoretza zerbitzuari ezinbesteko garrantzia ematen diogu. Horregatik, hiru euskal Unibertsitateekin zein Lanbide Heziketako zentroekin garatuta dagoen programa eskaintzen dugu ikasle ohi, aditu eta gurasoekin batera, ikasle bileretan uztarturik.

Berrikuntzari ere gure tartea eman diogu, eta Ibaizabal Ikastolan ikaskidetza eta diziplina arteko metodologia pedagogiko berritzaileei ongietorria egin diegu.

Baina Ibaizabaleko irakaskuntza ez da soilik materien irakaskuntzan  amaitzen eta gazteak pertsona moduan osatzen eta hazten laguntzen ditugu. Elkarren arteko errespetua, elkar-laguntza, konpromisoa... moduko baloreetan eta harreman estuan oinarritzen da gure hezkuntza. Hartara, adin horretan garrantzitsua den alde ez akademikoa ere zaintzen dugu.

Horrengatik guztiagatik eta Ibaizabalen dagoen giro berezi zein alaiari esker, ikasleria gustura sentitzen da gurean, horrek asebetetze mailan eta emaitza akademikoen onuran positiboki eragiten du.

Ibaizabal  Ikastolan euskalduntasuna oinarri dugu, eta Bizkaiko herri ezberdinetako ikasleriaren eta herrietako azpieuskalkien lotura berezi bihurtu da.

Ezagutu gaitzazu, Ibaizabal ikastolan gaude, besoak eta ateak zabalik!!

 

 

 

 

ikastola 227
2018 otsaila
227