IKASTOLA 227 > ikastolak > Ortuak herri saharauiari laguntzeko!

Txintxirri Ikastola, Elorrio

Ortuak herri saharauiari laguntzeko!

Imajinatzen dituzue letxugak, tomateak, erremolatxak….desertuan?

Zaila bezain posible da hori, eta horretan laguntzen du Elorrioko ikastolak.

Elorrioko Txintxirri ikastolak 2010etik aurrera bere urteko plan guztietan Amgala deituriko elkartasunezko proiektua burutzen ari du. Amgala, Tindoufeko kanpalekuetan dagoen daira da eta bi urterik behin ikasle eta irakasle taldea bertara joaten dira, proiektua bertan garatzeko eta errefuxiatuen bizimodua eta egoera zuzenean ezagutzeko. Baina nola sortu zen proiektua? Elorrioko Institutuko eta Ikastolako ikasle eta irakasle talde batek, Elorrioko udaleko ordezkari batekin batera 2010eko abenduan Tindufeko kanpamenduetara egindako bidaia batetik sortutako proiektua da.

Lehen bidaia horren ostean piztu zen herri saharauiarekiko harremana eta lotura, eta gogo hori haientzat eta haiekin eginiko lankidetza-proiektu batean gauzatzea bururatu zitzaigun. Horrela bada, bilerak egin ziren ideiak eta proposamenak lantzeko, eta bilera horretatik ondorioztatu ziren proiektu honen nondik-norakoak. Harrez geroztik institutua, ikastola eta Lajwad elkartea elkarlanean aritzen dira Elorrion zein Amgalan ekimen desberdinak eginez. Elorrion egin diren ekintzak hala nola, erakusketak, komikiak, merkadilloa, hitzaldiak….izan dira, beti ere herri saharauiari laguntzeko eta errefuxiatuen kanpamenduetan pairatzen duen bizimoduaren berri emateko. Amgalan egindako ekimenak, ortuak, eskola-materiala, ur depositoak... aurrera tinko doaz eta proiektua sendotzen ari den seinale dira.

Abenduan, Elorrioko talde handi bat Amgalara abiatu zen. Ikastolako 14 kide, ikasle eta irakasle, zeuden bertan maletak beteta eta bertako familiekin 10 egun goxo pasatzeko asmoarekin. Eta nahiak eta espektatibak benetan bete zirela esan behar.

Familietan banatuta herri saharauiaren bizimodua kanpalekuetan ezagutzeko aukera izan zuten eta te goxo baten inguruan solasaldi ederrak izan zituzten. Zergatik bertan? Etorkizuna? Elkartasuna? Historia? Emakumeen papera? Komunitate internazionalaren papera? Antolaketa? Galdera asko eta erantzun ugari airean baina irribarreak eta laguntasuna beti presente. Esperientzia ahaztezina ikasleentzat eta Txintxirrik dituen balore eta erronkentzako baliagarria; ikasleak baloreetan eta konpetentzietan hezteko proiektu bikaina. Hau baino egoera errealagoa!

Baina, zer egin zuten bertan? Alde batetik, taldeak 70 familiei inguru ur deposituak banatu zizkien. Oso pozik hartu zituzten eta euren esker ona adierazi ere. Ur depositu egokiak izatea ezinbestekoa da, uraren kalitateak bizi kalitatea hobetzen baitie. Bestetik, proiektuak ortua jartzen edota ortua sortu nahi dituzten familiak bisitatu zituzten. Autosufizientzia lortzea garrantzitsua da, beraiek ekoiztu beraientzat. Imajinatzen dituzue letxugak, tomateak, erremolatxak….desertuan? Bai, posible da, zaila hori bai baina berenjena, azenarioak eta letxuga ederrak ikusi zituzten.  Azkenik, bertako eskolak ere bisitatu zituzten.

Ikasle eta irakasle guztien maleta handietan eramandako material guztia banatu zuten, eskola materiala, arropa eta janaria. Denak arduradunei eman dizkiegu, beharren arabera egoki ikusten duten erara banaketa egin dezaten. Eskerrik asko Kirikiño eta Orereta ikastolari, Kilometroak-ri eta laguntza eskaini diguzuen guztioi!

Bidaia bukatu zen baina proiektuak aurrera jarraitzen du, bizirik dago. Ikasleekin bilerak egin hurrengo ekimenak prestatzeko, ikastolak urtero ospatzen duen Sahara eguna antolatu, karabanarako material bilketan aktiboki parte hartu, sudadera/kamisetak saldu dirua lortzeko….Honez gain, proiektuaren berri lau haizetara zabaltzea nahi dute eta beste ikastola batzuetan ere aurkezpenak egiten ari dira, horrela, ikastoletako ikasleek herri saharauiaren egoera ezagutzeko aukera izango dute eta bertan bizi diren familia guzti horiek presente izango ditugu.

Denon arten egiten eta egingo dugu! Sukran Amgala!

 

ikastola 227
2018 otsaila
227