IKASTOLA 225 > ikastolak > Udako obrak bukatuta bost gunetan, eta bukatzear Santa Teresan

Arizmendi Ikastola, Leintz bailara

Udako obrak bukatuta bost gunetan, eta bukatzear Santa Teresan

Ikastolen Elkarteko ikastolarik handiena da

Lehenengo fasearen amaiera da oraingo lorpena.

Haur Hezkuntzan egindako ibilbideari jarraituz, Arizmendi Ikastolak 2017-2018 ikasturtea hasi du Lehen hezkuntzako espazioak egokitzen eta batxilergokoak moldatzen Konfiantzaren Pedagogia ardatz duen egitasmoan.

Jauzi berezia egiteko asmoz diseinatu eta egin dira ikastolan aurtengo udako obrak. Santa Teresako eraikina osorik birmoldatu da, Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan diseinu propioz eta auzoarekiko lotura kontuan izanda. Arimazubin, bigarren zikloa egokitu da; Gazteluondon eta Almenen, berriz, lehenengo zikloko gelak. Gaztelupen  eta Almenen batxilergo berritua eskaintzeko ­ -proiektu bidezko metodologia-  espazioak moldatu dira. Olarten, bolumena zabaltzeko obrak egin dira. Azkenik, Almeneko futbol zelaia jarduera-eremu bihurtu nahi denez bizpahiru ikasturtetan, aurten aglomeratu asfaltoduna egin da. 

Lehenengo fasearen amaiera da. Guztira, bi milioi euroko aurrekontua estimatu da, eta mailegu bidez finantziatzekotan da Arizmendi Ikastola, gurasoei inbertsio ekarpen berezia eskatuta. Era honetan, 2013tik 2017ra bitarteko fasea amaitu nahi da, hezkuntza kooperatibo euskaldunaren oinarria ezarrita eta 2017tik 2021era bitarteko aldiari hasiera eman oinarri horren gainean bilatzen ari den hezkuntza-eredu berriaren habeak ezartzeko. Arizmendi beti bizirik, mugimenduan!

ikastola 225
2017 Urria
225