IKASTOLA 224 > elkarrizketak > “Diseinuaren bitartez aukera dugu haurrak ikasle pasibo izatetik ikasle aktibo izatera igarotzeko”

24. Jardunaldi Pedagogikoak - Rosan Boch

“Diseinuaren bitartez aukera dugu haurrak ikasle pasibo izatetik ikasle aktibo izatera igarotzeko”

Arkitekto, diseinatzaile eta artista

Arkitekto, diseinatzaile eta artista ezaguna da mundu mailan Rosan Bosch holandarra. Danimarkan, Singapurren eta Espainian dituen estudioetatik irten dira aspaldiko diseinurik berritzaileenak. Duela hamarkada bat hasi zen ikastetxeetan ere diseinu berritzaileak proposatzen. Ordutik erreferente bilakatu da eskola espazioen eraldaketan.

Nola murgildu zinen ikastetxeen diseinuan, zerk bultzatuta murgildu zinen?

Hezkuntza munduarekin egiten dudan lanean murgiltzeko arrazoi nagusia nire semeak izan ziren. Ikusi nuen euren ikastetxean aspertu egiten zirela, eta, gainera, ikastetxeak berak itzali egiten zituela haiek ikasteko zuten berezko grina. Ohartu nintzen nire lanbidetik, diseinutik, irakasleei lagun niezaiekeela. Eta horrela hasi nintzen, besterik gabe, neure semeentzat onena nahi nuelako.

Gaur egun zuregana jotzen dutenek ezagutzen dute zure aurreko lan guztia. Baina nola izan zien hastapenak? Nola erreakzionatu zuten hezkuntza komunitateetan zure lehen lanak aurkeztu zenizkienean?

Proiektu bakoitza bakarra da, eta erreakzioak ere bakoitzak berea du. Baina egin nuen lehenbiziko proiektuaz, oso gogoan dut irakasle taldearekin egin nuen lehenbiziko bilera, oso gaizki irten zelako. Haserretu egin ziren nirekin. Orduan pentsatu eta birpentsatu egin behar izan nuen haiengana nola hurbil nintekeen. Gero, ohartu nintzen haiek ere hezkuntza ingurua eta sistema aldatu egin nahi zituztela, baina elkar ulertzeko hizkuntza falta genuela. Hori dela eta printzipio batzuk garatu genituen, oinarrian diseinurako printzipioak dira, baina eduki pedagogikoak ere badituena. Handik aurrera elkar ulertzeak aurrera egin zuen. Gure diseinuen baliabide pedagogikoak beren terminoetan esplikatzeko moduan ginelako, irakasleen munduan sartu eta esplikatzeko moduan ginelako nola erabil zezaketen diseinua beren lanerako erreminta gisa. Orain komunikatzeko aukera dugu, eta errazago egin dezakegu lan elkarrekin.

Komunikazio arazoa izan zen, beraz?

Beno, hori bakarrik ez. Aldaketarako proiektu batekin zatozenean, badago aldaketarik nahi ez duen jenderik. Dena den, gurekin lan egiten duten erakundeetan aldaketak nahi dituztenak ere badaude. Beraz, aldaketarik nahi ez dutenekin ere lan egin behar da, berrikuntzak ezartzeak arriskurik ez duela barneratu dezaten.

Espazio irekiak diseinatzen dituzu, gardenak, hormarik gabekoak edo pareta gutxi dituztenak … Nola laguntzen diete espazio berri horiek irakaskuntzako metodo berriei?

Espazio desberdinekin jokatzen dugu, ez denak irekiak, espazio itxiak ere sartzen ditugulako gure proiektuetan, espazio irekiagoak, itxiagoak, argiagoak, ilunagoak, kolore desberdinekoak … ikaskuntzarako paisaiak deitzen ditugu. Paisaia batetik zoazenean, zuhaitz baten azpian eser zintezke, menditxo baten atzean erdi-gordean egon, kobazulo baten barrenean … modu horretan lan egiten dugu espazioarekin, ikaskuntza paisaiekin. Paisaia horren barruan pedagogia batekin lan egiten ikasteko, fokua aldatu egiten da, sistema zentralizatu batetik sistema indibidualago batera igaroz,  eta proiektuekin lan eginez. Irakasleek proiektuen bidez lan egiten dute; ikasleak batzen dituzte, proiektuak aurkeztu, haiei beren kasa lan egiten utzi, eta gero berriz bildu proiektu horiek aurkezteko. Irakasleek ere elkarrekin lan egiten dute: ingeleseko irakasleak, adibidez, historiakoarekin batera, elkarrekin proiektu bat diseinatzen dute.

Nola konpontzen da gela eta etapa desberdinetako ikasleak espazio berean jardunda sor daitekeen anabasa?

Jendeak beldurra dio anabasari. Pentsatzen du ikastetxe batek diseinu tradizional bat ez badu, geletan banatuta, korridoreekin … erabateko anabasa izango litzatekeela, ez litzatekeela jakingo haurrak non diren, zarata handia egongo litzatekeela … Baina errealitatea zeharo desberdina da. Errealitatea da haurrek badakitela nola jokatu behar duten, edo ikasi egiten dutela. Kultura kontua da.

Egun, sistema tradizionalean, haurra gelara sartzen denean, esaten zaio ezin duela hitz egin, ezin dela mugitu. Gero, atea ireki eta korridoreetara irteten direnean, haurrek hitz egiten dute, mugitu egiten dira, oihu egiten dute … gela barruan ez dutelako hori egiteko askatasunik. Espazio irekiak dituzten ikastetxeetan, ikaskuntzarako paisaiak dituztenetan, ez da egia haurrek ez duela beren espaziorik. Talde bakoitzak bere espazioa du, hara joaten da, handik mugitzen dira eta gero itzuli egiten dira berriro.

Baina ez da egia anabasa sortzen dela, haurrek ikasi egiten dutelako dauden paisaia bakoitzean nola jokatu, saltoka ari daitezkeen, hitz egin dezaketen bestea kaltetu gabe, edo isilik igaro behar duten isiltasuna eskatzen duen paisaia batetik igarotzerakoan. Beraz, ez da anabasaren kontua; aitzitik, sistema bat dago, baina sistema hori ez da espazio tradizionaletakoa. Ez da sistema bat haurra pasibo izatera bultzatzen duena, irakaslearen aginduen meneko; sistema bat da non zuk, haur gisa, egoera zein nahi dela, nola jokatu behar duzun ikasten baituzun zeure kabuz.  

Nola azaltzen duzu diseinuak lagun gaitzakeela bizi osorako ikasle izaten?

Diseinuaren bitartez aukera dugulako haurrak ikasle pasibo izatetik ikasle aktibo izatera igarotzeko. Hau da, ikasten dugulako ez soilik nola ikasi behar dugun, oso garrantzitsua izan arren, baizik eta zerk bultzatzen gaituen ikastera, zerk motibatzen gaituen ikastera. Lortu behar da ikasle bakoitzak sentitzea ikastetxeak lagundu egin diola ikasten, bizitzan behar dituen edukiak jakiten eta erabiltzen, eta ikasteko motibatu egin duela, bizitza osoan ikasten jarraitzeko pizgarri izan dela ikastetxea. Kulturalki eta sozialki nola jokatu behar duen irakatsi diola, eta gehiago jakiteko edota gauzak aurrera ateratzeko baliabideak eman dizkiola. Uste dut modu horretako eskola horiek opari bat ematen digutela, bizitza osoan ikasle izateko aukera eman digutelako.

Ikastetxe baten diseinu aldaketa bati ekiterik badago inbertsio ekonomiko handiak egin beharrik gabe?

Askotan galdetzen didate hori. Baina inbertsioaz ari garenean zertaz ari gara, diruaz ala esfortzuaz? Nik uste dut horrelako aldaketak ezin direla egin esfortzu handirik gabe. Uste dut prozesu gogorra dela, zaila eta luzea. Ez dut uste beharrezkoa denik inbertsio ekonomiko handi bat egitea, aldaketa bati ekiteko. Herriko baso bat, ikastetxe baten ondoko paisaia, ikasteko lekurik onena izan daiteke. Danimarkan haur eskola ugari ditugu non umeak hartu eta egun osorako basora eramaten dituzten. Horretarako autobus bat besterik ez da behar.

Jendeak, noski, aldaketa nahi du, baina ez du nahi aldaketa hori gogorra eta luzea izatea. Ordea, aldaketa hain da funtsezkoa, hain oinarrizkoa, ezen oso zaila baita irakas-ikaskuntzan kultura aldaketa handi bat ematea esfortzurik gabe. Irakasleak bezala, gurasoak eta ikasleak beraiek ere ez dira aldaketa handien zale. Horregatik, elkarrekin egin beharreko bidaia bat da. Eta bidaia hori egiteko, aldez aurretik kontziente izan behar dugu helmugara iritsi iritsiko garela, baina bidean nekatuta egon gaitezkeela, trabak eduki ditzakegula, euria egin dezakeela, lo gutxi egin dezakegula … Beraz, niretzat ez da beharrezkoa inbertsio ekonomiko handi bat egitea, baina bai inbertsio handi bat esfortzuan, motibazioan, dedikazioan …

Eraldaketarako diseinua pizgarri egitea izan daiteke, beraz, prozesua azkartzeko?

Urteak behar dira, esfortzu handia egin behar da hezkuntza eraldaketarako. Baina, era berean, haurrak azkar hazten dira, eta neronek ere pazientzia gutxi daukat. Horregatik, denbora asko itxaron behar baldin bada eskolak hezkuntza eredu eraldatzaile batera egokitu bitartean, egungo haurrek eskola utzia izango dute ordurako. Hori dela eta, diseinuak joka lezake paper garrantzitsu bat eraldaketa horretan, azkartu, bizkortu egin dezakeelako aldaketa hori.

Enpresa handietan ere lana egiteko modua eraldatu nahi denean, enpresaren diseinuan aldaketa handiak egiten dituzte, diseinu aldaketak langileengan eragiten duelako, beren jarreretan, beren inplikazioan eta beren lan egiteko moduan.

 
ikastola 224
2017 Ekaina
224